Munduko hotelik onenean bizi dira 400 errefuxiatu Grezian

Patxi Gaztelumendi / 2017-02-03 / 676 hitz

City Plaza hotela Atenas erdian dago. Zazpi urtez hutsik egondako luxuzko hotela okupatu zuten 2016ko apirilean zenbait aktibistak. Eta errefuxiatuen bizitza hobetzeko helburuarekin atondu zuten zazpi solairuko eraikina. Geroztik bertan bizi dira Grezian harrapatuta geratutako 400 errefuxiatu –tartean 180 haur inguru–. Elkartasun eta elkarbizitzarako gune autogestionatua da, gerratik ihesi eta bizitza berri eta hobe baterako bidean, luzatzen ari den geldiune honetan.

2016ko martxorarte; Siria, Afganistan, Pakistan, Kurdistan edo Palestinatik zetozen iheslariek, Turkiatik itsasoz Greziararako bidaia egin ostean, Grezian Europako beste herrialdeetarako ibilbidea abiatzen zuten. Hiruzpalau egunetan aritzen ziren herrialdea zeharkatzen. Baina Idomeniko mugan harrapatuta geratu zirenez geroztik, errefuxiatuentzako kanpamenduak eta eremuak areagotu egin dira.

60.000 eta 70.000 arteko errefuxiatu kopurua dago gaur egun Grezian harrapatuta. Mugitu ezinik. Eta City Plaza hotela bezalako ekimenek pertsona bezala eta duintasun osoarekin aterpetu gura dituzte Greziara nahinondik heldutako errefuxiatu iheslariak. Bizitza antolatu, ikasketa eta hizkuntzetan lagundu, umeak eskolara eroan edota beharrezko diren arropak, elikagaiak eta bizitzarako behar beharrezkoak diren osasuna eta poztasuna eskaini.

Antolaketa parte-hartzailea

City Plaza hotelean bizi diren errefuxiatuek, nazioartetik heldutako bolondresekin batera, okupatutako gune honetan egiten diren ekitaldi eta antolaketan parte hartu eta laguntzen dute. Sukaldean, jantokian, ekintzetan, ostatuan edo batzarretan. Nork bere gelan denbora asko emateko ohitura hartu duten arren, etxekoekin, senitartekoekin edota ihesean ezagutako lagunekin, bestelako ekimenetan ikustea ere ohikoa izaten da. City Plaza hotelak gainera ez du jasotzen instituzio edo Gobernuz Kanpoko Erakundeen inolako laguntzarik. Jendearen donazioak, Pampiraiki elkarteak astero banatzen dituen arropa, elikagai eta bestelakoak jasotzen ditu. Horrez gain, inguruko tabernari eta bizilagunak ere maiz hurbiltzen dira janaria eta gauzak ekartzera. Elkartasun sare handi bat osatu da eraikin okupatu honen inguruan.

Egunero 400 gosari, bazkari eta afari

Zazpi solairuetan bizi diren errefuxiatu familia eta norbanakoek eguneroko otorduak egiteko boluntario talde handi bat aritzen da sukaldean. Hiruzpalau sukaldari bolondresekin batera –tartean errefuxiatu palestinar trebe bat– egunero sukaldean laguntzen aritzen dira hiruzpalau errefuxiatu eta beste horrenbeste bolondres, Europako toki ezberdinetatik Atenasera laguntzera etorriak.

400 lagunentzako otorduak egiteko, hoteleko sukaldea eta jantokia baliatzen dira, eta jatorri ezberdinetako lagunentzat egokitutako bazkari eta afari bereziak prestatzea da sukaldarien asmoa. Eta lortzen dute. Batzuk ete besteak jatorri ezbedinetakoak izan arren, batzuetan gusturago eta beste batzuetan zapore berriak deskubritzeko aukera izaten da. Elikagaien biltegian denetarik eta neurri handian dago: sasoiko produktu freskoak eta fruitak, mila eratara prestatzen diren arroz eta kuskusa, lekale mordoa, batetik edo bestetik heldutako indaba, garbantzu eta dilistak. Hamaika zapore ezberdin sortzen dituzten hauts eta espeziak, eta batez ere borondate gozo eta atsegin bat. Horrek guztiak sukaldean giro itzela sortzen du, eta irribarrez eta atseginez jasotzen dute eguneroko menua City Plazan ostatu hartutako errefuxiatuek.

Hizkuntzak ikasi eta erakusteko tokia

Arabiera, farsia, kurduera, bidean ikasitako turkiera, bertokoen greziera, kanpotik etorritakoon ingelesa, gaztelania edo italiera apur bat, eta zeinu hizkuntza bera ere elkartzen dira hotelean. Eta guztien arteko elkartruke kulturala ere martxan da. Egunero hizkuntzak landu eta trebatzeko eskolak ematen dituzte hona hurbildutakoek. Jaso eta eman, hizkuntza ezberdinekin ondo trebatzen diren haur eta gazteak daude. Boluntarioek hizkuntza eta eskolak eskaini eta eguneroko jardunean mintzagai diren gaietan sortzen den giroan arabiera, farsia, greziera eta ingelesa nahastu ohi dira. Nazio, kultura eta pertsona ezberdinen bilgunea da hotela hau. «Ongi etorri errefuxiatuak» leloa errealitate bilakatzen duena. Egunero.

Bilkura eta giro eleanitzak

Antolaketan dabiltzanen artean ere greziera eta ingelesa, modu oso naturalean uztartzen dira. Egia da Grezian, bere hizkuntzaz gain, presentzia handia duela ingelesak, eta jende gehiena hitz egiteko gai da. Batzarretan ere bietara mintzatzen dira aktibistak. Eta elkartasun militante hauetako askok bere jatorrizko hizkuntza ere menperatzen dute. Sasoi batean beraiek ere iheslari izan zirelako, Albaniatik, Afganistandik edo Turkiatik etorri zirenekoa. Euskal Herritik, Italia, Alemania, Bosnia, Estatu Batuak edo Espainiatik hurbildutako kideekin ere elkarrizketa eleanitza sortzen da.

Siria, Afganistan, Iran, Kurdistan, Irak, Palestina, Pakistan…

Mundu bat biltzen da hemen, eta nork bere kultura, izaera, hizkuntza, ohiturak… izan arren, umeen artean somatzen den giro ona da aipagarriena. Zazpi solairutako 90 geletan daude guztiak, eta gela bakoitza familia bakoitzak antolatu duen eremu askea da. Astero medikuaren bisita izaten da, eskola eta ikasketeterako aukera, ostatuan edo jantokian jan eta edateko aukera, lasai egoteko lekua, atsedena hartzeko tokia, baina batez ere elkartasunerako eta borrokarako gune ere bada City Plaza hotela. Duintasuna eta autogestioaren adibide bikaina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude