Kategoriaren artxiboa: Hiztegi Batua

Oinarrizko hiru lexiko tekniko: Astronomia, Fisika eta Matematika

Euskaltzaindiak oinarrizko hiru lexiko tekniko ditu argitaraturik sarean: Astronomiakoa, Fisikakoa eta Matematikakoa hain zuzen ere. Helburua da Hiztegi batua zientzia eta teknologiaren arloetako kontzeptuez eta haiek adierazteko hitzez aberastea. Horregatik, “Euskaltzaindiak erabaki du Hiztegi batuaren uneko bertsioan sartu ez diren baina bi alderdi hauetatik begiratuta sartu behar liratekeen hitzak biltzea eta gizarteratzea”.

Zuzenak: “eskuinera” eta “eskuinetara” zein “ezkerrera” eta “ezkerretara”

Euskara batuan zuzenak dira eskuinera eta eskuinetara zein  ezkerrera eta ezkerretara formak.

Hona hemen Ereduzko Prosa Gaur corpusetik hartutako adibide batzuk:

  • Makina hori hiru eratara mugitzen zen: aurrera, ezkerrera eta eskuinera.
  • Zuk eskuinera jotzen baduzu, ni ezkerrera joango naiz.
  • Zure etxetik irtenda, ezkerretara ala eskuinetara?
  • Epailearen eskuinetara zeuden zinpeko bederatziak, eta ezkerretara fiskala eta lau abokatuak.

Oharrak. Euskaltzaindiaren Hiztegi batuan ohar hauek datoz gai honen inguruan:

“gidoi” ez da “marra” eta “marratxo” hitzen sinonimoa

Zenbait hiztunek gidoi hitza erabiltzen dute marra edo marratxo esan nahi dutenean. Erabilera okerra da hori.

Euskaraz, gidoi hitzak hau esan nahi du: irratiko edo telebistako saio baten edo film baten akzio edo garapeneko elementuak (elkarrizketak, musika, planoak etab.) zehazturik azaltzen diren testua. Gaztelaniazko guión hitzaren ordaina da, alegia.

Euskaltzaindiaren Hiztegian zein Elhuyar hiztegian  Heg. marka ezarri diote; hau da, hegoaldeko berbatzat hartu dute:

Ikus EBEn eman duten azalpena: GIDOI.

Okerrak: *filma bat, *filman, *filmako, *filma onena…

Okerrak: filma bat, filman, filmako, filma onena…

Zuzenak: film bat, filmean, filmeko, film onena...

Euskaltzaindiaren Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, film da hitza; hiztun askok *filma (-a itsatsiarekin, alegia) dela uste badute ere.

Hona hemen Internet sarean topatutako akats batzuk:

a) *Steven Spielberg zinema zuzendariaren filma bat da War Horse.

b) *Odriozolak eta Nagore Aranburuk batera egin dute lan filman.

c) * Zein bi aktore izan ziren Thelma eta Louis filmako protagonistak?

d) *Zazpi César sari irabazi zituen, tartean filma onena.

Honela behar dute zuzenak izateko:

a) Steven Spielberg zinema zuzendariaren film bat da War Horse.

b) Odriozolak eta Nagore Aranburuk batera egin dute lan filmean.

c) Zein bi aktore izan ziren Thelma eta Louis filmeko protagonistak?

d) Zazpi César sari irabazi zituen, besteak beste film onenarena.

Ezberdinak: “pauso” eta “pausu”

Itxura batera oso antzekoak badira ere, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, esanahi ezberdina dute pauso eta pausu hitzek.

Pauso hitza urrats hitzaren sinonimoa da; eta pausu hitzak, berriz, atseden edo geldialdi esan nahi du. Euskaltzaindiaren Hiztegiko sarrerak:

pauso

1 iz. Heg. UrratsaZazpi pauso aurrera eta beste zazpi atzera. Pauso hotsa. Elkarrekin emanak makina bat pauso. Ez da aski Jainkoaren bidean sartu eta zenbait pauso on han ematea. Pausoak norabait zuzendu. Bi makila zahar esku banatan, pausorik ezin eginez. Ongi begiratzen du oina non jarri, lurretik altxatu baino lehen, pauso bakoitzaren ondoreak arretaz darabiltzala gogoan. || Pauso bizkorra eta zalua. Pausoa arindu, bizkortu, moteldu.

2 iz. Irud. Heg. Bertsolariak bertsoak jarri, moldiztegira eraman, inprimatu eta zabaldu; horiek izaten ziren egin behar ziren pausoak. Ordurako, atzerakorik ez duen pausoa emana zegoen.

pausu

iz. Atsedena, geldialdia. Ik. pausaBaina ez zen ohetik higitu; pausu luze baten beharrean zen. Hemen, bada, hartzen dugu nekatuek pausua. Gizonak ez du pausurik hil ez dadin artean. Bila dezagun, beraz, bihotzaren pausua. Pausu gabe otoitz egizue. Igandeko pausuaren beharra. Hura da santuen sekulako pausua.

Okerrak: *Iruñeako, *Iruñeatik, *Iruñeara, *Iruñearantz, *Iruñearako

Okerrak: *Iruñeako, *Iruñeatik, *Iruñeara, *Iruñearantz, *Iruñearako.

Zuzenak: Iruñeko, Iruñetik, Iruñera, Iruñerantz, Iruñerako.

Honatx Internet sarean aurkitutako oker batzuk:

  • *Kazetariak egunero Iruñeako kaleetako giroaren berri eman digu.
  • *Esku hutsik bueltatu dira Iruñeatik.
  • * Larunbatean, ikasleok Iruñeara!
  • *Autoan sartu eta Iruñearantz abiatu ginen.
  • *Iruñearako autobusa 08:30ean abiatuko da.

Beste modu honetan behar zuten zuzenak izateko:

  • Kazetariak egunero Iruñeko kaleetako giroaren berri eman digu.
  • Esku hutsik bueltatu dira Iruñetik.
  • Larunbatean, ikasleok Iruñera!
  • Autoan sartu eta Iruñerantz abiatu ginen.
  • Iruñerako autobusa 08:30ean abiatuko da.

Jarraitu irakurtzen

Okerrak: marra *jarraia, lanaldi *jarraia…

Hiztegi Batuan, Euskaltzaindiak  dio jarrai izenondo gisa erabili nahi dugunean, jarraitu edo jarraiki erabiltzeko , eta ez *jarrai.

jarrai 2* [izond. gisa] e. jarraitu; jarraiki

Euskaltzaindiaren Hiztegian, berriz, hau diote:

jarrai2 [Oharra: Euskaltzaindiak, jarrai-k, izenondo gisa, euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, kasu horretan, jarraitu eta jarraiki erabiltzea gomendatzen du: hots, hezkuntza jarraia eta kidekoen ordez, hezkuntza jarraitua edo hezkuntza jarraikia erabiltzea].

Horren arabera, Internet sarean topaturiko hauek eta hauen parekoak ez dira zuzenak:

  • *Lanaldi malgua eta jarraia duten ikastetxeen zerrenda argitaratu du Nafarroako Gobernuak.
  • *Ez zuen errepide erdiko zirkulazio marra jarraia errespetatzen.
  • *Funtzio jarraia, trazu bakar batez egin daitekeena da.

Honela, berriz, zuzenak lirateke:

  • Lanaldi malgua eta jarraitua (jarraikia) duten ikastetxeen zerrenda argitaratu du Nafarroako Gobernuak.
  • Ez zuen errepide erdiko zirkulazio marra jarraitua (jarraikia) errespetatzen.
  • Funtzio jarraitua (jarraikia) trazu bakar batez egin daitekeena da.

Jarraitu irakurtzen