Euskarazko sare sobietarra

Urtzi Urkizu / 2012-02-29 / 389 hitz

Euskal Herrian gehien erabiltzen diren sare sozialak zentralizatuak dira. Baina, pixkanaka, ari dira sare deszentralizatuak sortzen, software librekoak. Horietako bat da ‘status.blogsoviet.com’. 

Euskal internauta askok erabiltzen dituzte sare sozialak. Facebook, Tuenti eta Twitter dira sare erabilienak. Baina internauten artean komunikatzeko badaude beste bide batzuk. Sare deszentralizatuek, esate baterako, badituzte abantailak aipatutako sareen aldean. Eta bada euskarazko sare deszentralizatu bat azkenaldian internauten arreta bereganatzen ari dena: status.blogsoviet.com.

StatusNet Blogsovieteko (www.blogsoviet.com) lagunen artean martxan jarritako zerbitzua da, elkarren artean bat-bateko mezuak bidali ahal izateko. Alegia, Twitterrek edo Facebookek bezala, mezuak idatzi eta erantzuteko edo berriz bidaltzeko eta gustukoen artean sailkatzeko aukera ematen du. Sarea Librezalek euskaratua du.

Asier Arsuaga status.blogsoviet.com-eko idazkari nagusiak azaldu duenez —kargu hori jarri diote lagunek—, sarea software librekoa da: «Blogsoviet, berez, blogak jartzeko lagun talde batek sortu genuen gunea da. Zerbitzaria eta zerbitzariaren gastuak partekatzen ditugu». Status sarean, hasiera batean, 10-15 bat lagun zeuden. «Baina Twitterren zentsuraren kontua etorri denean, oihartzun handiagoa izan du. Eta, orain, 50 lagunek baino gehiagok eman dute izena eta hasi dira bertan idazten. Twitterrekin zapuztu dira batzuk, eta horregatik iritsi zaizkigu lagun gehiago».

Status.blogsoviet.com-en idazten diren mezuak, bestalde, Twitterreko kontura bidal daitezke, Twitterbridge plugin-aren bitartez.

StatusNeten ez dago 140 karaktereko mezuetara mugatu beharrik. Proba moduan, 60.000 karaktere idazteko aukera jarri dute. Hala eta guztiz ere, beste sare sozial gehienetan bezala, mezu labur samarrak idatzi ohi dituzte erabiltzaileek.

Android sakelako telefono batekin, bestalde, edozein StatusNeteko kontu kudea daiteke Mustard programarekin.

Blogsovieteko kideek euskara erabiltzen dute komunikatzeko, sarea euskaraz dago eta izena ematen duten lagunek ere soilik euskaraz egiten dute. «Sarean gauden gehienok elkar ezagutzen dugu. Orain, jende berria sartu da, eta gehienak ezagutzen ditugu. Baina guztientzat irekia da, edonola ere».

Alegian, beste StatusNet bat

Alegia herrian (Gipuzkoa), Txintxarrisferan biltzen dira blogak. Eta talde horretako kideek, @bedaio3000 tuiterlaria buru dela, beste sare deszentralizatu bat sortu dute: status.manillar.es/

«Sare ezberdinak dira, baina batzuetatik besteetara mezuak bidaltzeko aukera dago, mezu elektroniko batean bezala», azaldu du Arsuagak. «Twitterren gisako sare zentralizatu bat erortzen baldin bada, dena doa pikutara. Status sareetan, erabiltzaileak mezuak eta kontaktuak kontrolpean ditu. Eta informazio hori duzun zerbitzaritik beste leku batera eraman dezakezu; adibidez, Identi.ca-ra».

Blogsovieten inguruan dabiltzan lagun batzuk beste sare bat muntatu nahian dabiltza. Gaztetxe eta beste talde batzuetan sare banatu txikiak sortzea nahiko lukete, eta sare handiago horretan bat egitea. «Sare banatu eta deszentralizatuen aukera zabaldu egingo dela ikusten dugu».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.