«Rapa mundu itxia da; orain zabaltzen ari da»

Pello  A. Zuazo / 2015-12-02 / 643 hitz

La Basu ezizenaz esaten diote rap munduan Elena Caballerori (Bilbo, 1983). Denbora batez geldirik egon den arren, aurten bakarlari gisa bueltatu da “Aire es vida” diskoarekin. Eskina Femenina proiektuaren arduraduna ere bada, eta Bazter Fest jaialdia antolatu du egunotan Bilbon. Sakoneko helburua: rapa egiten duten emakumezko artistak lagundu eta ikusgarri egitea.

La Basu: nondik ezizen hori?

Rapa egiten hasi nintzenekoa da. Kontzertu bat ikustera joan ginen, eta areto kanpoan jendea rapean ari zen. Ni zakarrontzi batera igo nintzen rapa kantatzera, eta istripu txiki bat izan nuen. Neskatotxo bat nintzen. Ordutik, inork ez nau deitzen nire benetako izenaz.

Emakumez soilik osaturiko lehenengo rap taldeetariko bat sortu zenuen Euskal Herrian?

Bai, 1999. urte inguruan. Jungla Urbana deitzen zen taldea; bost neska ginen. Kontzertu batzuk eman genituen, baina ez genuen diskorik kaleratu. 17-18 urte izango nituen. Bost horietatik nik bakarrik jarraitzen dut raparen kontu honetan.

Zein taldetan aritu izan zara?

Jungla Urbanaren ostean, Madrilgo neska batekin Cekateam taldea sortu nuen; kontzertu dezente eman genituen. Ordutik, gaixotasun bat dela eta, urte asko egon naiz agertokietatik kanpo. Aurten, bakarlari moduan bueltatu naiz, La Basu moduan, Aire es vida diskoarekin. Zazpiehun ale saldu dira jadanik.

Rapak badauka lekurik eta entzulerik Euskal Herrian?

Nire lehenengo kontzertua euskal rap talde batekin izan zen, Selektah Kolektiboarekin, Hernanin, duela urte asko. Nik, halere, gaztelaniaz abesten nuen. Rapa euskaraz egitea gauza arraroa zen. Gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez bai, baina euskaraz? Geldirik egon da kontua, baina duela bost urtetik hona talde pila bat atera da. Jendea konturatu da euskaraz abestuz beste leku batzuetara heldu gaitezkeela. Mundu itxia da berez, eta orain zabaltzen hasi da. Horretan, hizkuntzak ere asko laguntzen du.Rap

Zein da rapa egiten duten emakumeen egoera?

Oso gutxi gara. Ni hamar urte ibili naiz bakarrik. Hemen ez da inoiz egon rapa egiten duen emakumerik. Probatu dute batzuek, baina ez dute jarraitu. Duela hiru-lau urte jendea animatzen hasi da, baina oso astiro doa kontua. Raparen mundua matxismoz beteta dago. Tipo beltza autoan, eta, ondoan, emakumea bikinian. Horixe da kanpotik saldu diguten irudia. Ez baduzu gehiago ikertzen, hori da kontzeptua, eta kontzeptu hori apurtzea oso zaila da. Hitz gehienak ere bide horretatik doaz, eta kontzertu askotako jarrera ere horixe da. Bai hemen eta bai kanpoan. Rapa egiten dugun emakumeok beti ibili behar izaten dugu geure burua justifikatzen: nortzuk garen, nondik gatozen, noren lagun garen… curriculuma balitz bezala. Ezer gutxi aurreratu dugu. Halere, ni mutilekin rapean aritu izan naizenean, ez dut inolako arazorik izan.

Rap feministarik badago?

Feminismoa orain Euskal Herrian gogor dabil, eta emakume asko feminismotik atera dira rapa egitera. Ez da nire kasua: ni kaletik atera naiz. Emakumea izanda, feminismoaren inguruko mugimenduak bultzatzen ditut, noski, baina nire hitzek ez dute hitz egiten feminismoari buruz. Aurten Bartzelonako La Rima Hip Hop Fest jaialdian egon naiz, eta emakumezko rap abeslari feminista ugari ezagutzeko aukera izan dut. Rap feminista goraka doa; emakume asko ekarri ditu rap mundura.

Zeri buruz mintzo zara?

Rapa oso musika estilo borrokalaria da, aldarrikapen askokoa. Gertu ditudan gauzen inguruan hitz egiten dut; oso rap pertsonala da nirea. Pentsatzen ditudan gauzak defendatzen ditut. Diskoko lehen kanta Libre da; izan ere, niretzat musikan libre sentitzea garrantzitsua da. Kanta guztiak gaztelaniaz dira, beti gaztelaniaz idatzi izan dudalako; kanta bakarra dago euskaraz. Datorren urtean euskara hutsean disko bat argitaratzeko asmoa daukat. Erronka itzela da niretzat.

Eskina Femenina taldearen arduradun eta Bazter Fest jaialdiaren sortzaile ere bazara. Zer dira?

Gizonezkoen rapa edozein lekutan aurki daiteke, baina emakumeena ez. Konturatu ginen geure burua ikusgarri bihurtu behar genuela, eta emakumezko erreferenteak behar ditugula. Facebooken emakumezko rap kantarien bideoak igotzen hasi ginen, emakumea izanda ere rapa egitea posible dela erakusteko. Bi urte daramatzagu Eskina Femenina proiektuarekin. Idazketa tailerrak egiten ditugu, Irola irratian ibiltzen gara Emarock proiektuarekin, hedapena eta laguntza ematen diegu rapa egiten duten emakumeei… Gure xedea rapa emakumeen kontua ere badela erakustea da. Jendeak gure mundu arraro hori ezagutzeko jaialdia da Bazter Fest. Ematen du askori izua eragiten diola eta!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude