Lehen pausoa, umeei sinestea

Ibai Maruri Bilbao / 2017-11-23 / 451 hitz

Biktimen salaketak ez sinistera garamatzan sistema batean bizi gara», salatu du Estrela Gomezek. Agamme Asociacion Galega contra o Maltrato o Menores elkarteko kidea da; sexu abusuak sufritu dituzten adingabeekin 2010. urtetik lan egiten duen Galiziako elkartekoa.

Ohartarazi du ume eta nerabe horien kasuan sinesgarritasun falta are larriagoa dela. «Biktima babestu ordez, erasotzailea babesten da». Gure Sarea elkarteak antolatutako Haurtzaroarekiko biolentzia sexualaren sekretua hausten izeneko jardunaldian aritu zen atzo, EHUren Leioako campusean.

Azaldu duenez, horrelako abusu kasu bat auzitara iristen denean «zalantzarik sortzen ez duten behin betiko frogak» eskatzen dira. «Baina hori ezinezkoa da gehienetan. Beraz, bi bide baino ez zaizkigu geratzen: adierazleak eta umearen kontakizuna». Ohartarazi du adierazleak identifikatzen jakiteko prestakuntza falta zaiela profesionalei. «Jakin egin behar da umeen jarreran zerk salatzen duen abusua sufritu duela». Eta salatu du umeen kontakizuna jasotzeko gabezia handiak daudela. «Horretarako unitate bereziak falta dira; adingabearekiko enpatia erakutsiko duten profesionalik ez dago, eta sarri generoari lotutako aurreiritziekin jokatzen da».

Gure Sarea elkarteko kide Maite Sanchezen arabera, «umeen aurkako sexu indarkeria justifikatzen duen testuinguru ideologikoa» dago. Haren ustetan, indarkeria mota hori ez litzateke egongo sistema patriarkaletik kanpo. «Eta sistema patriarkala ez litzateke existituko sexu abusurik gabe». Mitologia greziar eta erromatarra, gaur egungo literatura eta musika arloko lanak, publizitatea, moda… hainbat diziplina errepasatu ditu, erakusteko zenbateraino dagoen presente pederastia egunerokoan.

Ohartarazi du ez direla kasu bakanak. Estatistiken arabera, %25ek sufritu dituzte sexu abusuak ume zirenean. Kasuen %15 baino gutxiago ezagutzen dira. Ezagutzen direnetatik, %10 salatzen dira, eta horietatik %95 artxibatu egiten dira, froga falta argudiatuta. Epaiketara iristen diren %5 horien artean, %1ean zigortzen da erasotzailea. «Ukatu ezin diren frogak daudenean baino ez da onartuko erasoa egon dela, eta ez beti. Sistema patriarkalak leku guztietan du erasotzaileak babestuko dituen jendea: hezkuntzan, Justizian, parlamentuetan, hedabideetan…».

Biktimak, babesgabe

Gomezek salatu du Espainiako legediak eta justizia sistemak ez dutela betetzen Europako Batasunak ezarritakoa. Hala salatu zuten beste elkarte batzuekin batera Europako Parlamentura bidalitako gutun batean. Eta erantzunean nolabait salaketa ontzat eman dietela esan du, nahiz eta erabat aitortu ez. Besteak beste, Europako zuzentarauek ez dute onartzen biktimen kontakizuna erasoa izan denetik asko luzatzea, galdeketak behin eta berriz errepikatzea, prestakuntza berezia jaso duten profesionalek ez egitea. «Espainian hori guztia ez da betetzen. Eta biktimak erasotzaileekin egoten dira lekukotasuna eman aurretik. Sarri elkarrekin bizi dira ikerketak zabalik dirauen bitartean». Murtziako (Andaluzia) kasu bat aipatu du: amak beste kontu batengatik auzi penal bat zuela eta, umearen zaintza sexu erasoagatik ikertzen ari diren aitari eman dio epaileak. «Erasotzailearen esku, alegia».

Umeei beti sinesteko eskatu dute biek. «Nola asmatuko dute sexu abusu bat zer den ere ez dakitenek?». Salatu dute askotan esaten dela amek jartzen dituztela seme-alabak aiten aurka. Umeen aurkako sexu abusuak eta andreen kontrako indarkeria lotu dituzte. «Kasu bietan, salatzera ausartu diren emakumeek jasotzen dituzten mehatxuak berberak izaten dira».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude