“Elite batek kontrolatzen ditu moda-gustuak”

Ainhoa Mariezkurrena / 2017-09-07 / 364 hitz

Jantziek eta janzkerak gauza asko erakusten dute norberaz. Nolakoak gara, ordea, guztiok berdin janzten garenean? Irati Salsamendi Lozanok erantzun dio galderari, Jantzigintza eta Patroigintza ikasten ari den donostiarrak. Moda, manipulazioa eta interesak aipatu ditu, besteren artean.

“Sistema oso batek egiten ditu modak eta gustuak”, dio Salsamendik: “Modaren alde sinbolikoa, tendentziak, kanon estetikoak eta kontsumoa, patriarkatuaren eta kapitalismoaren tresna boteretsua dira, interes batzuen baitan sortuak. Osagaion baturak sistema hegemonikoaren ordena mantentzeko tresna perfektua sortzen du”.

Bartzelonan ari da Jantzigintza eta Patroigintza ikasketak egiten. Bere hitzetan, kontzientziarik ez duen ikasleak betiko ikuspuntu eta ereduak landuko ditu eta ondoren merkaturatu: “Ikasle batek ez baditu bere kabuz arauak hautsi eta zalantzan jartzen, modaren sektoreak berezkoak dituen balore sexista eta kapitalistak errepikatuko ditu”. Ehungintza eta modaren industria kontsumitzaileen gustuak manipulatzera iritsi daitekeela dio. Hala, tendentzia batzuk jarraitu eta leku bertsuetan kontsumitzeak gustu berdinak izatera bideratzen gaitu: “Merkatuak inposatzen eta erabakitzen dituen moda-gustuek agintzen dute jendartean; elite batek kontrolatzen ditu gustu horiek”.

Gorputz jakin batzuentzako arropak

Estiloez gain, zerk eta nork bilakatzen du janztea eta janzkera interesgarri? Esaterako, modaren eta ehungintzaren merkatua nagusiki emakumeei bideraturik dagoela esan digu Salsamendik: “Ez behar handiagoa dugulako, baizik eta gure berezko interesa dela sinetsarazi digutelako”. Emakumeen interesak desbideratu eta kontrolpean izateko trikimailutzat du.

Emakumeok txikitatik presio estetikoa jasaten dugu. Desiragarriak izateko jaiotzen garela eta edertasun kanon batzuen menpekoak garela zabaltzen dute publizitate kanpainek. Idatzi gabeko arauek erabakitzen dute nor den desiragarria eta onartua, eta nor ez. Mezu hori arroparen bitartez ere zabaltzen dela dio donostiarrak. “Badira neurri handiko jantziak ekoizten dituzten enpresak, baina ez kezkatu, publizitatean argi utziko dute arauetatik kanpo gelditzen diren pertsonentzako arropa dela”.

Bestalde, ehungintzaren industrian ekoizleak nagusiki emakumeak diren arren, egoera prekarioan egiten dute lan: “Aitortza publikoa duten postuak maskulinizatuta daude, eta ikusezin eta prekarioak direnak feminizatuta”.

Horretaz guztiaz jabetuta, ehungintzan bide berriak zabaltzeko gogoz da Salsamendi. “Soberan prestatuta gaude nahi duguna ekoizteko”. Betiko ehungintza eredua eta enpresak burutik kendu eta bestetako alternatibak badaudela azpimarratu digu; jantzigintza eszenikoa, esaterako. “Antzerki konpainia batean egon naiz lanean, txotxongilo obra baterako jantziak egiten eta oso arlo interesgarria iruditu zait, bai sorkuntzaren aldetik, baita ikuspegi politikotik ere”, diosku.

 

Gaiaz gehiago jakiteko, ARGIAren 2560. zenbakian plazaratu genuen erreportajea irakurri dezakezue: Moda jasangarria. Etiketak moztu, etikak josi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude