Ordua, lau euro eta erdi

Malen Aldalur / 2016-01-25 / 240 hitz

Umea zaindu eta etxeko lanak egitearen truke, ordua, lau euro eta erdi eskaini zioten orain gutxi lagun bati. Ordaindu gabeko lanak etengabe egiten ditugun hiruzpalau lagunek, irmo esan genion, baldintzak onartezinak zirela. Tabernako lana utzi berri du beste adiskide batek “berean” lana irten zaiola-eta. Ingeniari bezala hasiko da, hilean 300 euro gutxiagoren truke. Txalotu genuen erabakia: “aukera ona izan daiteke muturra sartzeko”.

Praktikak, bekak, froga-aldiak… kasik hogeita hamar urte eta oraindik soldata duinik gabe (uler bedi: SOLADATA DUINIK GABE). Mileurista izatea luxu bihurtu dugun jendarte batean geure lanari (geure buruari) merezitako balioa ematea ez da erraza.

Ekintzaileak izan behar duzue, gauza berriak asmatu, ahal bezain beste tokitan muturra sartu, mugitu, ikasi, onartu, isildu, makurtu. Gazteok ez omen gara autonomoak, independenteak. Noski, gazte izateagatik irensten ditugun “kontratu ustekoek” ez dute emantzipazioan asko laguntzen. Ezkerreko eskuarekin gurasoen poltsikoari helduta (beti ere, gurasoen maila ekonomikoak ahalbidetzen badu), eta eskuinekoarekin prekarietateari ihesi (ulertu bedi: PREKARIETATEARI IHESI).

Ordua, lau euro eta erdi. Edozer, edonola, edonoiz onartzera behartu nahi gaituen merkatu logika batean harrapatu gaituzte, aukeratzeko gaitasunak ezereztu dizkigute eta emandakoa irenstera derrigortu. Lehia, lehia eta lehia. Irabazteko hezi gintuzten, eta ahaztu egin zitzaien zer irabaziko genuen esatea. Orain, tarteka bakarrik ohartzen gara lagun eta ezagunen erradiografia prekarizatua egitean, zein gutxi balio duten batzuen lanek, orduek, abileziek. Ordua, lau euro eta erdi; noski, gizarte segurantzarik gabe, kontraturik gabe. Gero, kanpora bidali nahi gaitu Gibelalde jaunak, baina ez da harritzekoa batek baino gehiagok ospa egitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.