Zenbait hiztunek ohitura handia dute komuneko eremua, komuneko erabakia, komuneko helburua, komuneko interesa, komuneko ondarea, komuneko sistema eta antzekoak erabiltzeko, beste hauek erabili beharrean: eremu komuna, erabaki komuna, helburu komuna, interes komuna, ondare komuna, sistema komuna.
Euskaltzaindiaren Hiztegian kontsultatuta, ikusiko dugu komun hitzak bi sarrera dituela:
- komun 1 (izena): pixa egiteko eta gorputza libratzeko gela, edo komunontzia.
- komun 2 (adjektiboa): guztiek edo gehienek batera duten (ezaugarri)a, guztiei edo gehienei dagokiena.
Hori guztia kontuan izanik, ohartarazi nahi dugu eremu komuna, erabaki komuna, helburu komuna, interes komuna, ondare komuna, sistema komuna direla egokiak. Horietan, komun adjektiboa da eta izenaren eskuinean paratu behar dugu.
Ohart zaitezte zeharo esanahi ezberdina luketela bi sintagma hauek: komuneko ehiza-eremua / ehiza-eremu komuna.
Gai honi lotuta, oso interesgarriak dira honako bi sarrera hauek:
-Euskara Batuaren Eskuliburuko komun sarrera
-Zehazki hiztegiko común hitzaren sarrera