Filosofia Angela Davisekin

Ignazio Aiestaran / 2016-11-06 / 408 hitz

Estamentu politiko gorenetako norbaitek hezkuntza publikotik filosofia kentzea erabakitzen duen bakoitzean, Immanuel Kanten testu xelebre eta aztoragarria gogoratzen dut, non gomendatzen duen emakumeek ez dutela ez zientziarik, ez filosofiarik ikasi behar. Pentsalari honen aburuz, “sexu ederrak” [sic] ez zuen premiarik ez geometriarik, ez Newtonen fisika, ez monadarik, ez beharbesteko arrazoiaren printzipiorik ikasteko, gizonen adimena ez zeukatelako. Argudio-mota hauen aurrean, ordea, zioa irauli behar da: erronka nagusia ez da zergatik ikasi behar den filosofia –maiz justifikatzen den bezala–, baizik eta itauntzea zergatik erabakitzen duen norbaitek bertze batek ez duela pentsamendu-adar bat ikasi behar.

60ko hamarkadan Angela Davis ekintzaileak erabaki zuen filosofia ikasi eta Kant, Hegel eta Marxen ezagutzan sakondu nahi zuela, bere autobiografian kontatzen digun eran. Egun batean Herbert Marcuse filosofoari elkarrizketa eskatu zion, bibliografia galdatzeko eta berarekin Kanti buruzko mintegira joateko asmoz. Angela Davisen harridurarako, Marcusek egun hartan biltzeko aukera eman zion, eta filosofoak botatako lehen galdera honakoa izan zen: “Ziur zaude filosofia ikasi nahi duzula?”. Ordutik bion arteko ikasketa-harreman begirunetsua bermatu zen: gizon zuri europar zahar haren eta emakume beltz gazte afroamerikar komunista eta feminista haren artekoa, Frankfurteko Eskolaren jabegaiaren eta Botere Beltzaren adierazgarriaren arteko hori.

Zenbait hamarkada beranduago, Angela Davisek Marcuseren legatuari buruzko testu ederra izkiriatu zuen, non aitortzen duen gizon filosofo honen seta gogorra miresten zuela, ekin eta ekin, establishment edo aginteko estamentuaren hizkuntza-unibertsoaren aurka eta promes askatzaileen alde. Genero, arraza, klase eta kulturaren bitartez hizkuntza-politika hori teorizatzeko ahalegina izan da Davisen ikasketa handienetako bat harrezkeroztik. Hori dela-eta, historian zehar askapen bila filosofiaren eraldaketan, sorkuntzan edo suntsiketan parte hartu ezin izan duen edozein taldeko lagunari hezkuntza publikoan (sar)bidea baztertzen edota oztopatzen zaion bakoitzean, pentsamendu bakarraren monopolioaz haraindi hausnartzeko aukera kentzen zaio giza espezieari, eta jakin behar dugu pentsamolde bakar hori Marcusek kritikaturiko gizon/gizaki dimentsiobakar eta uniformatuaren hizkuntza dela. Hortaz, oihartzun baten modura, airean geratzen zaigu bere galdera: “Ziur zaude filosofia ikasi nahi duzula?”.

Koda. 1969an “Lectures on Liberation” izeneko ikasgaiak eman zituen Angela Davisek UCLA unibertsitatean, filosofiaren xedea zedarrituz:

My idea of philosophy is that if it is not relevant to human problems, if it does not tell us how we can go about eradicating some of the misery in this world, then it is not worth the name of philosophy. I think that Socrates made a very profound statement when he asserted that the raison d’etre of philosophy is to teach us proper living. In this day and age “proper living” means liberation from the urgent problems of poverty, economic necessity and indoctrination, mental oppression.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.