Altxorra, zorutik lau metrora

Pello A. Zuazo / 2016-05-25 / 804 hitz

70 labar pintura eta grabatutik gora aurkitu dituzte Berriatuko Atxurra koban, eta ziur daude gehiago ere aurkituko dituztela. Bizkaian ezagutzen den Paleolitoko irudi multzorik handiena da.

«Hau ez da kobazulo txiki bat: hau santutegi handi bat da. Bizkaian, Santimamiñeren ostean, ikerkuntzarik handiena da. Euskal Herrian ez dakit aztarnategi garrantzitsuena izango ote den, baina hortxe egongo da; Altxerri eta Erberuaren parean». Diego Garate ikerkuntza taldearen buruak zirrara handiz eman ditu aurkikuntzari buruzko xehetasunak. Berriatuko (Bizkaia) Atxurra leizean 70 pintura eta grabatu antzeman dituzte, hamalau paneletan banaturik. Zaldiak eta bisonteak dira gehienak, baina oreinak, ahuntzak, zezen basatiak eta oraindik zehaztu ezin izan dituzten bestelako animaliak ere badaude. «Bata bestearen gainean daude figuretariko asko; hortaz, oso zaila da irudiak deszifratzea. Animalien hankak eta buruak daude leku guztietan. Batzuk oso markatuta daude, baina beste batzuk ez dira ia ikusten». 14.000 urte inguruko irudiak dira, denak Madeleine aldikoak, Goi Paleolitoaren azken kulturetako batekoak.

Figura bat gailentzen da beste guztien artean: sabelean hogei lantzatik gora sartuta dauzkan bisonte bat. «Margolan hauek ehizaldiak irudikatzen dituzte. Normalean, bi edo hiru lantza izaten dituzte, ez hainbeste. Seguruenik, Europa guztian lantza gehien erabilita harrapatu duten bisontea da. Irudi hau ikono bat bihurtuko da», nabarmendu du Garatek. Horrez gain, badaude nahiko erraz antzeman daitezkeen bi zaldi ere, metro eta erditik gora neurtzen dutenak. Grabatuak dira, baina oso agerikoa da horien forma. Tamalez, horietako baten gainean J.M.N. letrak daude gainjarrita, noizbait norbaitek idatzita. «Segur aski, konturatu ere ez zen egin zaldiak hor zeudenik. Izan ere, figura horien bila espresuki ez bazoaz, zer bilatzen zabiltzan ez badakizu, eta ikusmena eginda ez badaukazu, oso zaila da hor daudela jabetzea».

Irudi gehienak nahiko ezkutuan daude, eta begiak ondo zabaldu behar dira grabatuen marrei jarraitzeko. Ikatzarekin egindako pigmentu beltz gehienak desagertu egin dira, eta urratuak baino ez dira gelditzen. Garatek adierazi duenez, kobako eremu gehienak ukitu gabe daude, eta zorua ez da ez zapaldua, ez astindua izan. Horrela, bada, justu grabatuen azpian grabatu horiek egiteko erabili izan ziren material arkeologikoen aztarnak ere aurkitu dituzte. Suharri xafla bat eta ikatz hondarrak, hain zuzen. «Argiztatzeko eta margotzeko erabiliko zituzten, beharbada. Leize honen potentzial artistikoa eta arkeologikoa itzela da. Testuinguruan jarri ahal izango dugu pintura horiek nola egin ziren».

Atxurra kobazuloa aski ezaguna da; Dimako (Bizkaia) Baltzolarekin batera, bisitatu zen lehen kobazuloetarikoa izan zen Bizkaian. 1934. eta 1935. urteetan, Jose Migel Barandiaran ibili zen han indusketak egiten, eta 2014an proiektu berri bat hasi zuen Garatek, hura berriro induskatzeko. Aipatu duenez, kobazulo luzea da, kilometro erdi baino luzeagoa. Eta irudiak 300 metroko sakoneran aurkitu dituzte, hainbat katuzulo eta estualdi igaro ondoren, eta zorutik lau metroko altueran. Oso ibilbide zaila eta arriskutsua egin behar izan dute margolanak eta grabatuak dauden erlaitzetaraino. «Eskalatu egin behar izan dugu; ibilbide normala eginez gero, ez da ezer ikusten. Ni neu koban behin baino gehiagotan egon naiz, baina inoiz ez zait burutik pasatu goiko erlaitz horietara igotzea. Horretarako, espeleologia talde batekin aritu gara».

Kobaren herena, ilunpetan

Gernikako ADES espeleologia taldearekin ibili dira barrunbea arakatzen. Egia esan, Iñaki Intxaurbe espeleologia taldeko kidea izan zen margolanak lehen aldiz ikusi zituena. «Antzinako mapetan agertzen ez zen gela batera sartu nintzen, eta linterna zehar argitan jarrita jabetu nintzen hormako irudiez. Oihuka hasi nintzen, adiskideei linternarekin seinaleak egiten, non nengoen ikus zezaten». Kontatu duenez, horrelako aurkikuntza bat egiterakoan «hiru fase» sentitzen dira: «Lehenik, pozaren pozaz, sinestu egiten duzu aurkikuntza egiazkoa dela; gero, zalantzan jartzen duzu pinturen benetakotasuna, eta, behar diren azterketa guztiak egin ondoren, orduan bai, erabat sinesten duzu aurkitu duzuna ikaragarria dela».

Lau bisitaldi baino ez dituzte egin haitzulo barnealdera. Eta egin duten kalkulua behetik jota egin dute. Seguru daude 70 irudi baino askoz gehiago topatuko dituztela; izan ere, leizearen herena ez dute oraindik ikuskatu. Azaldu dutenez, zaila da altuera eta zoko horietan lan egin ahal izatea, eta aldamioak jarriko dituzte, aurrerantzean seguruago ibiltzeko.

Irudiak babesteko asmoz, koba ez da jendearentzat irekiko, eta Bizkaiko Aldundiak hiru urteko proiektua jarriko du abian aztarnategia ondo ikertzeko. Tarte horretan, digitalizatu ere egingo dute haitzulo guztia, eta, 3D proiekzioen bidez, nahi duen orok koban sartzeko aukera izango du. Garatek eman du azalpena: «Aurkikuntza honek informazio ugari emango digu, gizarte horien artea hobeto ulertzeko, eta Kantauri aldearen eta Pirinioen arteko harremanak aztertzeko. Izan ere, gu mugan gaude, eta hemendik pasatu ziren denak».

Bizkaian, azken hamar urteetan, margolan paleolitikoak aurkitu dira hamaika leizetan (El Rincon, El Polvorin, Antoliña, Askondoa, Bolinkoba, Lumentxa, Morgota, Ondaro, Abittaga, Goikolau). Aurretik, hirutan ezagutzen ziren (Venta de La Perra, Santimamiñe, Arenaza). Eta Atxurrako honekin, jada hamabost leize margodun dira guztira. «Urte hauetan izugarrizko iraultza bat izan da kobazuloen ikerketan. Ez da kasualitatea: lan sistematiko bat izan da, azken hamar urteetan aurrera eraman duguna arkeologoek eta espeleologoak, eta emaitzak argi eta garbi ikusten dira. Duela lau urte, Askondoa kobazuloa erakusten egon ginen; duela hiru urte, Lumentxa, eta, orain, Atxurra. Oraingo hau, baina, oso berezia da».

Altxerriko (Gipuzkoa) aztarnategiak 101 irudi ditu, eta Erberuakoak (Nafarroa Beherea), 80. Kopuruaren aldetik, Atxurra hirugarrena da orain Euskal Herrian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude