Argalegi dauden kirolariak | Profesionaltasuna eta osasuna elkar helduta ez doazenean

Jon Torner Zabala / 2020-02-24 / 316 hitz

Luis Pasamontes ziklista ohiak txirrindularitzan pisuari ematen zaion garrantziari heldu dio El Confidencial agerkarian. Gauzak izugarri aldatu direla dio, eta kirolari guztiak ez daudela egoera jakin batzuei erantzuteko prest. Orain, itzuli batzuetan, otorduetako elikagaiak ere pisatzen dituzte. “Lehen ahalik eta gehien jateko esaten ziguten (…) Zoratu egin al gara? Egun bakoitzean, hotz zein bero egin, 100 kilometrotik gora abiadura bizian egin behar dituen ziklistari ba al dago esaterik bere plateretik 200 gramo kentzeko?”.

Kirolaren munduan dabiltzan zenbait “profesionalen” jardunarekin ere kritikoa da Pasamontes. “Profesionalak direla diote baina nire ustez ez dira hala; ziklista baten aurrean paratu eta esaten diote: ‘Lodi zaude, horrela ez dago inora iristerik’. Eta, esaldi zoragarri hori bota ostean, badoaz; eguneko akzioa egin dute jada (…) Gisa horretako esaldiek kalte handia egin diete txirrindulari profesional, herrikoi eta bereziki profesionaletara heldu nahi duten gazteei (…) Nik inoiz ikusi dut: oka egitea erabakitzen duten mutikoak, profesionaletara iristen lagunduko dielakoan. Sare sozialetako argazkiak erakusten dizkieten guraso eta entrenatzaileak, non txirrindulari eta influencer-ek euren hanketako zainak erakusten dituzten”.

Profesional batzuek bizi izandakoaz hitz egin dute: Ben King-ek bulimia sufritu zuen 21 urterekin, Clement Chevrier-ek profesionaletara heldu nahi izateagatik jateari utzi zion ia, Rohan Dennis-ek adierazi du gaixotzeko zorian egon zela eta ispiluaren aurrean zegoela konturatu zela argalegi geratzen ari zela.”Fin egoteak ez du esan nahi ez denik jan behar”, dio Pasamontesek: “Oreka bilatu behar da, eta arazoak daudenean profesional egokien eskuetan jarri. Guztia ez da pisura mugatzen, zorionez. Watt/kilo/zoriontasuna harremana bila ezazu”.

“Kirol profesionala ez da osasuntsua”

Artikuluari erreferentzia Gonzalo Vicenteren txio batean aurkitu dugu. Hain justu, erantzunetan watt/kilo harremanari buruzko erreferentziak topatu ditugu (azken urteotan geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaio horri), ziklista amateur eta gazteek jasotzen dituzten mezuei edota entrenamenduei buruzko iruzkinekin batera.

@CurroCuenca-ren aipu hau azpimarratuko nuke: “Benetan uste dut kirol profesionala ez dela osasuntsua”. Ez da hori irakurri/entzun dugun lehenbiziko aldia, eta zer pentsatua ematen du…

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.