Skakeitan: “Arima biluzten dugu eszenatokian”

Ane Urrutikoetxea / 2016-11-28 / 1047 hitz

Disko berriarekin dator Skaketian: Galera. Urduri, ilusio handiz, eta berrikuntza askorekin, bederatzi kantuko lan berria aurkeztuko dute abenduaren 5ean, Plateruena Kafe Antzokian, Durangoko Azokaren baitan, gonbidatu bereziekin. Haiekin hitz egin dugu!

Nolakoak izan dira Skakeitanen azken hilabeteak?

Lanean ibili gera etengabe, udaran eman ditugun azken kontzertuak, grabaketaren prestakuntza eta grabaketa bera, ensaioak lokalean, disko fisikoaren formatua landu… Esan daiteke lehentasuna taldean jarri dugula azken hilabete hauetan behintzat.

Durangoko Azokan ‘Galera’ disko berria aurkezten ikusiko zaituztegu; zer moduz joan da lan berria sortzeko prozesua?

10 hilabetetan bizi izan degun prozesua izan da, oso intentsoa, batzutan nekagarria baina fruituak ematen hasita motibazioa igo zaigu. Alderantziz ere gertatu da, frustrantea zen inspiraziorik ez edukitzea egunen batean, baina burugogorrak garenez egun horiei buelta ematen jakin dugu. Julen, Borja eta nire artean ibili gara konposatzen eta oreka bat aurkitu degu kantak sortzerako orduan. Lokalean grabatu ditugu abestiak estudiora joan baino lehen, eta kantak birmoldatzeko eta hobeto fintzeko aukera eman digu horrek.

Ze altxor topatuko ditugu disko berrian?

Bederatzi abestiz osatutako disko bat da, horietatik badago bat, Gehiegi Amesteko, iaz kaleratu genuena single bezala Mauka Vol 1 errekopilatorioan. Gainontzeko zortzi kantak esan dudan bezala azken hamar hilabetetan konposatu ditugu, mimo handiz, bakoitzak bere zentzua ematen diona disko osoari eta elkar-esanahiak dituena beste kantekiko.

Doinu jamaikarrekin zatozte beste behin; noizbait egon al zarete Jamaikan?

Ez, gustura joango ginen batzuk. Baina momentuz oso gutxi atera gara Euskal Herriko eremuetatik. Internetek aukera ematen du munduko musika guztietara iristea, musika jamaikarrak urteak daramatza Europan bere eraginak zabaltzen, Erresuma Batuak eduki zuen bere garaiko jamaikar jatorriko migrazioei esker hein handi batean. Eta nik uste kultura horretatik atera ziren talde askok euskal musikari askotan kuajatu zutela, gaur arte, bakoitzari era ezberdinean. Elektronikan ere gaur egun pisuzkoa da kultura jamaikarra, karibearra edo afroa, eta guri bai atzokoak eta bai gaurkoak eragin izan digu konposaketetan.

Taldea 2008an jaio zen, eta ordutik etengabe eraldatzen ibili zarete: Nondik dator zuen estiloa?

Hasiera batean hirugarren ska olatutik zetozen taldeak izan ziren inspirazio iturri, Mad Caddies, Mr. Review bezelako taldeak, eta nabari daiteke garai horietan egiten genuen estiloan, baina beste estilotako taldeak jarraitzen genituen ere, punk, punk-rock, hardcore, reggae, dub eta ska klasikoagoa ere.

Zein da Skakeitanen arima? Eta ontziaren timonela?

Kide bakoitzak bere funtzioa dauka taldearen barruan, eta esango nuke ikusita beste funtzionatzeko era batzuk gurea nahiko horizontala dela, hala ere beti dago norbait gehiago tiratzen duena. Asko elkartzen gera diskutitzeko zeintzuk izan behar diren hartu beharreko norabideak, eta orokorrean adostasunean hartzen ditugu, beste batzuetan bozkatzera jo behar izan dugu.

Zuzenekoetatik, gaztetxeetatik eta herrietatik zatozte; lehen diskoa crowfounding bidez sortu zenuten. Zein da taldearen norabidea egun?

Kontzertuak ematen jarraitzea, gaztetxeetan izan daiteke, sala ezberdinetan, jaietan, festibaletan, irekita gaude kontzertuak ematera deitzen diguten tokietatik, beti ere baloratuko degu momentuan, baina hasiera batean hori da jarrera. Aurten Euskal Herritik kanpo ere egongo garelakoan nago. Diskoari dagokionez, gure kontu finantziatu degu, Crowdfunding-a finantziatzeko iturririk ez dagoenean erabiltzea zentzu gehiago dauka, horregatik ez dugu errepikatu formula berdina.

Lan profesionalagoa egin duzuela esan daiteke zuen azken diskoan; urduri al zaudete lana aurkezteko?

