Jaitsi lainotik

Igone Mariezkurrena / 2016/05 / 412 hitz

Edukiak online libreki mugitzearen zentzua nahiz onurak aspaldi ulertu eta berehala barneratu genituen gure bizitzetan eta sarean egin nahiz aritzeko moduetan. Eta zergatik ez offline? Zergatik ez ‘laino’tik espazio publikora jaitsi?

Halako zerbait pentsatuko zuen Aram Bartoll artista berlindarrak 2010ean New York hirian aurreneko bost Dead Dropak edo USBak instalatu zituenean. Orduko hartan Eyebeam studioan zebilen artista erresidente gisa, eta sei urteren buruan mundu osora zabaldu den joeraren lehen aleak erein zituen.

Hormetan porlanaz txertatutako USBak
“Artxiboak espazio publikoan partekatzeko offline sare anonimoa da Dead Drops. Edozein elika daiteke dagoeneko eskuragai dauden edukietatik edota hauek aberastu, eta jakina, baita nork bere auzoan edo hirian pieza berri bat edo gehiago instalatu ere (…) Lainoa muga gabe handitzen ari den garaiotan, artxibo lokaletatik ihes egiten duten dispositibo moderno eta eleganteak gero eta ugariagoak diren honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da informazio askatasuna eta hedapena zer ote den birplanteatzea. Dead Drop mugimendua aldaketarako bidea da! Aska ezazu zure informazioa eta zabaldu eremu publikora zementua baliatuta!”

Bartholl berak sinatutako manifestu horrek ezarri zituen mugimenduaren oinarriak eta jarduteko arauak: sarearen parte diren USBak ezin dira sarrera mugatua duten eraikin edo leku pribatuetan instalatu; ez da beharrezkoa piezak elkar sinkronizatzea, bakoitza berdingabea baita; ondo txertatutako Dead Drop batek soilik USB konektore arra utzi behar du agerian; eta artxiboak partekatzeko nahikoa da gure ordenagailua paretara hurbildu eta dispositiboa konektatzea. Dena dela, How to bideo bat ere badute ekoitzia, zalantza oro uxatzeko.

1.640 USB eta 12.031GB munduan zehar
Asko dira munduan barrena murruetan musika, literatura, marrazkiak… sormena… elkar trukatzen ari direnak, eta den-denak erregistratuta daude gainera. Izan ere, inork Dead Drop berri bat instalatzen duen bakoitzeko, mugimenduaren webguneko datu basera jo eta bertan zehazten ditu instalazio-data, Dead Drop berri horri emandako izena, helbide zehatza eta tamaina edo GB kopurua, besteak beste. Tweet eta iruzkinen bitartez, bestalde, erabiltzaileak beraiek arduratzen dira puntu bakoitzaren egoera eguneratzeaz eta ale berriak iragartzeaz.

Erregistroak baditu jada 1.640 sarrera eta 12.031GB; webgunean etengabe aberasten ari den maparen arabera, gehienak Europan eta Ipar Amerikan metatzen dira, espero zitekeen bezala.

Batu gara!
Artikulu hau idazten hasi ginen unean, Euskal Herrian 2GBko lau dispositibo ageri ziren erregistratuta: hiru Bilbon eta bakar bat Zornotzan.
Erredakzio honetako kideoi ikaragarri gustatzen zaigu Dead Drop mugimenduaren filosofia; ideia originala eta bikaina iruditzen zaigu modu anonimoan baina espazio publiko-fisikoan edukiak igortzen, partekatzen, hartzen aritzea. Hortaz, gehiegi itxaron gabe, gure ekarpena egin dugu eta USB bat instalatu dugu Iruñean, baita Dead Drops webgunean erregistratu ere. Aram Bartoll sortzaileak egin bezala, geuk ere gure bideoa grabatu dugu. Erabilgarri izan dadila!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude