Opera Neon nabigatzaile esperimentala, nabigatzaileen mundua eraldatzeko asmoz

Sustatu.eus / 2017-01-17 / 401 hitz

Opera enpresak bere nabigatzaile berria aurkeztu zuen joan zen astean: Opera Neon. Ez da betiko Opera nabigatzailearen beste bertsio bat, baizik eta nabigatzaile esperimental edo kontzeptual bat, azken urteotan ohiko izan diren hainbat konturekin hautsi nahi izan duena eta zenbait berrikuntza interesgarri proposatzen dituena.

Zalantzarik ez azken 10-15 urteotan izugarri aldatu dela Interneteko mundua, baina beharbada nabigatzaileen artean ez da izan inolako iraultza handirik Chrome aurkeztu zenetik (2008an) edota fitxa bidezko nabigazioa sortu zenetik (eta lehenengo saioek ia 20 urte dituzte dagoeneko).

Opera Sowtware enpresak orain arteko nabigatzaileen kontzeptua irauli (edo, gutxienez, berritu) nahi izan du bere azken proposamenarekin. Opera Neon deitu dio aurkeztu berri duen nabigatzaileari. Euren Opera nabigatzailearen garapen bat baino, nabigatzaile berri bat da, “esperimentala” nolabait esatearren, orain arteko Interneteko nabigazioko zenbait arau zalantzan jarri edo gainditu nahi dituena (horietako batzuk, egia da, lehenago ere aplikatu izan dira, edo egun martxan dauden beste nabigatzaile batzuen ezaugarrien garapenak dira).

Euren hitzak erabiliz: “gaur egun ditugun nabigatzaileak joan zen milurtekoak dira, weba gehienbat testuz eta dokumentuz osatuta zegoenekoa. Baina Interneta asko aldatu da eta erabiltzaileek espero dute erremintak ere aldaketa horietara egokitzea”. Erabiltzailearen esperientzia hobetzeko diseinatu dutela adierazi dute, horretarako alderdi grafikoa eta animazioak bereziki landuz.

Esan bezala, nabigatzaile esperimental bat da, etorkizun laburrean izango ditugun nabigatzaileak nolakoak izango diren irudikatu edo aurreratu nahi diguna. Bideo honen bidez aurkeztu du Opera enpresak Neon. Bertan dituzue (ingelesez) ezaugarri nagusiak.

 

Ezaugarri nagusien artean, azpimarratuko genituzke:

  • Nabigatzailearen lehenengo orria zure mahaigainean txertatzen da (mahaigainean duzun irudiaren gainean).
  • Nabigazio pestañak eskuineko zutabean azaltzen dira, eta ez goian. Gainera, grafikoki askoz gehiago nabarmentzen dira.
  • Bideo bat martxan dugunean, beti ikusgai geratuko zaigu (zehazten dugun tokian), nahiz eta pestañaz aldatu. Esate baterako, eskuineko goiko ertzean utzi dezakegu Youtubeko bideo bat martxan, eta bitartean beste pestaña batzuetan nabigatzen jarraitu.
  • Irekita dauzkazun pestañak dinamikoki eta automatikoki nabarmentzen dira (azkenaldian erabili dituzunak, edo gehien erabiltzen dituzunak, gorago agertuko dira).
  • Uneoro pantaila-irudiak ateratzeko aukera.
  • Bi pestaña aldi berean irekita izateko aukera (nabigatzailea erdibitzekoa, alegia).

Egia da horietako batzuk ez direla hain berritzaileak edo dagoeneko probatu direla beste nabigatzaile batzuetan, baina, enpresaren hitzei beroarena kenduta ere, uste dugu aldaketa interesgarriak proposatzen dituela.

Esan bezala, berrikuntza hauek oraingoz Opera Neon nabigatzaile kontzeptual honetan ari dira testeatzen, baina ondo bidean berrikuntza arrakastatsuenak Opera nabigatzaile estandarrean ere ezarriko dituztela iragarri dute eta, aurreikusten dute, aldaketa horietako batzuk beste nabigatzaile guztietara ere iritsi daitezkeela epe laburrera.

Opera Neon nabigatzailea Mac eta Windowserako dago garatuta eta orrialde honetatik jaitsi daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude