‘Clown’ eta beltz izatea

Lander Muñagorri Garmendia / 2016-04-28 / 846 hitz

Europan taulara igo zen lehen ‘clown’ beltza izan zen Rafael Padilla. Chocolat gisa egin zen ezagun XX. mende hasierako Parisen, baina porrota ezagutu zuen. Ikuskizun arrazista egiten zuela leporatu zioten.

Biak ezagutu zituen: arrakasta eta porrota. Eta porrotak jota hil zen, ahaztua. Ia mende bat igaro da Chocolat clown-a —Rafael Padilla izenez (Habana, Kuba, 1868 – Bordele, Okzitania, 1917)— lurperatu zutela, eta hil zenean bezala, ahanzturan egon da hamarkadaz hamarkada. 2013. urtera arte. Gerard Noiriel historialariak Chocolat, clown nègre: l’histoire oubliée du premier artiste noir de la scène française (Chocolat, clown beltza: Frantziako eszenako lehen artista beltzaren historia ahaztua) liburua argitaratu zuen. Horrela, Europako antzezlekuetara igo zen lehen clown beltzaren historia berreskuratu zuen. Ahanzturatik berreskuratuta, Chocolaten bizipenak bildu dituen Chocolat filma ikusi ahal izan da Ipar Euskal Herriko zinemetan otsailean, eta bihar estreinatuko da Hegoaldean.

Hain zuzen, bere lehen ikuskizunak Bilbon eskaini zituen, eta han ikusi ahal izango da clown-aren inguruko filma. Bizitza gorabeheratsua izan zuen Rafaelek. Abizenik gabe jaio zen Kuba kolonialean, esklabo. Ihes egitea lortu zuen, eta itsasontzi batean ezkutuko bidaiari gisa sartu zen nora zihoan jakin gabe. Bilbora iritsi zen, eta lanean aritu zen kaian eta meategietan. Martzana kaian lanean ari zela, Tony Grice clown-arekin topo egin zuen, eta hark emanaldi batean laguntzea eskaini zion. Bi aldiz pentsatu gabe, onartu egin zuen proposamena. 1885. urtea zen, eta Griceri gaztearen emanaldia gustatu zitzaion. Hainbeste, berarekin eraman zuen Londresera. Baina lehen urratsak Bilbon egin zituen. Horregatik, iazko urtarrilean clown-aren omenezko plaka bat jarri zuten Martzana kaian, eta Kalao arte galeriak haren omenezko erakusketa bat jarri zuen.

Chocolaten ibilbidea ez baitzen bertan amaitu. Are ezagunago bihurtu baitzen aurrerantzean. Londrestik Parisera joan zen, eta han izar bihurtu zen. Bakarka hasi zen, eta Parisko Le Nouveau Cirque de Montmartren ere aritu zen. Berehala eskaini zuen bere saio propioa: La nocce de Chocolat (Chocolaten neska-laguna). Eta ezizen horrekin egin zen ezagun. Ordutik haren abizena izan zen hori. Edozein modutan, goia jotzeko zuen oraindik: Footit clown-ak berekin aritzeko gonbita egin zion, eta sekulako arrakasta lortu zuten biek elkarrekin. Parisko antzoki garrantzitsuenetako agertokietara igo ziren, eta garai hartako artista ezagunen jopuntuan ere egon ziren. Lumiere anaien kamera paretik igaro zen bikotea, eta euren umorea betirako erregistratuta geratu zen hamar esketxetan. Ez hori bakarrik, Toulouse-Lautrec artistarentzako modelo lanak ere egin zituen Chocolatek.

Baina, 1910. urtean, arrazakeriaren inguruko kezkak gora egin zuen Frantzian, eta horrek Chocolat eta Footitek osatzen zuen bikoteari eragin zion zuzenean. Hain zuzen, euren ikuskizunean beltza beti irrigarri geratzen zen, eta kolpatua izaten zen. Orduko kronikek gogor kritikatu zuten ordura arte goresten zutena, eta ikuskizunak arrazakeria kutsua zuela aurpegiratu zioten. Bikotea desegin, eta lanik gabe geratu zen Chocolat. Oparotasunean bizi ostean, miserian bizi izan zen clown kubatarra, harik eta 1917. urtean hil zen arte. Ordurako zazpi urte zeramatzan taula batera igo barik, eta ahanzturan hil zen.

‘Clown’-aren muga lausoa

Iraganean barre eragiteko saioa zena geroan kritikarako gai bihurtu zen, beraz. Chocolatek eta Footitek eskaintzen zuten ikuskizunak bietatik jaso zuen, eta arrakastatik porrotera dagoen muga lausoa agerian uzten du adibide horrek. Hala azaldu du Pablo Ibarluzea clown eta Yindeyan konpainiaren sortzaileak, horren inguruan hausnarketa egitean: «Dena da hain labainkorra… Zuzentasunaren eta okerraren arteko muga oso lausoa da, eta denok dauzkagu muga ezberdinak». Ez du uste egokiena denik Chocolaten eta Footiten ikuskizunari gertatu zitzaionari gaurko begiekin begiratzea, «ongia eta gaizkiaren inguruko pertzepzioa modaka doalako, eta gauzak zergatik egiten diren jakin behar izaten da». Eta, hain justu ere, clown-aren lana bien artean dantzan aritzea dela azaldu du.

Edozein modutan, euren garaiko gizarteak arrazaren inguruan zeukan ikuspegia aldatu egin zuen, eta bikoteak ez zuen jakin testuinguru berrira egokitzen. «Zuzena eta hain zuzena ez denaren arteko muga ikusleek zehazten dutelako», Gorka Ganso clown-aren arabera. Eta Ibarluzeak adibidea jarri du: «Martes y 13 bikoteak arrakasta handia izan zuen senarrak jipoitzen duen emaztearen inguruan egindako esketx batekin. Gaur egun hori ez zen onartuko, baina egia da egileak sortzen duena hutsetik planteatu behar duela». Edozein modutan, «mugak eta clown-ak ez datoz bat», Gansoren arabera. «Pailazoak gizartearen sekulako kritika egin dezake, eta jendeak gaizki har dezake».

Hizkuntza labainkorra dela diote biek. Baina clown-a aktorearen beraren barrenetik ateratzen den norbait dela ere garbi diote. Ibarluzeak dio «norberaren lotsak» azaleratzeko baliabide egoki bat dela, parean duen ikusleak askotan bere propio sentitzen dituelako. «Geure burua pailazoarengan ikusten dugu, eta momentu horretan jabetzen gara zeinen tentelak garen». Baina hizkuntza horrek aktorearen baitatik atera behar du, haren ustez. Eta, horretarako, bakoitzak dituen akatsak azaleratzea ere garrantzitsua da, Gansoren arabera. «Bakoitzak bere akats edo bereizgarriak bilatuta sortzen du pertsonaia». Kasu honetan, Chocolatek azal beltza zeukan, eta horrek egiten zuen berezi clown-en artean. Horregatik bihurtu zen ezagun.

Bistan da: clown-ek polemikarako gaitasun horri eusten diote, eta adibide modura jarri dute biek Madrilgo txotxongilolarien kasua. Baina, Gansoren ustez, historian zehar izan zezaketen eragin hori apalduz joan da. «Antzerkian aritzen ziren aktoreak gehiago baloratzen ziren, eta arrakasta handiagoa zeukaten. Begira Charles Chaplinen kasua, hilabetean film pila bat egiten zituen». Egun, ordea, euskarri ezberdinak daude, eta «komedianteek, irria eragiteko funtzioa izateaz gain, egia esatekoa ere barneratuta daukate. Horregatik, clown-ak zenbat eta urrunago egon, hobeto daude batzuentzat». Garrantzi bera dute oraindik ere, hala ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.