Kirolaren balioen eredu

Ana Eslava / 2018-05-09 / 1004 hitz

Adimen urritasuna duten gazteek jokatzen dute Genuine ligan. Hemezortzi taldek parte hartzen dute urte honetan abiatutako ligan; besteak beste, Osasunak, Realak eta Athleticek. Futboleko emaitzez gain, portaera zuzenak saritzen diuzte. Jokalariek esan dute asko ikasten ari direla.

Espainiako futbol ligak lehiaketa berezi bat sortu du urte honetan. Genuine izena du, eta adimen urritasuna duten pertsonek osatzen dute. 2017-2018ko denboraldian abiatu dute lehiaketa, Nastic de Tarragona taldearen ekimenez, kolektibo horretako gazteei futbolean «normal» jokatzeko aukera emateko helburuarekin. Lehenbiziko denboraldian hemezortzi talde batu dira egitasmora, eta horien artean Euskal Herriko hiru daude: Osasuna, Reala eta Athletic. Talde horiek beste elkarte batzuekin duten elkarlanari esker sartu dira Genuine ligan, hainbat urte daramatzatelako gizarteratzearen aldeko ekintzak antolatzen. Oraingoa «beste urrats bat» izan da.

Athletic fundazioak Gaude, Geu Be, Adizmi, Gorabide eta Downenen sindromearen Fundazioarekin batera osatu du taldea. Ricardo Mendiguren Athletic fundazioko presidenteak azaldu duenez, talde horiekin adimen urritasuna duten pertsonentzako hainbat jarduera antolatu dituzte: «Bi programa dauzkagu elkarrekin, bat haurrentzat, eta bestea helduentzat. Gure helburuak berberak dira; horregatik, oso forma naturalean jarri ginen lanean Genuine ligan sartzeko». Egindako urrats horrekin adimen urritasuna duten pertsonen parte hartzeko eskubidea bermatu, haien bizi kalitatea hobetu eta haien gizarteratze prozesuan lagundu nahi dutela azaldu du. Haren ustez, futbolak, kasu honetan, «tresna» gisa funtzionatu behar du, gazte horien bizi kalitatea hobetzeko.

Bestalde, Osasuna Fundazioa martxoan Nafarroan dauden adimen desgaitasuneko lau zentroekin lanean jarri zen, futbol eskolak sortzeko. Ondoren, eskola horietan izena eman zuten gazteekin osatu zuten Genuine Ligako taldea.

Real Sociedad fundazioak, berriz, Atzegi elkartearekin batera sortu du taldea. Urteak daramatzate elkarte horrekin lanean, eta, besteak beste, ElkarriOn izeneko futbol txapelketa antolatzen dute: adimen urritasuna duten eta ez duten gazteak elkartzen dituzte, eta denen artean 4x4ko txapelketa jokatzen dute.

Genuine liga futbol 8ko modalitatean jokatzen da, hamar minutuko lau zatiko partidetan, eta hiru taldeko sei multzotan. Lau fasetan banatuta dago: asteburu osoko lau topaketa dira, eta horietan talde guztietako gazteak elkartzen dira. Dagoeneko hiru egin dituzte: lehena Vila-realen (Castello, Herrialde Katalanak), bigarrena Tarragonan (Herrialde Katalanak) eta hirugarrena Mallorcan (Herrialde Katalanak). Azkenekoa, berriz, Vigon (Galizia) jokatuko dute, ekainaren 8tik 10era.

Athletic Fundazioko presidentearen ustez, topaketa horiek «mesedegarriak» dira gazteentzat, toki askotako lagunak egiten dituztelako, eta guztien arteko elkarbizitza «ona» delako haientzat.

Talde guztietan entrenatzaileak eta begiraleak daude, eta bigarrenak gazteak zaintzeaz arduratzen dira. Jokalarien eta entrenatzaileen artean gizonak eta emakumeak daude; baina, oraingoz, gehienak gizonak dira. Neska gehien dituen ligako taldea Athletic da: lau. Mendigurenek «garrantzizkotzat» jo du emakumeen parte hartzea bermatzea, eta hori bultzatzen saiatuko direla ziurtatu du.

Lehiaketaren sailkapenak berezitasun bat du: kirol emaitzez gain, portaera eta joko garbia baloratzen dituzte, eta jardunaldi bakoitzean talde guztiek kalifikazio bat izaten dute. «Aurkariarekiko eta taldearekiko errespetua, lana, esfortzua, konpromisoa eta laguntasuna lantzen ditugu; kirolaren benetako balioak, azken finean», adierazi du Egoitz Ugartemendia Realeko Genuine taldeko entrenatzaileak.

Lehiaketa horri esker, adimen urritasuna duten pertsonak «besteak bezalakoak» direla sentitzen dutela nabarmendu du: «Zubietara joaten dira entrenatzera, eta bertan harrobiko beste taldeetako gazteekin gurutzatzen dira; horrek balio handia du haientzat». Azaldu duenez, entrenatzaileentzat talde hori harrobiko gainontzeko taldeak bezalakoa da; horregatik, entrenamenduak modu berean egiten saiatzen dira. Gazteak pozik daudela eta ondo erantzuten dutela esan du: «Entrenamenduetara sasoi betean joaten dira».

Genuine futbol ligan kirolaren berezko balioak lantzen badira ere, futboleko liga profesionalean baino gehiago errespetatzen dituzte; hori uste dute Ugartemendiak eta Mendigurenek. Horregatik, argi dute talde horiek gainontzekoentzat «eredu» izan beharko luketela. Realeko entrenatzailearen hitzetan, zelaian, astero, «ikusi eta ikasi» beharreko jarrera anitz ematen dira, lehen mailako ligan ikusten ez direnak: «Partidetan lehia dago, baina amaieran denen artean besarkadak ematen, agurtzen eta argazkiak egiten dituzte». Mendigurenek, berriz, topaketetako giroa nabarmendu du: «Hemezortzi taldeetako pertsonak batuta daudenean, ikustea zelako laguntasuna eta elkartasuna dagoen guztien artean… Hori izugarria da».

Jokalarientzat onuragarria

Lander Otxandorena eta Asier Bolivar Osasunako Genuine taldeko jokalariak dira. Osasuna Fundazioaren bitartez heldu ziren talde horretara, eta, aurtengoa lehenengo denboraldia izan arren, lehiaketaren oinarriak ikasi eta barneratu dituzte dagoeneko. «Joko garbiak eta laguntasunak irabazteak baino gehiago balio dute: adibidez, gure taldeko atezainari gola sartzen diotenean, denok joaten gara hura besarkatzera eta animatzera; eta guk sartzen dugunean, gauza bera», adierazi du Otxandorenak. «Liga hau berezia da: liga normalean, beste taldeko norbaitek min hartzen badu, berdin zaie, han soilik irabazteak balio duelako. Gu, berriz, harengana joaten gara, laguntzera».

Bolivarrek adierazi duenez, Osasunan jokatzea harentzat amets bat zen, horregatik, etekina ateratzen saiatzen ari da: «Gogo handiarekin joaten naiz entrenamenduetara, beti ikasten dudalako zerbait». Txikitatik aritu da kirolean; lehenbizi txirrindularitzan, eta ondoren, areto futbolean; kirolak pozik egoten laguntzen diola ziurtatu du. Orain, talde berrian egiten ari diren lanketari esker, bizitza pertsonalean ere hobekuntzak izaten ari dela ikusi du: «Jendearekin harremanak izateko orduan lagundu dit: orain mundu guztia agurtzen dut, badakit jendeari ongi hitz egin behar diodala, ez dudala inor iraindu behar…». Otxandorenak, berriz, azpimarratu du lehiaketak bizitza aktiboago eta osasuntsuago bat egitera bultzatzen duela.

Osasunako bi jokalariak Tarragonan, Vila-realen eta Mallorcan izan dira. Adierazi dutenez, bidaia horietan asko disfrutatu dute, jende asko ezagutu dutelako, eta jokalarien, gurasoen eta lagunen artean «sekulako giroa» sortu delako. «Han talde guztietako zaleak elkartzen dira gu animatzeko; guztiak ongi moldatzen dira, hemen denak bat eginda gaudelako», esan du Otxandorenak.

Jokalarien senideak ere jabetzen ari dira gazteak bizitzen ari diren esperientziaz. «Nire gurasoak oso pozik daude, ezin sinetsita, guk ez genuelako hau aurreikusten. Nork esango zidan Osasunan jokatuko nuela, eta toki batetik bestera bidaiatuko nuela?», adierazi du Bolivarrek. Bere lagunak ere «harrituta» daudela dio: «Batzuk inbidia pixka bat dute, primeran pasatzen dudalako».

Gurasoen poztasuna

«Gazte hauek pizgarri gutxi dituztenez, futbola guztia da haientzat». Mari Carmen Burgeterenak dira hitzak. Osasuna Genuineko jokalari baten ama da, Alberto Ibañezena. Haren semeak zortzi urte daramatza areto futbolean jokatzen, eta kirolak motibazio bat eta eginbehar bat izaten laguntzen diola adierazi du. «Entrenamenduetara doa jai batera joango balitz bezala». Mota horretako proiektuek gazteei diren modukoak izateko aukera ematen dietela uste du: «Hor guztiak berdinak dira, inork ez diolako inori barre egiten; horregatik, gustura daude». Bestalde, entrenatzaileen lana goraipatu nahi izan du: «Zoragarriak dira: zaintzen eta mimatzen dituzte, eta, aldi berean, hezten dituzte». Aurrera begira proiektuan jarraitzen saiatuko direla ziurtatu du: «Osasunan hasi zenetik, bera zoriontsu delako, eta gu ere bai».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude