Azken hamarkadako 3 telesail onenak (eta hauek zergatik ikusi)

Gaizka Izagirre / 2017-02-21 / 1058 hitz

Amets bitxi bat izan dut bart gauean. Urte guzti hauetan zehar ikusi ditudan telesail guztiak, bat-batean burutik ezabatu eta erabat ahazten nituela; izerdiak, zorabioak, garrasiak…izu-krisi ikaragarria! Ez nuen ezertxo ere ez gogoratzen, inoiz ikusi izan ez banitu bezala. Zorionez minutu gutxi iraun ditu amets gaiztoak, baina esnatu eta egin dudan lehengo gauza lerro hauek idazten hastea da, eta garrantzitsuena, telesail horien izenak lehenbailehen zerrendatzea. Ezinezkoa azken urte hauetan ikusitako guztia ipintzea, baina bai behintzat azken hamarkadako hiru ezinbestekoak, badaezpada. –Uf… pixkanaka lasaitzen ari naiz-. Eskerrak barne-ikara horiek baretzeko blog hau dudan.

Aukeraketa egiteko erabli dudan irizpidea, erraza:

  1. Azken hamarkako telesail onenak, hau da, 2010-2017 bitarte hasi ala amaitu direnak.
  2. Telesailak soilik hartu ditu kontuan, ez miniserie ala telesail motzak. (Beraz, Fargo, True Detective, Black Mirror eta holakoak kanpoan geratzen dira)

 

3- Boardwalk empire

(HBO 2010- 2014)

Istorioa Atlantic City hirian kokatzen da, eta 1920an hasi eta 1931n amaitu; ondorioz, AEBetan lege-lehorra indarrean egon zen garaia du aztergai. Garai hartan negozioaren capoetako bat izan zen Nucky Thompson du protagonista. Bost denboraldi sutsutan zehar ikusiko dugun bezala, bizitza zaila izan zuen, eta negozio ilunetara egindako bidaia progresiboak inolako barkamenik merezi ez duen gangster bihozgabe bihurtu zuen.

Zergatik ikusi?

Pertsonaia ahaztezinez josia. Telebistaren historian betiko itsatsirik geratuko diren sekuentzia eta une hunkigarri, beldurgarri, basati eta zoragarriz osaturiko antologia dramatikoa delako.

Mafiari eta krimenari buruz hamaika film eta telesail ikusi ditugu, baina horietan konplexuena eta biribilena izan liteke Boardwalk Empire. The Godfather (Francis Ford Coppola, 1972), Scarface (Brian De Palma, 1983) edota Goodfellas (Martin Scorsese, 1990) bezalako maisulanak dakarzkigu aldika burura, eta horrek telesailen olinpora zuzenean sartzeko baimena ematen du.

Pertsonaien arteko borroka morala izan da, heriotza eta erredentzioarekin batera, telesail osoa harilkatu duen gaia, eta istorio kaleidoskopioaren bitartez AEBetan krimen antolatua nola sortu zen erakutsi digu. Horri oso gutxitan ikusi dugun giropen-lan ikusgarria eta atal tekniko bikaina gehituz gero, maisulan baten aurrean gaudela ohartzen gara.

Meritua ez da Terence Winter gidoilariak (Martin Scorsese handia guztia gainbegiratzen izan duela) sortu duen istorioarena eta alderdi teknikoarena soilik. Telesailaren euskarririk sendoena pertsonaia ahaztezinez jositako armiarma sare perfektua da, eta horiek gorpuzten dituzten aktoreen lan bikaina. Ongia eta gaizkia gorpuzten dituen Margaret, Al Capone basati eta izugarria, Arnold Rothstein eta bere esne edalontzia, krimen antolatuaren aita Lucky Luciano edota guztion pertsonaia kuttun izatera heldu den Richard Harrow dituen telesailak ez du askoz gehiagorik behar.
Kasinoak, prostituzioa, gangsterrak, tiroak eta politikari ustelak nonahi. Azken finean, The Sopranos telesailak gure barnean utzi zuen hutsune hori betetzea lortu duen mundua izan liteke.

Bitxikeriak

• Nucky Thompsonen papera egiteko  hautagaien artean Alec Baldwin aktorea izan zen.
• Mark Wahlberg Martin Scorsese konbentzitu nahian dabil Boardwalk Empire filma zuzen dezan.
• Martin Scorsesek zuzendu zuen telesailaren lehen atala historiako garestienetakoa izan zen: hemezortzi milioi dolarreko aurrekontua izan baitzuen.
• Pertsonaia bat hiltzera zioan bakoitzean, Terence Winter gidoilariak aldez aurretik aktoreari telefonoz deitzen zion.
• Lehen hiru denboraldiek Emmy sarietarako 40 izendapen lortu zituzten.
• Nucky Thompson  benetan existitu zen arren, pertsonaia gehienak ekoizpenerako bereziki sortuak izan dira.  Al Capone, Johnny Torio, Lucky Luciano, Arnold Rothstein eta Meyer Lansky dira salbuespen garrantzitsuenak.
• Lehen 3 denboraldiek, 40 izendapen lortu zituzten Emmy sarietan.


 

2- The Leftovers

(HBO 2014-2017)

Bat-batean munduko biztanleriaren %2a desagertu egin da. Inork ez daki non dauden, zer gertatu den. Hala, maite dituztenak galduta, gainontzeko %98ak egoerari aurre egin beharko dio. Telesail hontara gerturatzeko intentziorik baduzue,  hori da argi izan behar duzuen gauza bakarra, berdin diola desagerturiko pertsonak horiek non dauden, garrantzitsuena bertan gelditu direnak direlako. Nola birmoldatuko dute bizitza, maite dituzten pertsonak ondoan izan gabe. Premisa horretatik tiraz, telesail hau bitxia bezain erakargarria dela esango nuke, misterioz eta suspensez beteta, atal bakoitzetik hainbat eztabaidagai eta irakurketa atera daitezkeena. Mina, bakardadea eta desorientazioa gutxitan landu dira telesail batean hain modu indartsuan.

Zergatik ikusi?

HBO-k,  ikusleak bi mutur ezberdinetan banatzeko gaitasuna duen istorio horietako bat sortu duelako. Zein muturretan kokatuko ote zarete? Telesaila, gorroto ala maitatu?

Zigilu hori ikuste hutsarekin, gerturatzeko argudio nahiko indartsua dirudi. Baina egin dituen ekoizpen mordoen artean,  gutxi batzuk dutelako honen anbizio, ausardia eta originaltasuna.

Bitxia eta  erakargarria delako,  misterio eta suspensez gainezka. Atal bakoitzetik hainbat eztabaidagai eta irakurketa ateraz.

Bi euskarri nagusiei esker, telesaila oso tinko mantentzen delako, ahultasun sintomarik erakutsi gabe:  Alde batetik, Todd McMullen-en argazkiak eta Max Richtere-n soinu banda ikaragarriak sorturiko atmosfera ikusgarria, brutala. Eta bestetik, pertsonaien aurkezpena, garapena eta jakina,  aktoreen lana, aparta. Guztien gainetik Nora Durst (Carrie Coon) aipatu nahiko nuke, aktore erraldoia dela frogatuz.

Aipaturiko elementu guzti horiekin, mina, bakardadea eta desorientazioa bezalako gaiak, maisutasunez islatzen jakin izan dutelako.

Bitxikeriak

• Tom Perrotaren eleberri batean oinarriturik dagoen arren, lehen denboraldian, liburu horren eduki oso moldatu zuten. Ondorioz, bigarren denboraldiari beste ikuspuntu interesgarri eta bikain bat eskaintzea erabaki zuten, eduki berriak gehituz. Apirilean estreinatuko den hirugarrena, ildo beretik joango dela dirudi.
• Liburuan Mapleton hiriko alkatea dena, Kevin Garvey (Justin Theroux aktorea), telesailean polizia da.

 


 

1- Breaking bad

(AMC 2008-2013)

Ikastetxe bateko kimika irakasle batek, biriketako minbizia duela jakiten duenean, bere familia diruz laguntzeko, erabaki garrantzitsu bat hartuko du. Hortik aurrera, istorioak eta batez ere pertsonaiek,  etengabeko eboluzio bat jasango dute. Telesail hau, pop kulturaren ikono bilakatu den maisulan batean bihurtuz.

Zergatik ikusi?

Azken hamarkadako gidoilariek, motibazio eta jokabide ilunez eraikitako pertsonaiak sortzeko erakutsi diguten motibazioa kontua izanik, Vince Gilligan-ek , guztietan amoralena sortzearen meritua dauka: Walter white (Brian Cranston); merezimendu osoz,  ikono kategoria irabazi duen pertsonaia berdingabea sortuz.

Pertsonaia ahaztezinez eraikitako istorio berdingabe bat delako. Telesail osoan zehar, metamorfosi-koral baten testigu bilakatzen gaituzten aktore zoragarriz osaturikoa.

Errtimo narratiboa, koloreen erabilpena, sinbolismoz beteriko planoak (Ozymandias atal ikaragarria adibidez), maisu-lan kategoriaraino igoarazi dute telesaila.

Twin Peaks, The Sopranos, The Wire, Lost eta Mad Men-kin batera, telesailen historian arrasto ezabaezina utzi duelako, sormen iraultza horren erantzuleetako bat bihurtuz.

Maisutasunez zuzenduriko bost denboraldiak, amaiera perfektu batekin bukatzen direlako.

Bitxikeriak

• Showtime, TNT, FX eta HBO damutu egingo dira telesaila aireratzeari uko egin izanaz: hamar Primetime Emmy sari, hiru Emmy Brian Cranstonek, bi Aaron Paulek, eta bat Anna Gunnek. Urrezko Globoetan hainbat izendapen eta Guinness errekorra lortu ditu hainbat web-orrialdetan, historiako puntuazio altuena duen telesaila bihurtzeagatik.
• Bryan Cranston X-files telesailan izan zuen paperagatik izan zen hautatua.
• Saiakera bakarrean lortu zuen Bryan Cranstonek pizzaren sekuentzia famatua egitea.
• Jesse Pinkmanek, telesailean zehar jaurtitzen dituen “yo” eta “bitch” guztiak gidoian azaltzen dira.
• Walter Whiten loteria-txartelaren koordenatuak jarraituz gero, (N 34, 59º, 20º, W 106, 36º, 52) Albuquerquen kokaturiko, ‘Q Studios’etara iritsiko ginateke, telesaila errodatu zen kokalekua.
SaveWalterWhite.com web orrialdea benetan existitzen da.
• Hasierako tituluetan, Methamphetaminaren formula kimikoa azaltzen da: C10H15N.
• Telesailak, guztira 62 atal ditu. 62. elementu kimikoa Samariuma da, minbizia duten gaixoekin tratamendu gisa erabiltzen dena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.