Espainiako Haur Literatura saria, Juan Kruz Igerabideri

Amagoia Gurrutxaga Uranga / 2018-09-28 / 282 hitz

‘Abezedario titirijario (letren txotxongiloa)’ liburuagatik saritu dute. Epaimahaikideek idazlearen hizkuntza poetikoa nabarmendu dute

Abezedario titirijario (letren txotxongiloa) liburuko hizkuntza poetikoaren erabileran «maisutasuna» ikusi dute Espainiako Haur eta Gazte Literatura Sariko aurtengo epaimahaikideek. «Hizkuntza poetiko hori oihartzun sinbolisten aliterazioekin, nonsense umorearekin, absurduarekin, fantasia rodariarrarekin eta euskal ahozko tradizioarekin elikatzen da», erantsi dute.

Juan Kruz Igerabidek (Aduna, Gipuzkoa, 1956) idatzia da liburua; Denonartean etxeak argitaratua; 5-7 urteko irakurleentzako moduko gisa sailkatua; katalanera, galegora eta gaztelerara itzulia. 20.000 euro jasoko ditu idazleak sari. «Egoskorra» izaki, saririk gabe ere idazten segituko lukeela adierazi zuen atzo bertan, saria eman ziotela jakin berritan. Halako sari batek idazteko animoa areagotu dezakeela ere erantsi zuen, albistearekin zorabiatuta zegoela nabarmenduta.

Espainiako Kultura Ministerioak ematen du Igerabidek jaso duen saria, eta epaimahaia osatu dute Olvido Garcia Valdesek (presidente), David Garcia Rivasek (presidenteorde) eta bost eledunek: Soledad Puertolas, Maria Pilar Jimenez, Mariasun Landa, Josep Gonzalez-Agapito eta Mari Jose Olaziregi. Espainiako estatuan ofizialak diren hizkuntzetako edozeinetan idatzitako lanak dira saria jasotzeko hautagaiak.

Lehenago ere saritua

Atzo jakinarazi zutena ez du lehen saria Igerabidek. Ezta irakurle gazteenentzako lehen lana ere. Izan ere, haur eta gazte lateraturako 30etik gora liburu eman ditu orain artean. Ezagunenetako bat, 1999an Euskadi Haur eta Gazte Literatura Saria eman zion Jonas eta hozkailu beldurtia. Igerabidek Jonasen abentura gehiago idatzi izan ditu gerora.

Baporea Saria ere bi aldiz eman diote, Gau, gau, gau. Oi zein ituna (1997an) eta Kakotxen k herrialdea (2006an) lanengatik. Haurrentzako poesia liburuak ere idatzi izan ditu: Kartapazioko poemak (1998) eta Hosto gorri, hosto berde (2002), besteak beste.

Helduentzako lanetan, poesiaz gain, eleberriak —Hamabi galdera pianoari lehena, 1999an—, narrazioak —Izar bat agertu da, 2001ean—, aforismoak —Labur txintanazkena, iaz— zein saiakera landu izan ditu. Bularretik mintzora (1993) saiakeran, hain zuzen ere, ahozko tradizioa aztertu zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude