Ez, ez dira uniforme hutsak

Iker Tubia / 2017-02-04 / 1124 hitz

Bezeroen aurrean egiten diren lanetan, janzkera arauturik egon ohi da. Oraindik ere ohikoa da generoarengatik diskriminatzea, emakumeei gizonei egiten ez zaizkien eskariak eginez. Egoera horri aurre egitea zaila da beste langileen babesik gabe. Londresen, Nicola Thorp lanetik bota dute, takoiak eramateari uko egiteagatik.

Takoirik eraman nahi ez zuelako. Horrexegatik bota zuten lanetik Nicola Thorp 27 urteko emakume ingelesa. Hain zuzen ere, bost eta hamar zentimetro arteko orpo luzeko zapatak erabili behar zituen PwC finantza konpainian harreragile lan egiteko. Ezetz esan zuen, gizonei ez baitzieten horrelakorik eskatzen. Irri egin zioten, eta, ondoren, kaleratu.

Sinadura bilketa abiatu zuen egoera hori salatzeko, eta 150.000 baino gehiago lortu zituen. Hori dela eta, gaia Londresko parlamentuan eztabaidatuko dute martxoaren 6an. Hala, Erresuma Batuko legegileek berriki adierazi dute ezin direla emakumeak behartu lanean takoiak edo makillajea eramatera. Horregatik, emakumeak diskriminatzen duten janzkera kodeengandik babesteko esku hartzeko eskatu diote gobernuari. Gobernuko berdintasun bulegoak erantzun du: «Enpresen janzkera arauak arrazoizkoak izan behar dira, eta eskakizunak parekoak emakumeentzat eta gizonentzat».

Laneko irudiari lotzen diote hainbat enpresak janzkera jakin batzuk inposatzea. Baina ez dira uniforme hutsak. Gizonei eta emakumeei ez zaizkie janzkera berak eskatzen lan batzuetan. Bezeroen harretarako lanbideetan ohikoago da horrelako diskriminazioak aurkitzea. Thorpek aurre egin zion diskriminazioari, eta, kalera bota bazuten ere, haren bideak ekar dezake fruiturik Erresuma Batuan. Baina, asko eta asko dira egunero lantokiko atea zeharkatzearekin batera mota horretako diskriminazioa ere jasaten duten emakumeak.

Irati Salsamendi ekitaldietako azafata lanean aritu zen 20 urte inguru zituenean. Denetarik tokatu zitzaion: txokolatea banatu, edari alkoholdunak sustatu… Agentzia baten bidez lortzen zituen lan horiek. «Normalean, haiek ematen ziguten arropa: likrazko soineko motz-motza tirante batekin, takoiak eraman behar genituen, eta makillaturik joan behar genuen. Argi eta garbi, erakargarri bat baino ez ginen», azaldu du. Gainera, erabat ikusgai egoten ziren tabernetako bestetan, barratik kanpo egoten zirelako, erdi-erdian.

Egun gogorrenetako bat neguan bizi izan zuen Salsamendik. Ohiko jantziekin Donostiako taberna batera joan behar izan zuen lanera. Postua tabernaren atarian paratu zioten, eta elurra ari zuen. «Ni soineko motz-motzarekin, ia dena bistan neramala, galtzerdi ziztrin batzuekin eta tirantetan. Atea ireki-itxi, katarrotzarra hartu nuen». Ez zuen denbora askorik iraun lan horretan, berehala hasi zen ezezkoa ematen.

Barraren kanpoko aldean bezala, barnean ere desberdina izaten da emakumeei eta gizonei egiten zaizkien eskakizunak taberna batzuetan. Irantzu Perezek denbora tarte bat egin zuen gauez ordu txikiak arte irekitzen duten taberna batean. Ostalaritzan esperientzia bazuen ere, horrelakorik ez zitzaien interesatzen tabernako jabeei. Tragoak zerbitzatu ez ezik, flyer-ak banatu behar izaten zituen. «Kontsumo objektu hori ez da papertxoarekin oparitzen den tragoa, zu zeu zara». Lan hori neskek bakarrik egiten zuten. Hiru hilabetez iraun zuen lanean, eta tarte horretan bere janzkerari buruzko iritziak jasan behar izan zituen: «Inoiz ez zara gonarekin etortzen, ezta?», kasurako. «Gauza baten gisa sentitu nintzen erabat, han lanean nintzen bitartean», zehaztu du Perezek.

Bi kasuetan, gizonak erakartzea zen lanaren helburu nagusietako bat, eta, hor, jantziek rol garrantzitsua jokatu ohi dute. Marina Beaumontek Inditexen arropa denda batean lan egiteko elkarrizketa egin zuen aspaldi. Ez zuen han lanik egin. Galdera batek harridura sortu zion: neurriak eskatu zizkioten. «Ez zidaten janzten nuen neurria eskatu uniformerako, gorputzaren neurriak baizik. Hori eskatzea oso desberdina da, bestelako informazioa jaso nahi zuten», azaldu du. Beste batean, curriculuma ez ezik, gorputz osoko argazki bat eskatu zion Madrilgo enpresa batek, Iruñeko dendaren inaugurazioan azafata lanak egiteko. «Glamour-ik gabeko argazki bat bidali nien, zutik normal».

Elkarturik hobeki

Antzeko egoerak bizi dituzte hegaldietako azafatek ere. Horri buruz idatzi zuen Barbijaputa ezizena erabiltzen duen Diario.es atariko zutabegileak. Pikara aldizkarian eman zuen lekukotza: «Abiazioaren mundua sexista eta estereotipatua da muturreraino, berdin du matxismoa zenbateraino barneraturik duzun, azkenean zerbait nahasten dizu zure baitan». Galtzerdien lodiera, takoien luzera, makillatzeko modua… dena dago zehazturik. Orain gutxi arte, gona ezinbestekoa zuten emakumeek. Izenik eman nahi izan ez duen Iberiako langile baten arabera, hark badu galtza janzteko aukera, baina beste konpainia batzuetako lankideek ez.

Aipatu kasuetan, langileek lana utzi zuten. Baina, jantzi bat baztertuz gero, zer gertatuko litzateke? Ana Bermejo abokatuak dioenez, arrazoi horrengatik ezin da inor kaleratu Euskal Herrian. Baina arrazoiak desitxura daitezke. «Legeari izkin egitea ez da zaila. Langile batek aurre egiten badizu, bilatu dezakezu hura botatzeko modua. Orain, [Espainiako] lan erreformarekin are errazago, gainera». Takoien kasua errazago defenda daitekeela uste du abokatuak, lan osasun kontuak argudia daitezkeelako. «Uniforme bat eramatera behartu zaitzakete, baina ez zure osasunerako kaltegarria den zerbait. Argi dago takoiak ez direla osasungarriak».

Termino sexistetan ezberdintasun handiak baldin badaude emakume eta gizonen artean, baliogabeko kaleratzea izan daiteke, berdintasuna bezalako oinarrizko eskubideen aurka egiten delako. Hala ere, Bermejok dio gai hori zailagoa izan daitekeela. Gainera, onartu du jendeak horrelako salaketarik ez duela jartzen.

Egoera horien aurka zer egin, hori erabaki zaila izan daiteke. Testigantza eman dutenak bat datoz kontu batean: orain ez lukete horrelakorik onartuko. «Garai hartan, ez nengoen batere politizaturik, ez nion garrantzirik ematen», dio Salsamendik. «Duintasuna galtzen nuen hori egiten». Beaumontek arazoaren muina azaldu du: «Horrelakoak jasatera prestatu gaituzte, eta onargarritzat dugu». Perezek ere onartu du komentario batzuei ez ziela garrantzirik eman garai hartan. Hala ere, ulertzen du hainbat emakumek horrelako egoerei aurre ez egitea: «Ulertzen dut askotan ez dela erraza, gizarte honek prekaritatera kondenatzen gaituelako. Premiazko beharrak asetzeko egonkortasun ekonomiko minimo bat behar dugu, eta beldurra egon daiteke halako egoerei aurre egiteko».

Izaskun Garcia LAB sindikatuko zeharlerroko politiken arduraduna eta emakume idazkaritzako kidea da. Eta argi du horrelako egoerei bat eginik erantzun behar zaiela. Gogora ekarri du duela urte batzuk Euskal Herriko supermerkatu batzuetan gertatutakoa. Merkealdia zela eta, mezu ezegokia zuen kamiseta janztera behartu nahi zituzten kutxako langileak. «Estamos rebajadas (beheraturik gaude) edo antzeko lelo bat zen, baina apalgarria zen, bazirudien haiei buruz ari zela». Langileek ezetz esan zuten, eta sindikatua sartu zen tartean. Azkenean, enpresak atzera egin zuen. «Horrelako eskakizunak daudenean, nagusiaren edo enpresaren interes eta nahiak emakume langile horren nahi eta interesen gainetik jartzen dira. Beren eremu pertsonalean sartzen dira, eta haien askatasun eta autonomia baldintzatzen dute».

Lan harremanetan botere hierarkia dago, eta janzkera eskakizunei ezetz esanez gero kaleratzeko arriskua izaten dela uste du Garciak. «Nahiko egoera latzak dira. Bakarrik sentitzen zarenean, oso garrantzitsuak dira babes kolektiboa eta langileen borroka. Ez da haien arazoa, guztiona da; ez bakarrik emakumeona, langile guztiona baizik». Baina beldurra ez da bakarrik lanaren eremura mugatzen, kalera zabaldu liteke: «’Jesus, emakumea, takoi batzuk ez janzteagatik galdu duzu lana?’ bezalakoak entzun behar dituzu batzuetan. Estereotipo hori oso barneratuta dagoenez jendartean, gero epaitua sentitzen zara».

Egoera ekonomikoak zaildu egiten du egoera horiek salatzea. Hala uste dute hainbat emakume langilek. «Pertsona askok ez dute erabakitzeko aukerarik. Baina janzkeraren ahalegin hori bakarrik emakumeek egin behar dute», dio Beaumontek. Salsamendiri gogorra egin zitzaion esperientzia. Distantziarekin aztertuta, hark argi du, afera ez dela jantzietara mugatzen: «Arropa da agerikoena, baina, berez, oinarrian dagoena da zer funtzio eta lan egiten duten emakume horiek. Emakumeak guztiz objektu bihurtu eta sexualizatzen dira». Beaumontek galdera erretorikoa bota du: «Norentzat egin dira janzteko arau hauek? Emakumeentzat ez dut uste».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.