Maria Fernanda di Giacobbe, sukaldaria: «Nire ustez, euskal sukaldaritza femeninoa da»

Beñat Alberdi / 2016-09-09 / 474 hitz

Maria Fernanda Di Giacobberen (Caracas, Venezuela, 1964) azken urteetako lana saritu du Basque Culinary Centerrek. Atzo gauean eginiko galan jaso zuen saria, eta heziketa proiektu baterako erabiliko du dirua, kakaoa eta txokolatea eraldaketa tresna bihurtzeko. Proiektuz proiektu, bonboi venezuelarraren kontzeptua garatu du, eta, kakao indusketan oinarrituta, komunitateak sozialki eraldatu ditu. Ekoizleen artean «zubi lanak» eginez, bai produktuen kalitatea, bai ekoizpena hobetu ditu.

Sukaldari eta gozogintza familia batekoa, baina Artea eta Filosofia ikasitakoa unibertsitatean. «Ikasi sukaldari ez izateko» esaten omen zizuten. Aurkakoa egin behar izan al zenuen?

Noski. Gainera, anai-arrebak sukaldaritzara bultzatu ditut. Etxe gastronomiko batean jaio nintzen, eta, osagaiei buruz bakarrik hitz egiten genuenez, eta guztia janaria prestatzeko moduekin lotua zegoenez, ondorio normala da.

«Jende berritzailea eta sortzailea; ekinekoa; joera nagusiez at ibiltzen eta arriskuak hartzen ere badakiena, baina, batez ere, gizartearekin konprometitua». Profil hori daukaten pertsonak saritzen ditu World Prizek.

Badaukat halako erreboltari izaera bat. Baina, bereziki, asko amestu ohi dut, eta lortu arte loa kentzen dit ametsak.

Kakaoak Venezuelaren historia kontatzen duela diozue saritutako proiektuetan. Horren garrantzitsua izan al da ?

Kakaoagatik sortu zen Venezuela. Horrenbeste etekin lortzen zituzten espainiar kolonizatzaileek, paisaia guztia kakao sail bihurtu baitzuten. Kakaoak esklabotza ezagutu zuela diogu, baina aske egin gintuela. Izan ere, kolonizatzaile horien seme-alabek hautsi zuten harremana koroarekin, kakaoaren gaineko zergengatik. Independentzia gerra etorri zen gero.

Esan izan duzu emakumeek «sukaldariburu» titulua jasotzea nekezagoa dela beste herrialdeetan Venezuelan baino, sukaldea femeninoagoa delako han. Zein da sukaldaritza horien arteko aldea?

Emakume sukaldaritza ez da autore sukaldaritza, familia sukaldaritza da. Ez dago sukaldari izarrik, eta ezta sortzeko asmorik ere. Familiarentzako sukaldaritza bat da, maitasun sukaldaritza. Alde handia dago; adibidez, gizonezko sukaldari bat eta emakumezko sukaldari bat parez pare jarriz gero, mundua ikusteko bi modu izango dituzu. Emakumezko sukaldari batek osagaia entzungo du; gizonezkoak, menderatu, eraldatu. Nire ustez, euskal sukaldaritza goxoa da femeninoa delako; nahiz eta gizonezkoek janaria egin, etxekoandreen sukaldaritzatik dator.

Munduan zehar ibilitakoa zara. Zein da zuretzat platerik goxoena?

Osagaietan jartzen dut begia orain, eta gustukoena osagaia bera izaten dut: oliba olio on bat, almendra on bat… Bertako merkatuak bisitatzen ditut, eta erraz konektatzen dut bertakoekin, elikagai guztiak nondik datozen eta nola egiten gaituzten ulertuz. Donostiakoa enblematikoa izan da nire bizitzan. Kultura batek daukan indarra erakusten dizun merkatu bat da.

Zein platerek harritu zaitu gehien?

Kakaoak. Milaka erabilera dauzka osagai gisa, baina garrantzitsua da bestela ere: lurraldeari buruz hitz egiten duen elikagaia da, eta zati txiki askok osatzen dute haren osotasuna; kultura bat sortzen du.

Gustuko duzu euskal sukaldaritza?

Oso gogoko dut hona etortzea. Gogokoen dudana da ondo jaten duzuela toki guztietan. Berdin du kalean izan edo jatetxe batean. Oso emaitza gozoak ditu jaki bakoitzarekin erabili beharreko tenperaturak kontrolatzeko daukazuen maisutasunak, produktuak berak eta gatzaren erabilerak: produktuaren zaporerik onena lortu, haren zaporea errespetatuz.

Gozogintzakoak ez diren platerak prestatzen al dituzu?

Bai, gazia jaten dut egunero, noski. Baina gozogintza tradizio handia daukagu familian, eta horregatik bukatu dut eremu horretan lanean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude