Orreaga Ibarra, filologoa: «Lexiko bat hiltzen ari da, eta beste bat sortzen»

Iker Tubia / 2018-06-05 / 387 hitz

Euskarak zer aldaketa izan dituen aztertu ditu Ibarrak. Gazteen hizkerari nabarmen erreparatu dio, aldaketak haiek sortu ohi baitituzte. Beste hizkuntza handien eragina ere aipatu du.

Euskararen bilakaera eta gazteen euskara aztergai ditu Orreaga Ibarra NUPeko Filologia saileko irakasleak (Mezkiritz, Nafarroa, 1960). Horren ondorioak El euskera de ayer y de hoy: variación y contacto liburuan bildu ditu (Pamiela, 2018).

Asko aldatu da euskara azken ehun urteetan?

Bilakaera handia izan du arlo guztietan: lexikoan hitz pila bat galdu dira, eta berriak sartu dira; esaldiak josterakoan kalko berriak sortu dira; fonetikan aldaketak egon dira gutxinaka…

Beste hizkuntzen pare?

Hizkuntza guztiak bizirik daude, eta hizkuntzaren sena aldatzea da. Europako hizkuntza guztietan homogeneizazioa gertatu da, dialektoak gero eta lausoagoak dira. Bestalde, ingelesak denetan du eragina.

Aldaketak nabarmenagoak dira euskalkietan?

Euskara batuak bortizki eragin du euskalkietan. Alde batetik, euskara batuak homogeneizazio hori eragin du, eta ezaugarriak lausotu egin dira pixka bat. Konbergentzia aroan gaude; gero eta batuago hitz egiten dugu. Gazteak ere hara eta hona ibiltzen dira, eta berrikuntzak hartzen dituzte. Tafallako gazte batek ondo edo ostean esan diezazuke.

Batzuk kezkaturik daude, euskalkiak galduko ote diren.

Alde batetik, normala da. Esentzia galtzeko beldurra dago. Baina, beste alde batetik, hizkuntzak egokitu egin behar du, eta tresna izan behar du. Balio behar dizu esateko flipatu egin duzula edo desfasatu egin zarela. Bada hiltzen ari den lexiko bat, nekazaritzari lotutakoa, eta sortzen ari den beste bat: txateatuwhatsappeatu….

Euskara berregokitu egin da?

Bai. Kontua da beste hizkuntza batzuek duela 500 urte egin zutela estandarizazioa. Zaindu egin behar dugu hizkuntza, baina hizkuntza hiztunena da; haiek erabiltzen dute, eta, batzuetan, nahiz eta ez gustatu, aldaketak badaude. Adibidez, yeismoak ez du atzera bueltarik.

Gazteek egiten dituzte aldaketa gehienak?

Bai, hizkuntza guztietan. Berrikuntza horietako batzuk etorkizunean iraungo dute, eta beste batzuk boladan jarri diren bezala desagertuko dira. Heldu batzuek ere egingo dituzte aldaketa horiek, mundu guztiak gazte itxura izan nahi baitu. Hala ere, gaizki ikusiak daude.

Nola sortzen dira aldaketak?

Infekzio bat bezala. Izan daiteke txiste bat, hizkuntza ekonomiagatik… Poliki hasten da, eta hedatu egiten da. Konturatzerako, hedatuta dago. Nork sortu zuen en plan? Batzuetan, film edo telesailen bidez zabaltzen da, edo politikarien bidez. Aldaketa fonetikoak isil-isilik gertatzen dira. Normalean, hiriak izaten dira berrikuntzen sorburu.

Iparraldean eta Hegoaldean hizkuntza ezberdinek eragiten dituzte aldaketak. Aldea handia da?

Urruntzen ari dira. Baionara joateko errepidea dugun arren, muga gero eta nabarmenagoa da. Fonetikan, adibidez, berehala antzematen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.