Ezkutuan, faxisten beldurrez

Urtzi Urkizu / 2019-11-11 / 980 hitz

1936ko gerran eta gerraostean, errepublikaren aldeko makina bat gizonek urteak egin zituzten ezkutatuta. Emazteek salbatu zituzten askotan. ‘La trinchera infinita’ filmak satorren gaia plazaratu du berriz ere. Hego Euskal Herrian, laburrak izan ziren ezkutaldiak, muga gertu dagoelako.

Aitaren etxean ezkutalekua zuen armairu batean sartu zen Manuel Cortes Quero Mijasko (Malaga, Espainia) alkate sozialista ohia, 1936ko gerra amaituta jaioterrira iritsi zenean. «Zure bila dabiltza, hiltzeko asmoz. Zure lagunak fusilatu egin dituzte; Fuengirolako alkatea hil egin dute, Benalmadenakoa eta Alhaurinekoa fusilatu», esan zion Juliana Moreno emazteak. Bi urte baino gehiago pasatu zituen han. Emazteak etxe bat alokatu zuen, handik 300 metrora, eta gizona hara mugitu zen gau batean, amonaz mozorrotuta. 30 urte egin zituen gordean, 1939tik 1969ra. Hala egin zuten frankismoko beste hainbat satorrek ere. Haien bizipenak ahoz aho dabiltza azkeneko asteetan La trinchera infinita filmaren oihartzunaren eraginez —Hego Euskal Herriko hainbat aretotan dago ikusgai—.

Cortes Queiro alkatearen istorioa eta beste sator batzuena jaso zituzten Jesus Torbadok eta Manuel Leginetxek Los Topos liburuan. 1977an argitaratu zuten. Bost urte lehenago, Ronald Fraser historialari eta kazetariak In Hiding: The Life of Manuel Cortes liburua idatzi, eta Londresen argitaratu zuten. Lucia Prieto Borrego Malagako Unibertsitateko historia irakasleak Fraserren liburua aztertu zuen 2006an, eta honela azaldu du: «Cortes Queirok eta haren familiak gertu zegoenari zioten beldurrak haien bizitza egituratu zuen. Gerra galdu izanak bizirik lurperatu zuen alkate ohia». Haren alaba Maria Cortesen lekukotza ere jaso zuen Fraserrek: «Beldurrez airean nengoen. Norbait begira jartzen zitzaidanean, pentsatzen nuen atxilotu eta galdezka hasiko zitzaizkidala».

Jose Mari Goenaga La trinchera infinita-ren gidoilari eta zuzendariak nabarmendu du sator askoren istorioak hartu zituztela aintzat pelikularen gidoia ontzeko —30 años de oscuridad dokumental animatua (2011) ikusita hartu zuen ideia Moriarti etxekoak—. Juan eta Manuel Hidalgo, Pedro Perdomo —Kanaria uharteetakoa—, Miguel Villarejo, Bejarko (Salamanca) satorlekukoak eta Protasio Montalvo dira haietako batzuk. Montalvok 38 urte egin zituen ezkutuan Madrilgo Cercedilla herrian —azkeneko zazpi urteetan, semeak bultzatuta gelditu zen gordelekuan, gero dirua atera nahi zuelako aitaren istorioa salduz—. «Kasu bakoitzak bere berezitasunak ditu: itxialdi bakoitza desberdina izan zen», azaldu du Goenagak. «Saturnino de Lucasek urteak pasatu zituen etxeko sabaiaren eta teilatuaren arteko toki batean, Segoviako Mudrian herrian. Ezin zen zutik jarri, eta neguan zero azpiko hogei graduko tenperaturak eraman behar zituen. Baina bere burua sugestionatzen zen: ‘Hotza egiten duenean, ez dut hotzik; beroa egiten duenean, ez dut berorik’». Zinemagilearen ustez, hori izan da satorren istoriorik «muturrenetakoa». Ezkutalekutik kalera atera eta gutxira hil zen De Lucas.

Penintsularen hegoaldekoak izan ziren sator gehienak. Hego Euskal Herrian, frankisten errepresioaren beldur ziren gehienak mugaz bestaldera joaten ziren, erbestera. Izan zen, dena dela, ezkutuan bolada bat egin zuen herritarrik: Luis Elio epaileak hiru urte igaro zituen Iruñean ezkutatuta. Barañainen (Nafarroa), lurjabe eskuindarrek komunistatzat jo zuten lurrak lantzen zituzten maizterren alde epaile batek hartutako erabaki bat. 1936ko uztailaren 19an, bi falangistek eta polizia sekretuek atxilo eraman zuten komisariara. Han zegoela, Generoso Huarte Vidondo epaile mistoen bokalak ihes egiten lagundu zion, eta beraren etxera eraman zuen. Handik erruki etxeko garbitegi txiki batera joan zen uztailaren bukaeran. Hiru urtez eta bi hilabetez ezkutatuta egin ostean, mugalari batekin muga pasatu eta Frantziako Poliziaren aurrean aurkeztu zen; Gurseko kontzentrazio esparrura (Okzitania) eraman zuten, baina Parisera joan zen gero, eta han elkartu zen emaztearekin eta alabekin.

Ez ziren 30 urte izan, baina ezkutuko urteek Elioren bizitza markatu zuten. Haren heriotzaren 50. urteurrenean, Iruñeko Nafarroako Justizia Jauregiko plaza Luis Elio plaza izendatu zuten, iazko urtarrilean.

Konplizeen izua

1936ko gerran gordeta egondako beste euskal herritar bat Francisco Javier Landaburu EAJko parlamentari gasteiztarra izan zen. Faxisten altxamendua gertatu eta denbora gutxira, bi aldiz atxilotu zuten. Hirugarren aldiz atxilotuko zutela jakin zuen, eta etxean sortu zuen ezkutaleku batean sartu zen. Hantxe egin zituen hamahiru hilabete. 1937ko irailean, Gasteiztik Elizondora (Nafarroa) joan zen, eta, Agustin Ariztia abertzalearen laguntzarekin, muga pasatu zuen. Parisera joan zen gero, Jose Antonio Agirrerentzat lan egitera.

Beste testuinguru batean, II. Mundu Gerraren osteko bi istorio bitxi daude: Shoichi Yokoi soldadu japoniarra Ozeano Bareko oihan batean aurkitu zuten 1972an —gerra 27 urte lehenago amaitu zen—, beldurrez, bere bizia arriskuan zegoela konbentzituta, gerra amaitu ez zelakoan. Hiro Onoda soldadu japoniarrak, berriz, ia 30 urte egin zituen Filipinetako oihanetan. 1945eko urrian, argibide liburuxka batean irakurri zuen gerra amaitu zela. Baina sinetsi ez: aliatuen propaganda zela pentsatu zuen. 1974ko martxoan, ikasle batek deskubritu eta gero, Japoniaren porrota azaldu zioten, eta ezpata eta fusila entregatu zituen.

30 años de oscuridad dokumentalean, Torbadok kontatzen du Alemaniako editore batek ez zituela sinesten 1936ko gerra osteko satorren kontuak. «Haserre erantzun nion: oso goiz ahaztu duzue Ana Franken istorioa». 1942ko uztailetik 1944ko abuztura, naziengandik ihesi gordean egon zen Frank neska judua Amsterdamgo etxe batean, beste zazpi pertsonarekin batera.

Los Topos liburuan, Teodomira Gallardoren lekukotza jasotzen da, sator emakume bakanetakoa. Emakume askorentzat, bikotekidea ezkutuan urte luzez edukitzea izan zen sufrikarioa. Prieto Borrego irakaslearen arabera, Cortes Queiroren emazte Juliana Morenorena da gerraosteko galtzaileen iraupen adibide argi bat. «Beldurraren lehen estrategia isiltasuna zen. Diskrekzioak definitzen zuen andre haien jokabidea, eta horrek eman zion aukera Julianari senarra salbatzeko». Baina diskrekzio horrek «bizitza bikoitza» eramatera bultzatzen zituen, beldurrez betiere.

Goenagak nabarmendu du satorren istorio batzuetan konplize gehiago zeudela besteetan baino. «Kasu batzuetan, familia osoak zekien satorra ezkutatuta zegoela, eta, zenbaitetan, gertuko bizilagunek ere bai. Baina beldurra eta presioa handiagoa zen batzuetan, eta emazteak baino ez zekien, eta ez zion beste inori ezer esaten». Zinemagileak gogoratu du sator askok seme-alabekin zutela kezka. «Zenbait sator arduratuta zeuden ea semeak edo alabak zerbait esango ote zuen etxetik kanpo. Gainera, beldurra belaunaldi batetik bestera pasatzen zen. Beldurra heredatu egiten zuten satorren seme-alabek». Haur haiek haurtzaroa «estresarekin» igaro izan zuten, aitak zuen egoeraren eraginez.

Goenagak, Aitor Arregik eta Jon Garañok Andaluziako herri batean girotu dute La trinchera infinita. Lokalizazio bila zebiltzala, herri bat erakutsi zienak honela kontatu zien: «Haurra nintzela, leiho baten atzean gizon bat ikusten nuen, baina gurasoek esaten zidaten ez zela inor bizi. Mamu bat zela uste izan nuen urte askoan». Satorra ezkutalekutik atera zenean jakin zuen dena: gurasoek azaldu zioten zergatia. Goenagaren ustez, ezagunak direnez gain, gerraosteko istorio gehiago egongo dira azaleratu gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude