Zakutik ez bada, zorrotik

Nora Arbelbide Lete / 2016-01-19 / 987 hitz

Erabilera bakarreko plastikozko poltsen debekua martxan da Ipar Euskal Herrian, nahiz oraindik hiru hilabete dauden legea betearazteko; zigorrak ere orduan zehaztuko dituzte. Hego Euskal Herrian, debekurik ez da martxan oraindik; dena den, poltsaren alternatibak garatuz doaz bi aldeetan.

Barruan bere pisua baino 2.000 aldiz astunagoa dena atxiki eta garraiatzen ahal du plastikozko zorroak. Balentria ez du tipia. Arrakastaren oinarrietako bat. Supermerkatuak asmatzearekin sortu eta garatzen hasi zen plastikozko zorroa, 1960ko hamarkadan.

Edertasunaren gailur gisa aurkez daiteke eszena. American Beauty (1999, Sam Mendes) filmeko haizeak eragin poltsaren dantza lekuko. Edo alderantziz. Arinkeriaren paradoxaren sinbolo, gizarteak eragindako ingurumenaren hondamendiaren ikur ere bada plastikozko poltsa. Itsas bazterretan gehien biltzen duten zikina da poltsa, Surfrider fundazioak baieztaturik.

Horiek horrela, herrialde andana batean ari dira plastikozko poltsak debekatzen. Azkenetako bat Senegal izan da. Ipar Euskal Herrian, urtarrilean debekatzekoa zuten. Debekuaren neurri nagusia: erabilpen bakarreko plastikozko zakuak debekatzea ordain kutxetatik ateratzerakoan. Izan dadin supermerkatuetan zein saltegi txikietan, merkatuetan zein bestelakoetan. Iaz Europako Batasuneko herrialdeek elkarrekin izenpetutako hitzarmenaren haritik dator erabakia. Erabilpen bakarreko zakuen kopurua murriztea hitzartu zuten denek orduan. Horretarako, 2018tik aurrera ezingo dira plastikozko poltsarik doan eman.

Hori debekuraino bultzatzea zen hasierako ideia; azkenean, ordea, ñabardurekin dator Ipar Euskal Herrira legea. Hasteko, hiru hilabetez gibelatu dute legea betearaztea. Tarte hori Europako Batzordearekin negoziatzeko behar duela argudiatu du Frantziako Gobernuak. Legea ongi finkatzeko, behin betetzen hasi eta ez dadin etorri egokitzeko eskaerarik Batzordetik. Zigorrak zein heinetakoak izanen diren zehaztuko du ordurako, baita zenbait gai tekniko ere.

Erabilpen bakarreko hainbat poltsa erabili ahalko dira Ipar Euskal Herrian: etxean konpostagarri diren poltsa biodegradagarriak. Baina baimendu horien lodiera du zehaztekoa orain Frantziako Gobernuak. Batzordeak orobat eskatu dio zehaztea zer den «etxean konpostagarri izatea». Gai organikoak zenbatekoa izan behar duen poltsa bakoitzeko. Ez dira, haatik, oxo-zatigarriak izaten ahal. Horiek debekatu ditu legeak.

Bertzelakoa da Hego Euskal Herriko egoera. Ez dago debekurik, baina hainbat neurri hartzen hasiak dira. Saltoki bat baino gehiago daude poltsen ordainketa martxan dutenak. Eroskik, adibidez, 2009tik proposatu du hori. 2012tik, ohialezkoa dute poltsa. Irabaziak elikagai bankuari, Unicefi eta gisa bereko elkarteei ematen dizkietela adierazi du enpresak. «Dendek ez badute negoziorik egiten poltsen kontuarekin, bide egokia izan daiteke erosleek kontzientziazio ariketa bat egin dezaten», esan du Iratxe kontsumitzaileen elkarteko Alberto Lazkozek. Ipar Euskal Herrian ere, 2006ko lege batek jada bultzatzen zituen dendak ordaindu beharreko poltsak proposatzera. Eta, geroztik, erabilpen bakarreko zakurik ez dute eskaintzen askok.

Adibidea da Angeluko BAB2 merkataritza zentroko Carrefour supermerkatua. Zorro berrerabilgarriak ditu bakarrik kutxetan. Baikorki aipatu du orduko erabakia Francis Trevisan supermerkatuko zuzendariak: «Nork ez dauka orain bere autoan zaku berrerabilgarririk?». Halere, aitortu du oraindik badirela zaku horiek behin eta berriz erosten dituztenak. Bera horietako bat dela aitortu du. Supermerkatuek poltsekin zenbateko irabaziak dituzten eta horiekin zer egiten duten ez du zehaztu, haatik.

Plastikozko poltsen erabilera jaisten ari da oro har Euskal Herri osoan. Ez hainbeste 20 eta 40 urte bitarteko erosleen artean, ordea. Kontsumitzaileen elkarteko Lazkozen ustez, denborak asko eragin dezake. «Gazteok presa handiagoa izaten dugu, eta askotan azkenera arte ez dakigu dendara joanen garen edo ez. Ez dut uste kontzientziazio arazoa denik, planifikazio faltarena baizik».

Erabilera, jausten

Carrefourreko buruaren kezka nagusia 2017ko urtarrileko debekua da. Orduan, izan ere, ordain kutxetatik kanpoko erabilpen bakarreko zakuak ere debekatuko dira Ipar Euskal Herrian. Hots, zehazki, supermerkatuen kasuan, fruitu eta barazkien apaletako plastikoak, eta, berdin, supermerkatu barneko arrain saltzailearenak. Erabilpen bakarrekoak badira, biodegradagarriak izan beharko dute, etxean konpostagarri direnak. Erosleei zer eskaini, hori ikertzen ari dela azaldu du Trevisanek. Paperezko poltsak edo beste, deus erabaki baino lehen, dekretuaren zain daudela gaineratu du.

Garrantzitsua zaio, halere, kontsumitzaileari uztea fruitu eta barazkien hautatzeko «askatasuna». Eta, beraz, ez zaio egingarri iruditzen aitzinetik plastifikatu kartoipeko barazki eta fruituak. Adibide hori eman badu ere, ez du aipatu ingurumenari eragindako kalterik.

Poltsez harago

Debeku bat ezartzean alternatibak proposatu behar direla, hori uste du kontsumitzaileen eledun Lazkozek. Baina baieztatu du hori «oraindik herren» dagoela Hego Euskal Herrian. Agian konponbidea ez dela horrenbeste poltsa biodegradagarriak erabiltzea, berrerabilgarrietara jotzea baizik.

Gogoeta horiekin bat egiten du Surfrider fundazioak: «Zerbait erosteko orduan plastikozko zaku bat zinez beharrezkoa ote den, hori ongi gogoetatzea da guretzat oinarria, arau guztien gainetik», argitu du Surfrider fundazioko Antidia Citoresek. Adibide zehatz hauekin ilustratu du jarrera: «Farmaziara joan eta aspirina erosten dugularik, plastikozko zakua zinez beharrezkoa ote dugu? Barazki apaletan, azalorearentzat eta gisa bereko barazki handientzat ere, zinez beharrezkoa ote?». Eta, poltsa bat behar delarik, berrerabilgarrietara jotzea dela egokiena deritzo honek ere. Poltsak egiteko lehengaiari dagokionez, gai organikozko zorroak ere ez direla zinezko alternatibak gaineratu du Citoresek. Iraupen luzeko zakuak, produktu kimiko eta urtatze gutxien eskatzen dituztenak ditu hobesten Surfrider-ek. Esan duenez, arto edo patata almidoizko poltsek, adibidez, ur asko eta gai kimiko anitz behar dituzte. Oihalezko zakuak hobestea aholkatzen du elkarteak. Eta, ahal bada, ez kotoizkoak.

Oro har, poltsatik haratago, paketatze modu guztietara zabaltzen da gaia, Hego Euskal Herrian hainbat herritako arrandegietan egiten hasi diren urratsak lekuko. Etxetik tuperra eraman eta arraina bertan sartzea proposatu dute zenbait dendarik. Hain zuzen, hori egiten da Berako (Nafarroa) Amaleun arrandegian, duela bospasei urtetik. «Gure ohiko bezeroei tuper handi bat oparitu genien, eta pixkanaka hori erabiltzeko gomendatu genien», azaldu du Ixiar Elortza arduradunak. Arraina erostean, plastiko ugari erabiltzen dira; lehenbizi paper plastifikatua jartzen da inguruan, eta hori plastikozko poltsa txiki batean sartzen da. Azkenik, poltsa handiago batean sartzen da arraina, gainerako erosketekin batera. «Alferrikako zaborra da hori. Zuzenean tuperrera pasatzean, ez da ezer zikintzen. Ez da zaborrik sortzen, eta ingurumena zaintzen da».

Lapurdin, berriz, ekoizpenak nahas-mahas, plastikoetan sartu gabeak saltzen dituzten saltegiak ugarituz doaz. Biologikoaren sailean ari diren zenbait, baina ez horiek bakarrik. Ontzi berrerabilgarriekin funtzionatzen dute. Etxetik ekarriekin eta bertan erosiekin. Horietako bat da Senpereko Euskal Vrak. Xaboi edo olioarentzat ere ontzi berrerabilgarriak proposatzen ditu.

Erabilera jaistea kontsumitzaileen kontzientziaziorekin lortuko dela uste du Citoresek. Baina Lazkozek esan du erantzukizuna ez dela mugatzen kontsumitzaileetara. Elikagai enpresetan, esaterako, ontzi andana erabiltzen dituzte, elikagai freskoak sartzeko. «Erabilpen bakarreko plastikoa kentzea baldin bada helburua, elikagai enpresek hori aintzat hartu beharko lukete. Oreka bilatu behar dugu; gure beharrak ase behar ditugu, baina ingurumena eta animaliak errespetatuta».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.