Okerra: *hobe esanda
Zuzenak: hobeto esanda, hobeki esanda
Ikus zer dioen Euskaltzaindiaren Hiztegiak hobe hitzari dagokion sarreraren amaieran:
Egitura honen azpian dagoena ez da “NOLAKOA esanda” baizik eta “NOLA esanda“; hortaz, hobeto esanda eta hobeki esanda dira zuzenak. Bata zein bestea, hobeto zein hobeki, sinonimoak baitira. Hobeto ondo adizlagunari dagokion konparatibozko era da; hobeki, berriz, ongi adizlagunari dagokiona. Euskalki kontua da batik bat.
Hona hemen Internet sarean aurkitutako akats batzuk:
a) *Hemen iraultza apala izan da beti edo, hobe esanda, ez da inoiz existitu.
b) *Liburu bat irakurriko duzu datorren hilabetean? Hona hemen gure proposamena edo, hobe esanda, gure ikasleena; eurek gustura irakurri dituzten liburuak dira-eta.
c) *Aurreko bi edo, hobe esanda, hiru mendeetan, XIV.etik hasita, botere feudala deuseztatuz zihoan heinean monarkiena sendotuz eta zabalduz zihoan.
Esaldi horiek honela behar dute zuzenak izateko:
a) Hemen iraultza apala izan da beti edo, hobeto/hobeki esanda, ez da inoiz existitu.
b) Liburu bat irakurriko duzu datorren hilabetean? Hona hemen gure proposamena edo, hobeto/hobeki esanda, gure ikasleena; eurek gustura irakurri dituzten liburuak dira-eta.
c) Aurreko bi edo, hobeki/hobeto esanda, hiru mendeetan, XIV.etik hasita, botere feudala deuseztatuz zihoan heinean monarkiena sendotuz eta zabalduz zihoan.
Pingback: 87. buletina |