Inor ez da ilegala

Maddi Imaz / 2019-02-07 / 419 hitz

Ahanzturaren olatuek kontatu digute zenbaitek isiltzen duten hori. Bertan aurkitutako bizi gabeko gorpuek zenbat duten esateko, zenbat zuten bizitzeko.

Olatu indartsuenean dago gordea, arimetan, borrokatzeko grina, bizitzeko gogoa, itxaropen oihua, dena galdua. Nola da posible bizi berri baten bila datozen/zentozenen arimek baliorik ez izatea? Itsasoa ere haserre dago, hondoratuta dauden horien indarra damarki bere baitan, bai eta bere gain egoera kaxkarrean aurkitzen diren haur, ama, aita, pertsona… horien bizien indarra ere. Lurraren aurka talka egitean, olatu bortitzek harkaitza hausten dute bizia galdu duten horien oroimenean, paretetan idatziz askoek isiltzen dutena.

Denbora. Gizakiok sortu dugun eta hainbeste balio ematen diogun hori, zenbaitek itsaso gainean igarotzen dute ilusio, itxaropen eta bizi berri baten bila. Inoiz jarri al zara pentsatzen zeinen gogorra izan behar den zure jaioterria alde batera utzi eta beste toki batera joan beharra izatea? 16 urte izan eta kamioi baten azpian kilometroak egitea, “patera” baten gainean noraezean joatea hilabeteetako seme edo alabarekin, zure aldamenekoa nola hiltzen den ikustea, bizi horrek besteentzako baliorik ez duela ohartzea… ito sentipena, itota egon gabe.

Lana eta dirua kentzera datozela pentsatzen duzun horri zera galdetzen dizut, zu prest egongo al zinateke prezio hori ordaintzeko? Zu eta zure senideen bizia jokoan jartzeko? Batzuetan ez ote dugun errazegi hitz egiten galdetzen diot neure buruari…

Bizitza duin baten bila etortzen dira pertsona hauek, beraien herrialdeetan ez dutelako. Iraultza batengatik dana galdu dutelako, jateko ere ez dutelako, familia lagundu behar dutelako, edota beraien bizitzak etorkizun bat izateko, baina badakizue zer aurkitzen duten? Ukazioa. Iritsi eta lehenengo gauza kartzelaratzea izaten delako (iristea lortzen dutenak, noski), lana izateko mugatuta daudelako, bertan bizitzeko eskubiderik ez dutelako (dokumentazioa ez dutenak ilegalak dira), instituzioetan babesik gabe daudelako, eta gainera bertan bizi direnen aurreiritziak pairatzen dituztelako.

Gaur egungo gizartean nabarmen azaltzen den eta hedabideek islatzen ez duten errealitatea da hau. Hor aurkitzen dira Siriako errefuxatuen artean adibidez, gutxienez 32 haur hil dira, baina berdin zaigu, ez da gure haurretako bat, zulo baten barruan erori dena.

Harrigarria iruditzen zait batzuen bizitzak zer-nolako balioa duten eta besteenak baliorik ez izatea, eta horretaz gain aurreiritziak izan eta hauek epaitzea. Nik askotan pentsatzen dut, egoera horretan ez nintzela gai izango itsasoa zeharkatzeko, kamioi baten azpian etortzeko, edo dena delakoa. Eta zu? Gai izango zinateke?

Berri Txarraken letra batek esaten duen bezala….

Mundua obretan dago baina guk ez dugu ezer apurtu, eta euria ari du, euria, baina guk ez dakigu nork. Eta haizea haserre dago, baina ez dakigu norekin, eta itsasoa? Itsasoa ere haserre dago, eta izen pare bat okurritzen zaizkit, baina isildu egingo naiz demokraziaren izenean”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.