Mikel Garcia Idiakez / 2016-01-26 / 208 hitz
Joan den azarotik 49 errefuxiatu dituzte Baigorrin. “Herrian denak ez ziren ados ongietorriarekin”, onartu du Jean-Michel Coscarat auzapezak, “pixka bat beldurrarekin ziren”. Hiru hilabetetan, ordea, ikuspuntua aldatu dute.
1.600 biztanle inguru ditu Nafarroa Behereko herriak, eta Kenia, Sudan, Eritrea eta Afganistango bizilagun berriak hartu aurretik, herritarrak zalantzati zeudela adierazi dio auzapezak Euskadi Irratiari, besteak beste iritsi berri guztiak gizonezkoak zirelako, eta ez familiak. Baina Coscaraten hitzetan, dena “biziki ontsa” joan da eta guztiek konprenitu dute herriarentzat “ongietorri hura gauza ederra izan dela”.
Elkartasuna handia izan da, azpimarratu du auzapezak, Baigorriko eta inguruetako jende ugarik lagundu baitu. Adibidez, komunikazioa errazteko frantses ikastaroak eman dizkiete, eta aisialdian mendi txangoak edota futbol partiduak ere antolatu dituzte.
Agur-festa, hilaren 31n
Errefuxiatuak otsaila erdialderako joango dira Baigorritik, orain bizileku duten atsedenaldi zentroa ordurako itxi behar dutelako. Igande honetan, agur festa egingo dute herrian, Plaza xoko gelan: bazkaria, animazioa, kultur ekintzak… izango dira. Inguruko herrietatik ere bertaratuko da jendea, eta egun osoko egitarauan, guztiek parte hartzea da asmoa, bertan jaioa izan edo ez, “denak nahasi gaitezkeela erakutsi nahi baitugu”.
Baigorri utzi ostean, errefuxiatu gehienak inguruan geratuko direla uste du Coscaratek. “Kostaldean, Angelun-eta, badira tokiak, eta ez dira urrunera joanen. Gero lana atzeman nahiko dute, eta emeki-emeki bizimodua egin ahal izango dute hemen”.