Kategoriaren artxiboa: Usteak

Desberdinak: “ordenagailua apurtu” eta “ordenagailua hondatu”

Zenbait hiztunek ez dute “hondatu” edo “matxuratu” erabiltzeko ohiturarik, eta horien ordez “apurtu”, “hautsi” edo “puskatu” aditzak erabili ohi dituzte. Ez dira, ordea, sinonimoak. Ikus dezagun, bi adibide hauen bitartez, zein den aldea:

1. Ordenagailua apurtu zitzaigunetik, tableta erabiltzen dugu informazioa bilatzeko.

2. Ordenagailua matxuratu zitzaigunetik, tableta erabiltzen dugu informazioa bilatzeko.

Lehendabiziko adibidean esaten ari gara ordenagailua hautsi egin zitzaigula, zenbait zatitan puskatu zela, istripu edota kolpe baten ondorioz esate baterako. Beste kontu bat da, ordea, ordenagailuak matxura bat izatea nahiz eta puska edo zatietan hautsita egon ez. Ideia hori adierazteko, bigarren adibideaz baliatuko gara, eta testuinguru horretan ez litzateke zuzena “apurtu” erabiltzea.

Besteak beste modu hauetan adieraz daitezke bi adiera ezberdin horiek:

1. Ordenagailua apurtu zaigu = Ordenagailua puskatu zaigu = Ordenagailua hautsi zaigu…

2. Ordenagailua hondatu zaigu = Ordenagailua matxuratu zaigu = Ordenagailuak matxura du

 

 

Okerrak: *filma bat, *filman, *filmako, *filma onena…

Okerrak: filma bat, filman, filmako, filma onena…

Zuzenak: film bat, filmean, filmeko, film onena...

Euskaltzaindiaren Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, film da hitza; hiztun askok *filma (-a itsatsiarekin, alegia) dela uste badute ere.

Hona hemen Internet sarean topatutako akats batzuk:

a) *Steven Spielberg zinema zuzendariaren filma bat da War Horse.

b) *Odriozolak eta Nagore Aranburuk batera egin dute lan filman.

c) * Zein bi aktore izan ziren Thelma eta Louis filmako protagonistak?

d) *Zazpi César sari irabazi zituen, tartean filma onena.

Honela behar dute zuzenak izateko:

a) Steven Spielberg zinema zuzendariaren film bat da War Horse.

b) Odriozolak eta Nagore Aranburuk batera egin dute lan filmean.

c) Zein bi aktore izan ziren Thelma eta Louis filmeko protagonistak?

d) Zazpi César sari irabazi zituen, besteak beste film onenarena.

Bi puntuen ondoren minuskulaz, salbuespenak salbuespen

Askoren ustez, bi puntuen ondoren maiuskulaz idatzi behar da. Salbuespenak salbuespen, uste okerra da hori. Bi puntuen ondoren minuskulaz idatzi behar da, kontrako arrazoirik ez bada behintzat. Adibidez:

  • Oso garbi du urteak bete aurretik zer egin nahi duen: marka ezarri.
  • Hauek dira lau urtaroak: udaberria, uda, udazkena eta negua.
  • Ordubetean bukatu zituen etxeko lanak: hautsa kendu, lisatu eta otordua prestatu.

Jarraitu irakurtzen

Desberdinak: hainbat / zenbait

Oso zabaldua dago “hainbat” eta “zenbait” zenbatzaileak sinonimo moduan erabiltzeko joera, batzuk adierarekin. Ez dira sinonimoak, ordea. Hainbat zenbatzaileak kopuru handia, asko, adierazten du.

Hona hemen, hitzez hitz, zer datorren Euskaltzaindiaren Hiztegian afera honetaz:

  • hainbat

2 zenbtz. Batzuk baino gehiago, asko. (Dagokion izenaren ezkerrean ezartzen da). Hainbat lagun batu ginen han. Hainbat eta hainbat aldiz errepikatuagatik. Hortik etorri dira hainbat kalte.

Jarraitu irakurtzen

Okerrak: *sakelean, *sakeleko, *sakeletik, *sakelera, *sakeleratu…

Zuzenak: sakelan, sakelako, sakelatik, sakelara, sakelaratu…

Hiztun batzuen ustez, *sakel da hitza eta ez sakela. Uste oker horretatik datoz akats horiek.

Ikus Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan datorrena:

Jarraitu irakurtzen

Okerrak: *larunbata goizean, *larunbata arratsaldean, *larunbata gauean

Hiztun batzuek bestela uste badute ere,  larunbat da hitza eta ez larunbata. Ikusi Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko sarrera:

larunbat

Horregatik, okerrak dira *larunbata goizean, *larunbata arratsaldean eta *larunbata gauean.  Hauek dira zuzenak: larunbat goizean, larunbat arratsaldean eta larunbat gauean.

Jarraitu irakurtzen