“Zoritxarrez, agian hau ez da izango gay naizelako emango didaten azken jipoia”

Mikel Garcia Idiakez / 2016-09-12 / 495 hitz

“Azken urte honetan, mutilak gustuko izateagatik irain (gehiegi) nozitu ditut, eta neurri batean jasangarriak izan dira, baina hala ere oso mingarriak. Bart gertatu zitzaidanak imajina nezakeena gainditu zuen”. Eraso homofobo bortitza jasan duen mutil batek sare sozialetan kontatu eta salatu du bizitakoa. Izan ere, beldurraren gainetik gertatutakoak “indartsuago egiten nau”.

“Mutil batekin eta haren lagun batekin, neska batekin, nengoen, eta mutila eta biok elkar musukatzen ari ginen jendaurrean (badakit giro batzuetan, edo publiko aurrean, kontuz ibili beharra dagoela eta gehiago bizi naizen hirian, baina ongiegi ari nintzen pasatzen, horretaz arduratzeko). Urrutitik, ezagutzen dudan nazi bat marikoi deitzen eta gauzak esaten hasi zitzaigun. Berdin zitzaidan, ohituta nago. Bere taldearekin joango zela eta bakean utziko gintuela zirudien, baina musukatzen nengoen mutilaren lagunak ‘homofobia ez’ esan zuen; naziaren neska-laguna gerturatu eta iletik tiraka hasi zitzaion (…) Nirekin zegoen mutila neska hura apartatzen saiatu zen, eta nazia jotzen hasi zitzaion. Beldurra neukan. Inoiz ez dut nire burua defendatzen jakin, ez fisikoki, ez emozionalki. Banantzeko gerturatu nintzen, naziak lurrera bota zuelako eta ostikoak ematen ari zitzaiolako. Orduan, jotzen hasi zitzaidan”.

“Badakit ez zela gure errua izan, baina sentitzen nuela esaten nuen behin eta berriz”

“Aurpegian eman zidan. Oso azkar izan zen. Mina ez zen espero nuen bezain larria, ez ziren kolpeak min ematen zidatena, ezta lurrera bota eta niri ostikoka hasi izana, hil ez ziezadan burua babesten nuen bitartean (…) Lurrean negarrez ari nintzen, negarrez, dardarka, jotzen zidan bitartean, nekatu zen arte. Handik atera nintzen (…) Ingurukoek lagundu egin ziguten (…) Badakit jo ziezagutela ez zela gure errua izan. Berdin zait fatxen hiri batean bizi banaiz ere, jendaurrean mutil bat musukatu nahi badut egin egingo dut. Hala ere, sentitzen nuela esaten nuen behin eta berriz. Sentitzen nuela, ongi pasatzetik zauriak izatera igaro ginelako, gorroto krimen batengatik, norbaitek pentsatzen duelako bi mutilek elkarri musu ematea onartezina dela. Dena pasa ostean, poliziara joan eta nazi nazkagarri horren helbidea eman ostean (fatxez betetako nire ikastetxe ohian ikaskidea nuen), ospitalera joan ostean, etxera itzuli nintzen, pot eginda. Erasoaren okerrena ez zen izan jo nindutela, baizik eta ez nuela egoeraren kontrolik eduki, erabilia izan nintzela. Munduko sentsaziorik okerrena da”.

“Ez dut kalera atera eta hau berriz gertatzeko beldurra izan nahi”

“Oraintxe bertan, ezpaina hautsita daukat barrutik, eta buruko, masailezurreko eta bularreko mina daukat. Fisikoa ez den bularreko mina ere badaukat. Urduri nago. Ez dut kalera atera eta hau berriz gertatzeko beldurra izan nahi. Bananduta egon gaitezela nahi dute, ez dutelako ulertzen zergatik gauden elkarrekin (…) Ez naiz lehenengoa ez azkena, hau gertatuko zaiona. Zoritxarrez, agian hau ez da izango gay naizelako emango didaten azken jipoia (…) Gertatu da, eta ez naiz horregatik itotzen ari, ez nau hiltzen. Handiarazten nau, indartsuago egiten nau. Mota guztietako kolpe eta irainak jasan ditzaket. Benetan akabatuko nindukeena litzateke halakoek maite dudan norbaitengandik bananduko banindute. Zortea izan nuen, inguruko jendeagatik, nire gainetik kendu zutelako eta laguntza eskaini zidatelako. LGBT jendearen kontrako gorroto egun bat gehiago baino ez da izan (…) Hau idatzi bitartean entzuten ari naizen abestiaren hitzak hartuz, ‘zuri gertatzen zaizun arte, ez duzu jakingo nola sentitzen naizen’”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.