Euskaldunak dira sakelakoari gehien begiratzen dioten herritarrak

eitb.eus / 2016-08-02 / x hitz

Ikerketa baten arabera euskaldunak dira mugikorra gehien erabiltzen duten herritarrak. Gainera, elkarrizketatutako % 79,6k dio ezin izango lukeela sakelakorik gabe biziraun.

Egunero, euskaldunek 4,49 ordu igaro dituzte sakelako telefonoari begira, batez beste, Rastreator.com konpainiak egin duen ikerketa baten arabera. Hala, Espainiar estatuko beste Autonomia Erkidegoetako datuekin alderatuta, EAEko biztanleak izango lirateke erabilera handiena egiten dutenak. Era berean, herritarren % 26,9k bost ordu baino gehiago ematen ditu mugikorraren aurrean.

Alde horretatik, denbora igaro ahala gero eta euskaldun gehiagok erabiltzen dituzte mota horretako gailuak, eta, horretako askok, euren eguneroko bizitzan ezinbesteko tresnak bihurtu direla diote. Ikerketa horren emaitzen artean irakur daitekeen moduan, euskaldunen % 28k aitortu egin du sakelakoarekiko menpekotasuna duela. Gainera, elkarrizketatutako % 79,6k dio ezin izango lukeela mugikorrik gabe biziraun.

Datu horiek aztertuta, % 29k dio ezin izango lukeela egun osoa igaro sakelako telefonorik erabili gabe. Era berean, % 21,5ek azaldu du gehienez bost ordu igaro ahal dituela mugikorrari begiratu gabe.

Fernando Summers Rastreator.com atariko zuzendari exekutiboak azaldu duenez, “egunero erabiltzen den bitarteko bat bilakatu da sakelako telefonoa, eta herritar askok uneoro erabili behar dutela sentitzen dute”.

Bestalde, herritarren % 23,7k dio orduro hamar aldiz baino gehiagotan begiratzen diola mugikorrari. Hortaz, aurreko urteko ikerketaren emaitzen datuekin alderatuta, azken urtean % 3,5 jaitsi da kopuru hori. Hala ere, orduro hogei aldiz baino gehiagotan begiratzen dioten erabiltzaileen kopuruak gora egin du (% 18,3).

Horiek horrela, 18 eta 24 urte bitarteko gazteak dira mugikorra gehien erabiltzen dutenak, eta, batez beste, 6,8 ordu igaro dituzte sakelakoari begira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude