Hodei Egiluz

Garbiñe Ubeda / 2016-02-21 / 166 hitz

Bi urte eta erdi eman ditu desagertuak bizirik, ezagutu zutenen eta maitatu zutenen gogo-bihotzean. Ez dagoelako beste aukerarik, ez dagoelako beste aterik desagertzeari aurre egiteko, bizitzaren arrastoari jarraitzea ez bada. Desagertzea hitz zirkunstantziala besterik ez delako, behin-behineko deitura, ordezko ordain itsusia, egoerari definizio zehatza aurkitu artean; eta zehaztasun gabezia horrek baduelako beti indar ahaltsu eta ekidinezin bat, denik eta ederrena, muinetik tiraka: itxaropena. Bizitzari lotzen gaituen motorra. Pentsamendu logiko ororen aurka izango bada ere, gailentzeko zirrikitua nonahi eta salbuespenik gabe aurkitzeko bidea egingo duena.

Desagertzea heriotza bilakatu da, esperantzaren hobi, eta hitz egokiak nahi genituzke, eredu eztigarri bat, jokaera zuzen eta lagungarria erakutsi, trantze latz hau pasa behar duenari samina samurtzeko. Hura hezur-mamitan ezagutu ez genuenok ere geure egin genuelako bizitzaren aldeko apustua, senide eta lagunen izenean, geu ere guraso garen heinean.

Hitzez adierazi ezin dena baina halaber isilik gordetzerik ez dagoena espresatzen omen du musikak. Eta beharbada horixe da honezkero mutila: haizeak iparretik jotzean astinduko duen doinua, maitagarri eta bizia.

Hodei Egiluz. Beti gogoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude