Kalamua: kea eta aukera

Edu Lartzanguren / 2018-05-25 / 1037 hitz

Lidl supermerkatu kateak marihuana ‘light’-a salgai jarri du Suitzan. Kalamua normaltzeko joera dago munduan, oro har, eta industria indartsu bat sortzen ari da. Euskal Herrian bada mugimendua, baina legea oztopo handia da.

Garaiak aldatzen ari dira. Duela hamar urte, nork esango zuen supermerkatuetan kalamu zigarretak erosi ahalko zirenik. Errealitatea da Suitzan, apirilaren 19tik. Lidl supermerkatu kateak kalamua duten zigarretak salgai jarri ditu, legez, Heidi eta Pelloren herrialdean. Estankoetan ere salgai dute Zurichen eta Bernan.

Nolatan da legezkoa? Zigarreton %1 bakarrik da THCa; hori da kalamuaren gai psikotropikoa. Ondorioz, Suitzan saldutako kalamuak ez du erretzailea horditzen; bai, ordea, erlaxatzen. Produktua osasungintzarako erabil daiteke, antsietatearen, minaren eta botaguraren kontra, esaterako.

Lidlek kanabisarekin eginiko bi produktu merkaturatu ditu: 1,5 gramoko zigarretak eta 3 gramokoak. Lehena argi elektrikopean hazitako landareekin eginikoa da, eta 15 euroan saltzen dute. Bigarrena, berotegian hazitako landareekin egiten dute, eta ia bi euro garestiagoa da. Horrez gain, norberak liatzeko kalamua saltzen du, tabakoaren ordezko gisa. Suitzan bertan hazten dute kalamua, eta laborategian kontrolatzen dute THC kontzentrazioak ez gainditzea legearen muga. Haatik, produktuok kanabidiol kontzentrazio handia dute. THCa ez bezala, kanabidiola (CBD) legezkoa da, edo, behintzat, ez dago horren jazarrita, ez delako psikotropikotzat jotzen. Edonola ere, medikuntzarako balio handiko osagaia da. «Suitzako legeak %1eko muga jartzen dio THCari, produktua legeztatzeko», azaldu du Ekaitz Agirregoitia biologoak. «Baina hemengo legediaren muga %0,2 da». Agirregoitiak kalamua botika gisa erabiltzeko aukerak ikertzen ditu, eta bere buruarekin esperimentatu du urte luzez, kolitis ultzeraduna hesteetako gaitza duelako.

Biologoak esan du Euskal Herrian ere badagoela eskuratzerik Suitzakoa bezalako produktuak, «eta Suitzako prezioetan, gutxi gorabehera». Internet bidez erosten du berak CBD olioa, esaterako. Halere, produktu horiek saltzen dituzten guneak legearen mugan ibiltzen dira beti.

Euskal Herrian, gaur, legez saltzen dute Sativex sendagaia. Erdia THCa da, eta erdia CBDa. «Ilegala litzateke, baina botika gisa errezetatzen dute», esan du biologoak. Esklerosi anizkoitza dutenei ematen diete, espastizitatea arintzeko, hau da, giharren zurruntasuna. Bestela, gainerako botikek huts egin dutenean ematen diete gaixoei. Agirregoitiaren arabera, haurren epilepsian ere erabiltzen da, krisiak eragozten dituelako.

Gustavo Renobales maitemindurik dago kalamuarekin. Ez landarearen produktuekin, baizik eta landarearekin berarekin: «Mikroskopioan ikusita, guztiz ederra da», esan du EHUko Farmazia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia saileko irakasle izandakoak. Sexualki ugaltzen da kalamua: hau da, landare arrak eta emeak daude. «Horrek joko handia ematen du aldaera xelebreak agertzeko», eta bakoitza osagai kimiko ezberdinetan da aberatsa. «Kalamua izugarri erabilgarria iruditzen zait mina tratatzeko, minbizi kasuetan, esaterako», esan du Renobalesek.

Kalamu haziak Donostian

Euskal Herrian kalamuaren inguruan dauden enpresen kasu tipikoa da Donostiako Dinafem. Grow shop gisa hasi ziren, duela 15 bat urte, kalamua norberarentzat hazten dutenei haziak, argiak, lurra eta ongarria saltzen, La Motaizenarekin. Herbehereetatik ekartzen zituzten haziak, baina laster ikusi zuten hemen ekoiztea askoz interesgarriagoa izango zela.

«Duela 11 urte hasi ginen hazi bankoa osatzen, lauzpabost genetikarekin», adierazi du Leire Arruabarrenak, Dinafemeko marketin arduradunak. «Duela hamabost urte, holandarrek bakarrik egiten zuten. Gu haziz joan gara, eta tokia hartzen». Dozenaka kalamu aldaeraren haziak saltzen dituzte gaur, tartean CBD asko dutenak.

Edonola ere, legearen ezpataren gainean orekan ibili behar dute beti. Dinafemek ez ditu haziak ekoizten; bakarrik banatu egiten ditu, eta ezin ditu nekazaritzarako helburuekin saldu, baizik eta bildumagileentzako bitxikeria gisa: «Haziak saltzea legezkoa da; ez, ordea, gero hazi horiek landatzea. Oroigarri moduan saltzen ditugu, beraz, suposatuz erosleak telebistaren ondoan jarriko dituela apaingarri».

Kalamu light-a esaten diote CBD asko eta THC gutxi duenari. Asko ari da zabaltzen Italian eta Alemanian, Arruabarrenak esan duenez. «Euskal Herrian, gizarteak onartuta dauka kalamua, eta lanpostu asko sor zitezkeen, baina dagoeneko berandu gabiltza horretan». Bat dator Agirregoitia biologoa: «Europan ez diogu heltzen eztabaidari». Adierazi du berak «dosi handitan» hartu duela CBDa, eta nabarmendu du «mesede» egiten diola hesteen inflamaziorako. Baina, legea zehaztuta ez dagoenez, ez dauka sendagile baten kontrolik atzean. «Kamamila bezala hartzen dugu, baina ez da gauza bera».

Edonola ere, biologoak uste du aldaketa datorrela. Sintoma bat: Espainiako Alcaliber enpresa opioaren produktuen ekoizle handienetako bat da munduan (morfinaren produkzioaren %27), eta udazkenean ituna egin zuen Canopy Growth Corporation eta Spektrum Cannabis enpresekin, medikuntzarako kalamuaren negozioan buru belarri sartzeko. «Honek eztanda egingo du. Eta oso ondo! Baina pastela banatzen ari da, eta irabazleak egongo dira», esan du Agirregoitiak. «Euskal Herrian prestatuta gaude eztandarako: ez gara konpartsak izango».

Burbuila AEBetan

Duela ia urtebete, kalamua lurralde osoan legeztatzen duen lehen herrialdea bihurtu zen Uruguai. Estatuak kontrolatzen ditu ekoizpena, produktuaren kalitatea eta osasungarritasuna. Botiketan saltzen dute, eta herritar bakoitzak hamar gramo eros ditzake astero. Esperimentuak arrakasta izan du. Kalamuaren merkatu beltza amaitu egin da Uruguain, eta herritarrek produktu labelduna eros dezakete, merke: lehen, kontsumitzaileek 80 bat euro ordaintzen zizkieten trafikatzaileei 25 gramo kalamurengatik; orain, 25 bat euro ordaintzen dizkiote botikariari. Bestela, herritarrek eskubidea dute kalamua etxean hazteko (gehienez sei landare), edo kalamu klubetako kide egin daitezke. Klubek ezin dituzte 45 kide baino gehiago izan, eta kide bakoitzak hilean 40 gramo atera ditzake gehienez.

Ameriketako Estatu Batuetako bederatzi estatutan legezkoa da kalamua botika gisa zein plazererako saltzea: Alaskan, Kalifornian, Coloradon, Mainen, Massachusettsen, Nevadan, Oregonen, Vermonten eta Washingtonen. Estatu bakoitzak ematen ditu baimenak kalamu saltokiak zabaltzeko. Vermonten eta Columbia barrutian norberak erabiltzea baimendu dute; ez, ordea, saltzea.

Kalamua merkatu beltzetik atera da han, beraz, eta etxalde askok ekin diote landarea hazteari, legezko saltokiak hornitzeko. Horrek burbuila bat sortu du, eta, burbuilekin gertatzen den bezala, lehertu egin da.

Oregon estatuan hazten dute kalamu gehien, eta azken hilabeteetan merkatuak eskatzen duena halako hiru ekoitzi dute. Ondorioz, maiatzaren hasieran kalamu gramoa ardo baso bat baino merkeagoa zen han. Horrek ondorio latzak ekarri dizkie ekoizleei: etxaldeak itxi behar izan dituzte, jendea lanik gabe geratu da, eta ekoizle askok aurrezkiak galdu dituzte, dena kalamuaren kean inbertitu zutelako.

Kalamuaren industria Euskal Herrian garatuko balitz, «berriz» zabaldu dela esan beharko litzateke. Izan ere, antzina asko erabiltzen zen landarea, besteak beste itsasontzietarako sokak egiteko. Horren lekuko dira geratu diren toponimoak. Kalamua mendia dago, oraindik ere, Eibarren (Gipuzkoa). Calamuaga zen XVIII. mendean, Koldo Mitxelenaren arabera, Borja Ariztimuño Lopez filologoak gogoratu duenez. Galamuza bat bazegoen Araban, 1695. urtean jasoa, eta baita Galamubagui bat (Egino, Araba, 1702), eta Galamucha bat (Donemiliaga, Araba, 1876). «Hirurak alor izenak dira, eta kalamu landaretik datoz».

Lidlerena, ziurrenera, publizitate maniobra bat da, Agirregoitiaren arabera, baina «onura» ekar dezake, Europan legeak aldatzen lagun baitezake. «Edonola ere, niri beldurra ematen dit medikuntzarako balioa duen gai bat supermerkatuetan saltzeak, desbideratu egiten delako horrek duen ahalmena. Kontsumoa ez da berez ona, eta kalamuak baditu berezko arriskuak».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude