Okerrak: *bi urtero, *hamabost egunero, *hiru astero…

Okerrak: *bi hilabetero, *bost egunero, *hiru astero…

Zuzenak: bi urtean behin, hamabost egunetik behin, hiru astetik hiru astera…

Euskaltzaindiaren 110. arauan, Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen, hauxe dator amaieran:

  • Maiztasuna adierazteko egituren artean, [izena + -ero] gisako esamoldea onartzekoa da: {Astero, hilero, ordulaurdenero…} etortzen da.
  • Baina bada hedatuxea den egitura bat, gaitzestekoa dena: -ERO atzizkiaren bidez osatua den *[zenbatzailea + izena + -ero] sintagma:  *Bi urtero egiten dute bilera batzordekoek. *Hamabost egunero etortzen zait bisitan.
  • Hamabostero, ordea, onartzekoa da, hamabostean behin nahiz hamabosterik behin-en parean.

*[zenbatzailea + izena + -ero] sintagma baztertuta, beste aukera hauek eman ditu ontzat Euskaltzaindiak:

a) Maiztasuna adierazteko ereduen artean, mugagabeko erabilerekin batera, hots:

Lau urtez behin elkartzen dira senitartekoak.

Lau urtetarik behin elkartzen dira senitartekoak.

Lau urtetarik lau urtetara elkartzen dira senitartekoak.

Lau urterik behin elkartzen dira senitartekoak.
b) Formaz mugatu singularra dena ere aukeran dugu:
Lau urtetik behin elkartzen dira senitartekoak.
Lau urtetik lau urtera elkartzen dira senitartekoak.
 
c) Inesiboaren kasuan, berriz, forma mugatua da erabili behar dena honelakoetan:
Lau urtean behin elkartzen dira senitartekoak.

Hortaz, mezu honen izenburuan idatzi ditugun forma okerrek beheko modu hauetakoren batean beharko lukete zuzenak izateko:

  • bi urtean behin, bi urtetik bi urtera, bi urtetik behin, bi urterik behin, bi urtetarik bi urtetara, bi urtetarik behin, bi urtez behin.
  • hamabost egunean behin, hamabost egunetik hamabost egunera, hamabost egunetik behin, hamabost egunik behin, hamabost egunetarik behin, hamabost egunez behin.
  • hiru astetik behin, hiru astetik hiru astera, hiru astetik behin, hiru asterik behin, hiru astetarik hiru astetara, hiru astetarik behin, hiru astez behin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.