“Normaltzat hartzen dugu andreen sexu esplotazioa”

Kattalin Barber / 2017-01-27 / 667 hitz

Emakumeen salerosketaren biktima izan zen Amelia Tiganus sorterrian (Galati, Errumania, 1984); atzean utzi du prostituzioa, eta, orain, ekintzaile aritzen da Munduko Medikuak elkartean eta feminicidio.net webgunean. Aukera bat eskatu du berak egindako urratsa egin nahi duten emakumeentzat.

Txostena egin, eta datuak jarri dituzue mahai gainean: Nafarroan 2.000 gizon joaten dira, egunean, prostituzioa kontsumitzera; eta 700 emakume inguru aritzen dira horretan lanean. Nola baloratu dituzue datuak?

Egia esan, gizonen zifrak harritu nau. Zifra apala iruditzen zait, eta ziur nago gizon gehiagok kontsumitzen dutela egunero prostituzioa. Nafarroan lan egiten duten zortzi emakume elkarrizketatu ditugu, eta horien bidez atera ditugu datuak eta batezbestekoak. Espainia da Europako prostituzio kontsumitzaile nagusia, eta 5.000 milioi euro mugitzen ditu egunero negozio horrek.

Nolakoa da kontsumitzaileen profila?

Ez da existitzen profil zehatzik. Gizonak direla da dakigun bakarra. Horretaz gain, azkenaldian gero eta gazte gehiago dira prostituten bezero. Ongi pasatzeko joaten dira, 20 euroren truke emakume baten gorputza lortu ahal dutelako. Larria da, hor entrenatzen direlako gaur egun gizartean gailentzen den sexu eredu patriarkalean. Uste dut gazteekin lan egin behar dugula, eta lehenbailehen berdintasunean hezi. Prostituta nintzenean, bezeroen artean ezkondutako gizonak ziren nagusi. Esaten zuten beren emazteek ez zutela sexurik nahi. Gizonek beren sexualitatea kuestionatu behar dute.

Zergatik uste duzu gertatu dela gorakada hori gazteen artean?

Industriaren marketinak zerikusia du, eta baita pornografiaren kontsumoak ere. Gero eta gehiago kontsumitzen da gaztetxoen artean. Sexuaren hutsalkeria eta maskulinitate patroi jakin bat gailendu da gizartean. Sexu asko eta emakume askorekin izaten baduzu, gizon hobea izanen zara. Mezu hori helarazten zaie gazteei.

Prostituzioan aritzen diren emakume asko salerosketaren biktima dira?

Emakume askok ez dute uste salerosketaren biktima direla, eta badira. Eta ez badira salerosketaren biktima, badira sexu indarkeriaren biktima. Prostituzioan aritzen diren emakume gehienak bortxatu egin dituzte, eta gehiegikeriak jasan dituzte gaztetan. Nire kasuan horrela izan zen; asko kostatu zitzaidan konturatzea horren biktima nintzela. Gure bizitzaren erantzule eta errudun egiten gaituzte, baina ez da horrela. Bestalde, emakume askok ez dute beste aukerarik lan egiteko, eta ahultasun egoeran daudelako sartzen dira mundu honetan. Baina prostitutak fabrikatu egiten dira.

Zer esan nahi duzu?

Prostituta izatea erabakitzen duten emakumeak badaude, baina gutxiengoa dira. Nire ustez, prostituzioan aritzen diren gehienek ez dute lanbidea aukeratzen: prostituten fabrikaren emaitza dira. Identitate hori eraikitzeko lanak egiten dituzte. Gazte-gaztetatik gertatzen da hori. Emakumea salgai gisa ikusten dute, gauza bihurtzen dute. Sexu indarkeria eta indarkeria ekonomikoaren biktima dira. Azkenean, sinisten dute ez dagoela besterik, eta halako bizitza merezi dutela. Hondoa jotzen dute.

Zuk orain dela ia hamar urte utzi zenuen prostituzioa. Nolakoa izan zen prozesua?

Prozesu luze eta gogorra izan da, baina pribilegiatua naiz. Ez bakarrik lana aurkitu dudalako, baizik eta ahaldundu naizelako: konturatu naiz gertatu zaidana ez dela nire errua izan, baizik eta mundu patriarkalaren ondorio bat izan dela. Ni bezala prostituziotik irten diren emakumeak ezagutzen ditut, baina isiltasunean eta beldurrean bizi dira. Orain, eskutitz asko jasotzen ditut, eta emakumeek kontatzen didate ez dutela benetako aukerarik mundu hori uzteko, ez zaiela laguntzarik eskaintzen. Ez dira gai uzteko, kanpoan ez dutelako aukerarik. Gobernua behartu behar dugu emakume horiei aukerak ematera. Bere zeregina da; babestu behar gaitu.

Zure esperientzia jendaurrean azaldu zenuen duela urtebete. Zergatik?

Nire bizitzako garai erabakigarria izan zen. Kontatu nahi nuen. Zergatik? Boterea neureganatu nuelako, eta zerbait egin behar nuela sentitu nuelako. Ikusi eta bizi izan dudan guztiarekin, ezin nintzen ezer egin gabe gelditu. Bizitza eta duintasuna berreskuratu ditut. Gizartea, isilik geratuta, industriaren laguntzaile da, eta ez du balio beste alde batera begiratzeak. Gure errepideak putetxez beteta daude, eta egunkari gehienek sexu iragarkiak dituzte. Emakumeen sexu esplotazioa normaltzat hartzen dugu. Horregatik egin nintzen feminicidio.net agerkariko eta Munduko Medikuak elkarteko kide. Emakumeen giza eskubideen defendatzaile sutsua naiz.

Feminismoaren barruan, prostituzioak eztabaida eragin du. Abolizionistak eta erregulazioaren aldekoak daude. Garrantzitsua da eztabaida?

Garrantzitsua da, baina iruditzen zait eztabaida antzu bilakatzen ari dela. Badakigu batzuk eta besteok ez dugula iritziz aldatuko, baina zergatik ez, bitartean, indarrak batu, eta bat egiten dugun lan ildoetan lanean jarri? Baditugu adostasunak. Uste dut bi aldeek argi dutela sexu esplotazioak eta salerosketak bertan behera gelditu behar dutela, eta prostituzioan egon nahi ez duten emakumeak lagundu behar ditugula. Urratsak egin ditzagun horretan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.