Zenbait tokitako nerabeak nahasiz, euskara gailendu da udalekuetan

Garikoitz Goikoetxea / 2018-04-18 / 394 hitz

‘Mingaina dantzan’ udalekuen lehen balantzea egin dute: %75eko erabilera eduki du euskarak. Moldaketa batzuk egingo dituzte aurten.

Euskara ohiko hizkuntza dutenak eta ez dutenak, euskaraz aiseago egiten dutenak eta zailtasunak dituztenak, eremu soziolinguistiko batekoak eta bestekoak. Eusko Jaurlaritzak Mingaina dantzan udalekuak antolatu zituen iaz, azterketa soziolinguistiko bat egiteko helburuarekin: nola eragin euskararen erabileran hainbat eremutako nerabeak nahasiz. Azterketaren emaitzak dio euskara izan zela udalekuetako hizkuntza nagusia —%75etik gora, neurketaren arabera—, eta eremu soziolinguistiko erdaldunetako nerabeek «inoiz baino euskara gehiago» erabili zutela egun horietan. Aurten ere egingo dute proba, egokitzapen batzuekin. Aisialdian euskararen erabilera areagotzeko «gakoak» topatzea dute helburu.

Mundakan (Bizkaia) egin zituzten udalekuak iaz, 12-13 urteko nerabeekin. Bi txanda egin zituzten. Baldintza bat zuten: gehiago izatea eremu euskaldunetako nerabeak. Iñaki Eizmendi Ebete aholkularitzako kideak azaldu duenez, azkenean ez zuten helburua lortu, eta eremu erdaldunagoetako gaztetxoak izan ziren gehiago. Emaitzetan badauka eragina horrek: «Proportzioak alderantzizkoak izan balira, euskararen erabilera handiagoa izango zen».

Lortutako datuak nabarmendu dituzte, hala ere. Nahiz eta udalerri euskaldunetakoak gutxiengoa izan —heren bat inguru—, euskara izan zen hizkuntza nagusia, egindako neurketen arabera. Eizmendik gogoratu du bestelakoa izaten dela joera: «Eremu desberdinetakoak nahastuta, gaztelaniaz egitea izaten da ohikoena». Euskararen erabilera bultzatzeko hainbat neurri probatu zituzten; esate baterako, Eusle metodologia bultzatzea —batzuek euskarari eusteko konpromisoa hartzea—, eta sare sozialetan euskarazko edukiak txertatzea. Hezitzaileen rola ere zaindu zuten bereziki —Ttakun taldeak bideratu du hori—. Eta euskararen erabilera bultzatzeko neurri horiek guztiak aisiarekin lotu dituzte. «Udalekuak dira: ondo pasatzera doaz hara».

Eremua eta etxekoa

Aurten ere egingo dituzte udalekuak, Berrizen (Bizkaia), eta sakondu egingo dute ikerketa. Eizmendik aitortu du, izan ere, erabileran ez zutela lortu esperotako emaitza, nahiz eta euskara nagusitu. Aurten ere bi txanda izango dira, baina ez dute irizpide bera izango bietan. Lehenengo txandan, iazko irizpidea jarri dute: udalerri euskaldunetakoak izatea hirutik bi. Bigarrenean, etxeko hizkuntza: etxean euskaraz aritzen direnak izatea hirutik bi. Faktore horien eragina ikertuko dute. Izena emateko epea zabalik dago, datorren astearen bukaerara arte —ostirala da azken eguna—, Mingainadantzan.eus webgunean. 30 leku daude txanda bakoitzean, eta, izen emateak gehiago balira, hautaketa egingo dute ikerketarako irizpideak kontuan hartuta.

Udalekuak eurak ez dira helburu, baizik eta «gakoak» aurkitzea ohiko udalekuetan eragiteko. Hori nabarmendu du Miren Dobaranek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Egitasmo pilotu bat da, ikerketa soziolinguistikoak egiteko erabili nahi dutena; Jaurlaritzarekin batera, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea eta Eudel udal elkartea ari dira lanean. Gainerako udalekuetan eragiteko asmoz, argitalpen bat prestatu dute iazko proiektuaren emaitza nagusiekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude