Izebaren sakeari ilobak egin dio orain errestoa

Edurne Elizondo / 2017-10-13 / 1169 hitz

Utzi? Ezta pentsatu ere! Ametsa betetzen ari naiz!”. 8 urte zituenean hasi zen Maite Ruiz de Larramendi pilotan. Eskuz aritzea maite zuen. Mutilekin jokatu behar izaten zuen, bertze neskarik ez zegoelako. 14 urte bete zituenean, baina, frontoietan behin eta berriz errepikatzen ziotenari so egin zion Ruiz de Larramendiren aitak, eta utzi egin zion alaba pilotan aritzera eramateari. 

“Neska izanda, eskuak urratuko nituela erraten zidaten; hobe nuela utzi”. Orduko penak utzitako arrastoa palarekin uxatu du pilotariak, 25 urte luzez. Frontoietatik ez baita inoiz atera Ruiz de Larramendi. Baina beti izan du eskuz aritzeko aukera galduak utzitako arantza barruan, eta, azkenean, kentzea lortu du. Larunbatean, emakumezkoen Nafarroako eskuz banakako txapelketako finala irabazi zuen. Lehendabiziko aldiz antolatu dute aurten, eta Olatz Ruiz de Larramendi iloba izan du pilotariak aurkari azken partidan. 44 urte ditu txapeldunak, baina 14 urteko ilobaren gogo eta ilusio bera. “Utzi? Ezta pentsatu ere!”. Ametsa betetzen ari da.

Ametsa baita Ruiz de Larramendirentzat eskuz banakako txapela jantzi izana. 14-22 nagusitu zen ilobaren aurka. “Galdu arren, ni ere garaile sentitzen naiz. Zoragarria izan da finalean izebaren aurka aritzea”, erran du Olatz Ruiz de Larramendik. Eta izebari so egin dio hitz egin bitartean. Agerikoa da ispilu duela. Aurrera egiteko bultzada eman diola etxekoak egindako bideak. “Ligatxoan 22-20 irabazi zenidan”, gogoratu dio izebak, Eulateko frontoian.

Hantxe jokatu zuten finala. Etxean. Etxekoen eta herrikoen begiradapean; haien babespean. Sumatzen zaie biei gustuko dutela kantxan elkarrekin aritzea. Elkarren ondoan, eta elkarren aurka. “Ederki aritzen da; bizitasun pixka bat falta zaio, oraindik ere, esperientziak ematen dizkizun tresnak, baina badu denbora ikasteko. Eroso aritzen da, eta badu begi ona dejadak egiteko eta bi paretak erabiltzeko. Indarra ere ez zaio falta”, erran du izebak ilobari buruz,

Zaletasun bera dute bi emakumeek, baina ezberdinak dira oso batek eta bertzeak izan dituzten aukerak. 14 urte ditu Olatz Ruiz de Larramendik; izebak pilota utzi zueneko adin bera. Ilobak, ordea, kantxan jarraitu bertze asmorik ez du. “Loraldia bizitzen ari da”, erran du Maite Ruiz de Larramendik. Ez du tristuraz erran, gainera, ilusioz baizik. 44 urterekin ari delako oraingo aukera ederki profitatzen. Ilobaren adina zuenean ukatu zioten aukera.

“Nik ez nuen ulertzen zergatik utzi behar nion eskuz aritzeari. Eskuak urratuko zitzaizkidala? Harrikoa egiten ere bai! Amorrua eragin zidan neska izateagatik bertzeek zituzten aukerak galdu izanak. Aita gustura aritzen zen nirekin, frontoietara eramaten ninduen, baina behin eta berriz erran zioten ez zela egokia nik jarraitzea, eta, azkenean, etsi zuen”, azaldu du Maite Ruiz de Larramendik.

Palan ere, bidea egiten

Lau urtez utzi zuen kantxa, baina 18 bete zituenean itzultzeko aukera eskaini zion palak. Eta ez zuen zalantzarik izan. “Susana Munetarekin hasi nintzen. 1992an, Espainiako selekzioak proba egin zigun trinketean aritzeko. Gaur arte, atsedenik gabe”. Palan ere, gizonekin entrenatu behar izaten zuten, emakume gutxi zirelako. “1992an egin zuten Nafarroako txapelketa lehen aldiz; bigarrena, berriz, handik hamar urtera edo. Ez zegoen emakumerik”, gogoratu du pilotariak.

Palak anitz eman diola nabarmendu du. Munduko txapelketetan eta nazioarteko hamaika lehiaketatan aritu da, eta sariz bete ditu etxeko apalategiak, egindako lanaren ondorioz. Ez da bide erraza izan, hala ere. Deus ez zegoen tokian dena eraiki behar izan dutelako Ruiz de Larramendik eta belaunaldi bereko emakumezko pilotariek. “Gutxi ginen, eta sekulako lana egin behar izan dugu. Lehiaketak antolatu ditugu, pilota eskolak sortu ditugu harrobia lantzeko. Lanarekin uztartu behar izan dugu frontoia, eta federazioa ere ez dugu beti bidelagun izan. Laguntza eske joan, eta zenbaitetan jaso dugu, eta bertze zenbaitetan ez. Inoiz ez dira saiatu, gainera, guk eraikitako horri jarraipena eta bultzada ematen”, erran du, tristura apur batekin.

Maite Ruiz de Larramendi kontent da Olatz ilobak orain arte egin duen bidearekin. “Eskuz aritu nahi zuen, eta eskuz ari da”. 7 urte zituenean hasi zen Olatz Ruiz de Larramendi pilotan. Izeba bezala, herriko mutilen aurka hasi zen frontoian. “Beñat nire neba aritzen zen, eta gustatzen zitzaidan. Hastea erabaki nuen”. Herriko Ameskoa taldean eman zuen izena lehendabizi, baina, gutxi zirelako desegin zenean, Lizarrako San Miguel taldera joan behar izan zuen. “Mutilen aurka aritu naiz beti, iaz arte. Baten batek erran izan du, neska izanda, erraz irabaziko zuela nire kontra. Baina jokatzen hasi eta konturatzen zen banekiela zertan ari nintzen”, azaldu du pilotariak, irribarre zabala erakutsiz.

Emakumeen arteko lehian eskuz aritzeko aukera batera jaso dute izebak eta ilobak. Iaz, Bartzelonako Nafarroako etxeak txapelketa antolatu zuen. Haren berri jaso eta gero, izena ematea erabaki zuten pilotariek. “Ezin nuen sinetsi; sekulako txapelketa antolatu zuten, eta Asegarce eta Aspe ere agertzen ziren babesle gisa. Hemen inoiz ez digute deus eman, eta han ari ziren emakumeen arteko lehiari bultzada ematen”, gogoratu du Maite Ruiz de Larramendik.

Bikotekako txapelketa zen Bartzelonakoa. Maite Ruiz de Larramendik Yanira Aristorena izan zuen kantxan lagun. “Inoiz ez zen eskuz aritu, baina, saiatzeko eskatu, eta ongi ematen ziola ikusi nuen. Aurrera egin genuen!”.

Azken urteotako bultzada

Eskuz aritzeko aukera eskaini zion Bartzelonak Ruiz de Larramendiri, 14 urterekin txapelketak bazter utzi behar izan eta gero. Orduko urduritasuna gogoan du pilotariak. “Sekulako emozioa sentitu nuen. Zoragarria izan zen. Takoak nola jarri ez nekien, eta ilobak lagundu behar izan zidan”. Nafarren arteko finalean, Maite Ruiz de Larramendi eta Yanira Aristorena nagusitu ziren. “Ilobak ere txapela lortu zuen bere mailan!”.

Bartzelonako txapelketa pizgarri izan zen Nafarroan ere eskuz aritzen diren emakumeek frontoian nahi zuten tokia eskuratu ahal izateko. 2015ean, gainera, Aldatze pilota taldea sortu zuten Iruñean. Eskuz aritzen ziren emakumeek sortu eta osatu zuten. Halako ekinaldiek bultzatuta, eskuz binakako txapelketa bat egin zuten iaz herrialdean, lehendabiziko aldiz. “Master Cup hori berriz eginen dute aurten, baina banaka. Binaka egiteko asmoa bazen hasieran, baina ez dago pilotari nahikorik. Aldatze taldeko kideak hor ziren iaz, baina desegin dute”, azaldu du Maite Ruiz de Larramendik, penaz.

“Ulertzen dut jendeak uztea, ez delako batere erraza. Nik ere izan dut amore emateko tentazioa hamaika aldiz, baina gazteak ikusten ditut, eta argi dut ezin dudala etsi”. Oberena taldeko kide da pilotaria, eta 2005ean jarri zuen martxan hango pilota eskola emakumeentzat. “Neskei erraten nien lagunak animatzeko. Kontua zen jakin zezatela aukera hori zutela. Saiatzea. Talde sendoa osatu nahi nuen, batzuek utzi arren, nahi zuenak aurrera egiteko aukera izan zezan”.

Orain aukera hori lehen baino gertuago dagoela argi du Maite Ruiz de Larramendik. Hau da, nahi duenarentzat gauzak beretzat baino pixka bat errazagoak direla orain. Herrian ere, Eulaten, Ameskoa taldearen berpiztea bizi izan du pilotariak. Frontoian gozatzen du gehien, hala ere. Udan, hogei jaialdi ingurutan parte hartu du, ilobarekin batera. “Getarian lehen txapela irabazi genuen elkarrekin. Esperientzia ederra izan zen”. Bat egin du Olatz Ruiz de Larramendik izebarekin. “Hamaika partida jokatu dugu! Hainbat asteburutan bat baino gehiago ere bai!”.

Izebak lanarekin uztartu behar izaten du pilota. Ilobak, berriz, ikasketekin. DBHko hirugarren maila egiten ari da. Arazorik ez duela nabarmendu du. Orain, halere, Uharten jokatuko duen txapelketa baino ez du buruan. “14-17 urte bitarteko emakumeak ariko gara, eskuz eta banaka”. Zortzi pilotarik eman dute izena, denera, eta abenduan jokatuko dute finala.

Pilota bizitzeko, palan aritu da Maite Ruiz de Larramendi. Epaile eta entrenatzaile ere bada, emakumeak orain arte egon ez diren tokietara ailegatu nahi baitu. “Epaile emakume gutxi gara; kirol jokoetarako deitzen gaituzte, ez, ordea, gizonezkoen eskuz banakako txapelketara”, azaldu du. Bidea egiten jarraitu nahi du; bertzeak bertze, ilobarentzat. Olatz Ruiz de Larramendik izebaren zaletasun eta ilusio bera du. “Profesionala izatea? Zergatik ez”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.