Neska gazteok iraultzarako prest! #Martxoak8

ernaigazte / 2016-03-08 / 354 hitz

Emakume langileon nazioarteko eguna dugu martxoaren 8a. Langile esplotatuak, zapalduak. Besteak beste, emakumeon esplotazioan oinarritzen baita sistema kapitalista eta patriarkarra. Hamaika ertz dituen esplotazioa, emakumeon erabaki ahalmenaz desjabetzen gaituena. Gure gorputzen, lanaren, jarreren eta izateko moduaren gaineko erabakiak inposatzen dizkiguna, gizonak pribilegiatuak diren mundu honek etenik izan ez dezan eraikia.

Egungo sistema kapitalista patriarkala emakumeok behartuta egiten ditugun lanei esker mantentzen da bizirik. Emakumeok isilean, ezkutuan, baldintza txarretan edota dohain egiten ditugu lan hauek. Hauxe da sistemak bizirauteko duen sekretua. Isilpeko lan honek, ordea, ikusezina izaten jarraitzeko kirats handiegia dauka. Itzaletik atera eta kalearen erdian jarri beharra dugu, lotzen gaituzten kateak apurtzeko.

Neska gazteon emantzipazioa oztopatzen du sistema kapitalista patriarkarrak, ederki dakigu neska gazte eta prekarioa izateak dakarren zapalkuntzak ze aurpegi dituen. Hezkuntza sistemak lan erreproduktiboei lotutako ikasketetara bideratzen gaitu, sektore prekarizatuenera hain zuzen. Gazteon artean langabezia eta behin behineko kontratuak nagusi diren honetan, neska gazteon egoera oraindik eta latzagoa da. Gazte langabezia %36koa da eta lanaldi partzialaren %80a emakumeok betetzen dugu.

Goiz hasten gara neskok lanean: umeak zaintzen, udan tabernari, arropa dendetako beherapen kanpainetan… Lan baldintza gogorrak jasatera behartzen gaituzte, eta lanpostuen suntsiketa sistematikoa ematen den sektoreetan (lan erreproduktiboenean edo administrazioan, esaterako) gehiengoa gara. Azken finean, gure bizitzen jabe izateko aukera lapurtzen digute.

Sistemak prekarietatera kondenatzen gaitu. Baina prekarietatea ez da soilik lan eremura mugatzen, gure bizitzako esparru guztietan ezegonkortasuna sortzen baitu. Prekarietatea lanean, etxean, lagunartean zein militantzian zaintzaile papera izatea da. Zoriontasun eta gorputz perfektuaren bila ibiltzera behartuak, lanaldi bikoitz honen ostean guretzako denborarik ez dugu izaten, maitasun eredu kapitalistaren ondorioz bikotekiderik gabe etxebizitza edo diru-laguntzak eskuratzeko zailtasunak ditugu. Guzti honek gure erabakitze ahalmena lapurtu eta neska gazteon emantzipaziorako bidea moztu egiten du.

Egoera jasanezin honen aurrean ezinbestekoa da neska gazteok iraultza egitea, egunez egun, aldaketa txiki askok aldaketa handiagoa dakarrelako. Iraultza hori erreala eta erradikala izateko, feminista izan behar da. Bizitza erdigunean kokatu eta botere harreman zapaltzaileak dinamitatu behar ditugu, balio kategoriak eraldatuz, generoen gainetik pertsonez hitz egitera salto egiteko.

Neska gazteok sistema kapitalista patriarkarra suntsitzeko prest gaude, iraultzarako prest. Horregatik, martxoaren 8an kalera irtengo gara eta apirilaren 9an ere Gasteizen egingo den eraso matxisten kontrako manifestazioan izango gara. Gora borroka feminista!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude