Zenbat balio du benetan ZARAko jertse batek?

Edu Lartzanguren / 2019-12-16 / 683 hitz

Benetako ekoizleek erdia baino gutxiago jasotzen dute jantzi bakoitzeko, Suitzako ikertzaile talde batek kalkulatu duenez.

PUBLIC EYE

Moda azkar eta merkearen sinonimo dira ZARA eta haren moduko arropa konpainiak. Horietako asko ahaleginak eta bi egiten ari dira euren marka bestelako baloreekin lotzeko. Esaterako, duela lau urte, Inditex konpainiako ZARA etxeak Join Life bilduma plazaratu zuen. «ZARAren lerro iraunkor» gisa deskribatu zuten bilduma konpainiako propaganda buruek, Inditex Green to Wear + kanpainaren barruan. Horren barruan, material iraunkorrak, berriztagarriak eta lehengai biologiko eta birziklatuak erabiliko zituztela agindu zuten.

Baina benetan iraunkorrak al dira etiketa horren pean saltzen direnak?

Suitzako Public Eye gobernuz kanpoko erakundeak ikertu egin du ZARAren Join Life arropa bilduma. Suitzan erakundeak estu hartzen ditu enpresak, errespeta ditzaten giza eskubideak, lan eskubideak eta ingurumena herrialde txiroetan lan egiten dutenean.

Bildumako R-E-S-P-E-C-T jertsea hartu dute adibide gisa. Aretha Franklynek ospetsu egin zuen kantan dago oinarrituta jertsea. Otis Reddingek idatzi zuen abestia, eta jertse txanodunak haren hitzak ditu idatzita bizkarrean. Errespetua eskatzen duen langile baten kexa da kanta. «Jertse hori aukeratu dugu, moda jantzi oinarrizko eta arrunta delako, inprimatuta duen respect hitzarengatik, eta Inditexena delako, hau da, moda etxe nagusietako batekoa», esan du ikerketa egin duen taldeko kide David Hachfeldek. Horrez gain, interesgarria iruditu zaie Inditexek Join Life bildumaren iraunkortasuna aldarrikatzen duelako.

«Langileen bidezko soldatekiko zenbat errespetu dago ZARAren jertsean?», galdetu du Public Eye erakundeak. Aurkitu dutenez, erdia ere ez.

Ikertzaileek esan dutenez, ZARAri galdetu zioten zuzenean zenbat ordaintzen zuten eurek jertse bakoitzeko. Baina, ez zutenez erantzunik jaso, suitzarrak eurak hasi ziren kalkulatzen.

Herrialdearen arabera, merkeago edo garestiago saldu izan du ZARAk jertse hori. Hego Euskal Herrian, 25,95 euroan saldu izan dute, eta Ipar Euskal Herrian, 29,95 euroan —ZARAk denda bakarra du, Angelun, Lapurdin—. Baina Alemanian lau euro garestiago saldu dute, eta ikertzaileen etxean, Suitzan, 45,90 euroan. Datuak erakusten duenez, erosleak ordaintzen duenak ez du zertan lotura zuzena izan arropak benetan balio duenarekin, baizik eta herritarrek markaz duten irudiarekin. Izan ere, Euskal Herrian ZARA arropa merkearekin lotzen da, baina Suitzan «glamour gehiago» du, eta «erdi mailako» markatzat dute, ikertzaileen arabera.

Kalkuluen arabera, Europako Batasunean, batez beste, 22,22 euroan saldu dute jertsea. Benetan zer kostatu zaien jakiteko, Indiako kotoi ekoizleengana eta Turkiako arropa lantegietara jo du erakundeak. Izan ere, herrialde horretan josi eta serigrafiatu zituzten jertseak, 2018. urtean. Ikertzaileen arabera, Inditexek ez die zuzenean eskatzen lantegiei arropa egiteko, baizik eta hango enpresa hornitzaile baten bidez. Hornitzaile horri 7,76 euro ordaindu dizkio ZARAk jertse bakoitzeko, kalkulatu dutenez. «Zenbaki horretara heltzeko, Turkiako beste hornitzaileen antzeko eskaintzak hartu genituen, eta adituei galdetu genien», idatzi dute ikertzaileek txostenean. «Datuok geure kalkulu propioekin parekatu genituen».

Turkiako lantegiei 1,53 euro ordaindu zizkieten hornitzaileek jertse bakoitzeko. Lantegiotako langileek 310-387 euro arteko soldata dute, ikertzaileen arabera; hau da, 2,44 euro irabazten dituzte orduko. Kalkulatu dutenez, bizitzeko moduko soldata bat jasotzeko, gutxienez 6,19 euro kobratu beharko lituzkete.

Baina, ekoizpenaren prozesuan oinarrira hurbildu ahala, are okerragoa da egoera. Jertse bat egiteko behar den kotoi gordinarengatik 26 zentimo inguru jasotzen dute Indiako laborariek —hortik bost zentimo kendu behar dituzte haziak, ura eta bestelakoak ordaintzeko—.

Bidezko prezio posiblea

Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, banatzeko eta saltzeko gastu guztien ondoren, ZARAk 4,20 euroko etekina ateratzen dio jertse bakoitzari; hau da, «ekoizteko prozesuan aritu diren langile guztiek doble baino gehiago». Izan ere, jertsearen benetako ekoizleek 2,08 euro baino ez dituzte jasotzen. Zergak ordaindu ondoren ere, 3,27 euroko etekina geratzen zaio konpainiari.

ZARAk 18.900 milioi euroko balioko arropa saldu zuen 2018an. Inditexek (ZARA, Massimo Dutti, Pull & Bear…) 26.145 saldu zituen, 2017an baino %3 gehiago.

Jantziak egiten dituzten langileen soldatari dagokienez, Public Eyeren ikerketek erakusten dute moda etxe handi ia guztiak ez direla egiten ari «behar adina», esan du Hachfeld ikertzaileak. «Beraz, ez ninduke harrituko antzeko baldintzak topatzea beste etxe handien hornikuntza katean».

Egin zitekeen negozioa langileen baldintzak errespetatuta? Erakundeak ateratako kontuen arabera, bai: Turkiako eta Indiako langileek jasotzen dutena bizitzeko modukoa egiteko, aski litzateke ekoizteko prozesuaren urrats bakoitzean irabazten dutena 1,9 eta 3 artean biderkatzea. Hala eginez gero, jertsea saltzeko prezioa 3,62 euro igo beharko litzateke, eta Inditexek dirua irabazten jarraituko luke. Prozesuan dauden konpainia bakoitzak apur bat banatuko balu, askoz gehiago egin zitekeen. «Inditexek nahi balu, bizitzeko moduko soldatak ordain zitezkeen, dendako prezioa automatikoki igo gabe».

Langileekiko errespetu pixka bat izatea litzateke, Otis Reddingek eskatu, Aretha Franklynek abestu eta ZARAk jertsean serigrafiatu bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude