Baigorrikoak utziko duena

Nora Arbelbide Lete / 2016-02-14 / 1.000 hitz

Baigorrin antolatu behin-behineko atseden zentrotik joan dira jada 38 errefuxiatuak. Asilo politikoa lortzeko bidea abiaturik partitu dira, baita gehiagorekin ere. Hiru hilabetez harreman sakonak josi dira haien eta zentroko langileen zein bertaratu diren 80 laguntzaileen artean.

Orain arte hila bezala nintzen. Orain badakit bizirik naizela. Indartsuago naiz, badakit sostengua daukadala. Hemengo jendeak sostengatu nau», Mohammed Xamwari errefuxiatu afganiarraren hitzak dira horiek. Baigorri (Baxenabarre) eta «euskal populua» eskertu nahi ditu, jaso duenagatik. Hitz bakar batez laburbiltzen duena: «Errespetua». «Lehen aldia» dela hori sentitu duela Afganistandik partitu zenetik. Nahi luke Baigorrikoa adibidetzat hartua izan dadin: «Errefuxiatuak nola lagundu daitezkeen ikusteko. Errefuxiatuak humanoak direla ohartzeko. Pertsona normala naiz!».

Joan den igandekoak dira Xamwariren hitzok. Geroztik Pauen da. Baigorriko atseden lekutik joan behar izan du, zentroan ziren beste 37ek bezala. Hasieran agintariek agindu bezala, egonaldia hiru hilabetekoa baizik ez da izan. VVF zentroa berriz bakantza toki bihurtzekoa dute orain. Frantzia iparraldeko Calaisko «oihana» husteko ideiaren ondorioz heldu ziren Euskal Herrira. Calaistik Erresuma Batura doan tunelean han metatzen dira hara iritsi nahi duten iheslariak. Duintasun gabeko egoera batean utziak: 6.000 izateraino. Frantziako Gobernuak, «oihana husteko», tuneleko muga «erabat hetsi» zuela iragartzearekin batera —jende pilatzea areagotuz—, behin behineko «atseden zentroak» antolatzen hasi zela gaineratu zuen, urrian.

Calaistik egunero autobusak partitzen hasi ziren zentro horietara. Nahi zuenak har zezakeen autobusa, libreki. Zentrootan asilo politikoa eskatzeko prozesua abian jartzeko laguntza eskaintzekoa zieten. Ordainez, Erresuma Batuko ametsa bertan behera behar zuten utzi errefuxiatuek. Eta asiloa erdiesteko aukerarik ez zutenentzat, sorterrira bidaliak izateko arriskua hartu.

Euskal Herrian, Baigorriko Udala izan zen herriko VVFa atseden zentro bihurtzea onartu zuen bakarra. 49 ziren bertaratu hasiera batean; guztiak gizonak, 16 eta 37 urte artekoak. Kurdistan, Sudan, Eritrea, Iran, Irak, Niger, Siria eta Afganistandik joanak. Kasualitate osoz iritsi ziren Baigorrira. Orain, berriz, ez dirudi Baigorri ahanztekotan direnik. Zerbait pasatu baita Baigorrin.

Joan den osteguneko agurrak horren lekuko izan daitezke. Egun horretan sei ziren Baigorri utzi eta Paueko asilo eskatzaileen zentroko bidea hartzekoa zutenak. Laguntzaile, profesional, errefuxiatu, guztiak begi gorriekin. Besarkada tinkoak. Nahiz eta bat saiatu baikortzen egoera: «Irribarreak atxiki; hau ez da bukaera, beste etapa baten hasiera baizik!». Baigorrin doi bat ahantzi ahal izan duten geroaren beldurra berriz ere agertu zen errefuxiatuen begietan, ihes egin zuten errealitate gordinak harrapatu zituela. Partitzekotan zirenen artean, Kajer Gulh Maikhal afganiarrak bezperan jakin zuen bere lau haurretako bat hil ziola talibanek jaurti bonba batek. Andrea larriki zauritu zuela ere, eta beste lau hurbileko ere hil. Lur jota zen. Guztiak lur jota. Usaian hedabideetako berri hotz bat gelditzen den hori, aldi honetan, hunki zitekeen pertsona baten emozio zuzena zen bihurtua.

Aurreiritzietatik urrun

Harreman sakonak josi dira hiru hilabetez Baigorrin: «Harreman sinpleak baina biziki beroak. Aurreiritzietatik urrun», berretsi du zentroa gauzatzeko anitz egin duen Bernadette Mousques Baigorriko hautetsiak. Errefuxiatuak joaterakoan «hutsune handi» bat sentituko duela dio. Baina halere, kontent: Laguntzaile kopuruagatik, eta egin lan guztiagatik. Ekarri laguntza «ur xorta bat» bada ere, «ur xorta baikorra da».

Orotara 80 laguntzailetik gora dira hurbildu. Elikagai Bankutik, Sokorri Katolikoetatik, Gurutze Gorritik… edo besterik gabe, herritar gisa. Astero bost bat frantses irakasle aldizkatu dira. Eta egunero, dela bazkarirako laguntzeko, jokoan aritzeko edo beste, beti hurbildu da jende andana. Futbol partida, besta edo mendi ibilaldiak antolatu dira. Eta batzuetan, zigarretak erostea bezain ekimen sinpleak ere izan dira.

Maikhalen ezbeharra gertatu baino lehen bildu anekdota izan zen hau. Joan den igandean, Duzunaritzen (Baxenabarre) Maddi eta Jean-Michel Harluxeten etxaldean zegoen Maikhal, zentroko Basir Ahmadi lagun afganiarrarekin. Oilaskoa curryarekin prestatu zion afganiar erara Harluxet familiari, eskertzeko. Eta elkar ezagutu zuten, justuki, zigarreten Luzaideko bentetara eraman zituztelako. Geroztik izan da besterik. Jon Harluxet semearen etxaldea bisitarazi zieten, haiek galdeginik: «Loriatu ziren!», poztu da Maddi Harluxet. Ahmadik Harluxet bere amama deitzen du. Ahmadik ez daki frantsesez. Harluxetek ez daki paxtuera hizkuntza. Baina bada beste hizkuntzarik ere. Harluxetek Ahmadi iloba bezala du. Gogotik ezin kenduak ditu Ahmadik herrian utzi bizi dorpea, familia. Beren pena bere egina du. Ahmadiren aldetik, amama batek ekar dezakeen maitasun keinu horiek atsegin dituela ageri du.

Laguntza ematea naturala da Harluxet familiarentzat. Garrantzitsua zaie arrazakeriaren kontra ere badela zer egin erakustea: «Nik ikusiak ditut hemengo jendeak Waltari trinketean pilotan ari delarik… Ez dute erraiten Waltari edo Agusti. Ez. Diotena da: ‘Beltza ari delarik, ez gaituk heldu’», damutzen da Jean-Michel Harluxet. Hark, berriz, Peter Abrahams Hegoafrikako idazlearen Mine Boy (1946) liburua du erreferentziatzat. Frantsesezko bertsioko izenburua Gorria da beltzen odola duela: «Haien odola ere gurea bezalakoa da».

Errefuxiatuak laguntzeaz gain, laguntzaileei berei anitz ekarri dietela dio, bere aldetik, Aurelie Bredak. Hor dute bazkarira gonbidatua, itzulpen lanak laguntzen. Baigorrin bizi den erizaina da. Aita Italiatik ihesi iritsi zela, errefuxiatuen gaiak barne-barnetik hunkitzen duela eta, garrantzitsua izan zaio laguntzea. Ingelesa menperatzen duenez, zertan lagun zezakeen ikustera joan zen zentroan antolatu lehen bilkurara. Geroztik astero joan da. Beti izan da nola lagundu. Eta laster, gainera, hara joateko «gogoa» sentitu du.

Halere, ez daki ekimenetik kanpo gelditu diren herritarrei zerbait utziko duenik esperientziak. Espero du ideiak inarrosi dituela. «Nihaurek, arabiarrak aipatzen zitzaizkidalarik, mapan borobil bat egiten nuen, eta denak hor sartzen. Hori kontatu dietelarik, ‘gu ez gara arabiarrak!’ ihardetsi didate», gogoratu du irriz Bredak.

Etxeetan ibiltzen da erizain gisa. Etxe zenbaitzuetan kritikak entzun ditu. Batzuetan ez zen ausartzen ere laguntzaile zela erratera. Hasiera batean, denak gizonak izatea zuten problema kritikariek: «30 familia izan balira ezberdina izan zitekeen». Non dauden emazteak, non dauden haurrak galdezka aritu zitzaizkion. Denborarekin kritikak eztitu ziren. Zentrora joaten zela erratera ere ausartu zen Breda bera. Galderak pausatzen hasi zitzaizkion, eta batzuetan urrikalmendu bat nabarmentzen zien.

Espero du errefuxiatuen ideiak ere aldarazten lagundu dituela: «Haiek ere badituzte aurreiritziak», gogoratu du: «Adibidez, batek nire adina galdegin, eta ohartu delarik ez naizela ezkondua eta ez dudala haurrik, ez du ulertu. Esplikatu behar zaie hemen hautua badela». Bredak gogoan du errefuxiatu batek kontatu ziola bere emaztea lehen aldiz ezkontza egunean ikusi zuela zapirik gabe. Emazteekin ez direla libreki mintzatzen ahal azaldu zion. Hemen, berriz, alderantzizkoa dela eta, horretara usatu behar, beti Bredaren iritziz: «Horrelakoak azaltzeko aukera izan da atsedenaldia. Bat batean libertate andana bat eskura dituzte, agian gehiegi hain laster. Esplikatu beharra zaie». Dena dela, Jean Michel Harluxetek argi du: «Baigorriko ekintza gaitza izan da. Behar zen egin».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.