Bai zeharo, lan asko exijitu digun diskoa izan da hau, Orekariak-en lan bikoitza eskatu digu, horri lotu behar zaio estiloaren ildoa beste bide batzuetatik ere garatu dugula, hip hopak eta elektronikak presentzia handiagoa daukate, orduan inpazientzia puntu bat ere badaukagu nolako erreakzioa izango duenari begira. Hala ere, gure artean, lagunei, familia eta bikotekideen filtroetatik pasa dugu eta orokorrean sorpresa ona izan da. Horrek dexente lasaitu gaitu.

Hasieran mutil kuadrilla zineten, eta ondoren zuen taldera batu zen Olatz; zemuz bizi zenuten aldaketa?

Ilusio handiarekin egia esan, dena oso berria zen, hilabete gutxi ziren taldekide batzuek utzi zutela, eta horrek maila pertsonalean min egin zigun nahiz eta betiko lagunak izaten jarraitu. Olatzen sarrerak suposatu zuen ez genuela bakarrik teklista bat sartu taldean, horretaz gain, korista eta abeslari aparta sartu zen, eta gainera lagun bat. Inoiz ez degu baloratu taldean sartu behar zena gizonezkoa edo emakumezkoa izan behar zen, pertsonan fijatu izan gera beti, musikarian, eta lagunak garen heinean tratuak garrantzi handia dauka ere.

Skari erreferentzia egiten dio zuen izenak? Nondik sortu zenuten?

[Barreak] Egia esan izen ezberdinak planteatu genituen, baina ez genuen ematen gure gustuko izenarekin. Gau batean Alde Zaharretik gindoazela, Axiren lagun batek hitz joko bat asmatu zuen, gipuzkeratik egindako laburdura, skakeritan, skakeitan, ska egiten azken finean, hori zelako garai horretan jarraitzen genuen lerroa. Urteak pasata bere garaian planteatu izan dugu izena aldatzea, ulertzen genuelako ez zuela taldearen izaera ordezkatzen, baina alderantzizko prozesu bat da hau, agian egiten dugunarekin definituko dugu gure izena, skakeitan bezala jarraituz.

Eta zer adierazten du ‘Galera’ disko berriak?

Galtzailearen posizioa, hori zalantzan jartzea, zein toki daukagun zelai horretan, edonolako zapalkuntza jasotako kolektiboek; kalefakzioa ordaindu ezin duena soldata horrekin seme alabak eta etxea ezin duelako mantenitu, gauez etxera bueltan beldurra pasatzen duen emakumea emakume izateagatik, gazteak ezin sartu lan merkatuan eta sartzekotan baldintza fekaletan gure bizi proiektu propioak oztopatzen direla, instituzioetan gailentzen ari den korronte ultrakontserbakor xenofoboa gerretatik eskapatzen ari den jendeari harresi geroz eta handiagoekin erantzuten eta barrukoei formula zahar eta elitistak aplikatzen, bitartean komunikabideek interes berdinen defentsan. Honeri aurre egiteko alternatibak badaudela, behar direla, eta bide duin bat eraiki daitekeelaren aldarria da. Joku honen baldintzak zalantzan jartzen ditu galderak, horregatik kutxa behin eta berriz irekitzeko arrazoi bihurtzen da galera.

La Pegatina, Itziarren semeak, Vendetta, Ze esatek, Zea mays… Asko dira zuen kolaborazioa jaso duten taldeak. Nola bizi duzue egun Euskal Herriko panorama musikala? Non kokatzen duzue zuen burua?

Eszenatoki ezberdinetatik mugituta ikusi daiteke sekulako aniztasuna dagoela, 80garren hamarkadaren eragina duten taldeak, reggae estilo puroagoetatik ateratakoak, sound-systemak, rap taldeen gorakada azken urteetan, rock alternatibotik ere mugitzen diren taldeak eta elektronikaren presentzia agian txikiagoa. Gure estiloa askotan nahastu nahi izan dute festa giroarekin lotuta dauden beste talde batzuekin, baina egia esan oinarrian rock egiten duen taldea gara, haizeen sekzioa daukagu bai, baina rock oinarri horietatik beste estiloak jorratzen duen taldea gara.

Zein da Skakeitanen ‘etxeko marka’?

Zaila da definitzea batek duen hori ezta? Seguruenik jendeak hobeto definituko du, baina ziur nago elementu bat pasioa dela, hasteko eta hasi ginenetik musikak deitu izan digu beti, espresatzeko bide bezela eta beste errealitateak bizitzeko era bezela. Talde honekin izan degun aukera izan da, gustatzen zitzaiguna egiteko eta gure mezua zabaltzeko. Jarrera beste elementu bat da, eta horrekin arima biluzten dugu eszenatokian, benetazkoak gera, hori bai, behin eszenatokitik jaitsita betiko pertsona soilak bihurtzen gera, ez dugu ahazten nundik gatozen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude