Espezismoa dute jomugan

Espezismoa jomugan. Gizaki ez diren animalien bazterketaren eta erabileraren kontrako astea izanen da hurrengoa; bertze animalien interesak gutxiesten dituen aurreiritziaren aurka lan egitekoa. Nazioartean jarri dute martxan kanpaina hori, eta bat egin du, Nafarroan, LiberAbere taldeak. Urriaren 30etik azaroaren 5era, “espezismoaren biktima guztiak gogoratu” nahi dituzte ekinaldi horren bidez.

Data ez dute kasualitatez hautatu. Batetik, beganismoaren nazioarteko eguna da azaroaren 1ekoa. 1994. urtetik ospatzen dute, urte hartako azaroaren 1ean 50 urte bete zituelako Erresuma Batuko Elkarte Beganoak. Bertzetik, Ingalaterrako ekintzaile eta kale garbitzaile Barry Horneren heriotzaren urteurrena beteko da azaroaren 5ean. 1997an, 18 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, Boots botika enpresaren azpiegituren kontrako hainbat sute egotzita. Lau aldiz egin zuen gose greba kartzelan, bibisekzioaren aurka; azkenaren ondorioz zendu zen, 2001eko azaroaren 5ean. Horne eta hark egindako lana gogoratu nahi du urriaren 30ean hasiko den nazioarteko kanpainak; azaroaren 4an, Madrilen, espezismoaren aurka eginen duten manifestazioak ere Northhamptongo ekintzailea omenduko du.

Kanpainarekin bat egin, eta Iruñean ere antiespezismoaren berri zabaltzeko egitaraua osatu du LiberAberek datorren asterako, Alde Zaharreko gaztetxean. Azaroaren 2an, 3an eta 4an, dokumental bat eta bi hitzaldi eginen dituzte. Ostegunean Tras el pasamontañas dokumentala izanen da, Animalien Askapenerako Frontearen lanari buruzkoa, 18:30ean. Ostiralean, berriz, beganismoaren inguruko hitzaldia, 19:00etan. “Mugimendu politiko bat dela azaldu nahi dugu”, erran du LiberAbereko kide Leire Morrasek. Larunbateko hitzaldiak, azkenik, Nafarroan animaliekin egiten dituzten esperimentuen auzia jorratuko du, 18:00etan. Egunero, gainera, ekitaldien ostean, pintxo %100 begetalak izanen dituzte. Antolatzaileek parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Iruñeko Ekintza Antiespezistako kideek osatzen dute LiberAbere taldea. Izen berriarekin, hain zuzen ere, etapa berria hasi nahi dute, “bertze animalien kontrako bazterketa eta sufritzen duten zapalkuntza” salatzeko, eta haren kontra lan egiteko. Izen berriaren aitzakiarekin, nortasun propioa garatu eta “ikusgarriago” bilakatu nahi dute.

Ongi dakite espezismoa “errotuta” dagoela gizartearen egunerokoan. “Gizakiek baliabidetzat dituzte beste animaliak”. Hainbat datuk ematen dute errealitate horren berri: ia 1,3 milioi behi, ardi, ahuntz eta txerri baziren, iaz, adibidez, Nafarroako haztegietan. Herrialdeko hiltegietan, berriz, espezie horietako 671.000 animalia akabatu zituzten, 2016an. 361.500 ziren ardi eta bildotsak, eta 286.700, berriz, txerri eta txerrikumeak. Nafarroako Gobernuak berak nabarmendu du txerrien esplotazioak herrialdeko abeltzaintzan duen “garrantzi estrategikoa”. Erriberan daude haztegirik handienak.

2015eko datuekin alderatuta, iaz nabarmen egin zuen behera Nafarroako hiltegietan hildako txerrien kopuruak, 420.000 izan baitziren duela bi urte. Kontsumoa bultzatzeko, hain zuzen ere, Became a pork lover izeneko ekinaldi ibiltaria hasi zuen industriak, irailean, Bartzelonan. Azaroaren 14ra bitarte, Herrialde Katalanetako, Hego Euskal Herriko, Espainiako eta Erresuma Batuko 22 hiri bisitatuko ditu kanpainak. Hainbatetan protestak egin dituzte jada.

Abolizioaren alde

Izen berrian jaso dute LiberAbere taldeko kideek helburutzat hartu dutena: “Gure asmoa ez da animalien ustezko ongizaterako legeak aldatzeko lan egitea; sistema espezistaren abolizioaren alde egin nahi dugu borroka”, nabarmendu du Morrasek. Taldeko kideek ontzat jo dute, adibidez, Iruñeko Udalak animaliak baliatzen dituzten zirkuak debekatzeko mozioa onartu izana, baina argi utzi dute harago ailegatu nahi dutela. Animalia ororen erabilera oro jarri nahi dute agerian. Izan ere, gizakien egunerokoaren esparru guztietan erabiltzen dira bertze animaliak; ez bakarrik jateko edo janzteko.

Errealitate horren berri eman nahi dute LiberAbereko kideek. Antiespezismoak duen izaera politikoa nabarmendu dute, baina onartu dute, oraindik ere, distantzia handia ikusten dutela bertze animalien aldeko mugimenduaren eta gainerako mugimendu sozialen artean. “Bertze taldeek ez dute antiespezismoa mugimendu sozialtzat hartzen, oraindik ere”, azaldu du Morrasek.

Distantzia hori murriztea xede hartu du LiberAberek, hain zuzen ere. Eta, asmo horrekin, Alde Zaharreko gaztetxearekin bat egin dute. Bertze taldeekin eta mugimenduekin harremana lantzeko asmoz. Ostiralero egiten dute bilera gaztetxearen egoitzan, 18:00etan. Hilabetean behin, gainera, elkarretaratzeak egiten hasi dira talde antiespezistako kideak, herritarrengana hurbiltzeko. Lehendabiziko ostiralean egiten dute, 18:00etan, Gazteluko plazan. “Karrikan egon nahi dugu, eta jendeari erakutsi antiespezismoak egunerokoan baduela tokia; antiespezismoa hurbil senti dezatela nahi dugu”, erran du Raquel Ariztiak.

Orain arte bide horretan neurri batean huts egin dutela sentitzen dute LiberAbereko kideek. Iruñeko Ekintza Antiespezista 2015. urte inguruan sortu zuten, baina taldeak ez du lortu, bultzatzaileen hitzetan, espero zuten oihartzuna. Horregatik erabaki dute orain, izen berriaren babespean, bide berriak jorratzea, eta, batez ere, gehiago ateratzea karrikara.

Sare sozialetan ere lan egin nahi dute. Gazte anitzen berezko komunikazio esparrua da hori, eta ez dute aukera hori galdu nahi. “Arlo horretan anitzez ere aktiboago izan nahi dugu, anitzez ere ikusgarriago”, azaldu du Silvia Dollerer kideak.

Morras, Dollerer eta Ariztiarekin batera, Israel Carbonel, Ada Garrues, Javi Aramendia eta Naiara Azpilkueta dira LiberAbereko kide, bertzeak bertze. Atea zabalik dute. Antiespezismoaren berri jaso nahi duenak hurrengo astean izanen du aukera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.