Leire Lopez Ziluaga / 2012-03-04 / 480 hitz
- Izenburua: Zentauro-hankak
- Egilea. Jon Gerediaga
- Argitaletxea: PamielaSei atalez osatutako Astiro poeman bi aldiz aipatzen zaizkigu Maitasun eta Herio. Aurrenekoan, «astiro / eta oharkabean / hitz handiak ahaztu ditugu: (Maitasun eta Herio)» esaten zaigu; bigarrenean, «Eta azkenean / basoan ez / nire buruan agertu dira / hitz handiak: / Maitasun. Herio». Hain zuzen ere, ni poetikoak eta bere bikoteak poeman ahaztu eta ni lirikoaren buruan berriz agertuko diren hitz horiek zeharkatzen dute Jon Gerediagaren azkeneko poema liburua. Bi ataletan banatuta dago Zentauro-hankak, eta Hölderlinen aipu banak zabaltzen ditu —liburuko poemetan, bereziki lehenengoetan, bada poeta alemaniarraren intentsitaterik—. Hain zuzen, zentauroaren ikuspegitik idatzita daude zenbait poema, ni poetikoaren izaera hibridoa adieraziz: apatxak lurrean sartuak ditu, baina zerura begiratzen du. Lurtarra da, hilkorra, baina «izarren hautsa besarkatzen» saiatzen da bikotearekin batera.Maitasunak herioak baino leku handiagoa hartzen du poema liburuan, bereziki lehen atalean. Bederatzi poemaz osatuta dago lehen atal hori. Poema luzeak dira gehienak, puntuazio marka oso gutxirekin, eta hitzen eta egituren errepikapena sarri erabiltzen du. Erritmo bizi-bizia dute poemek, ni poetikoaren maitasunaren tamaina adierazten laguntzen duena. Aurreneko poeman, ni poetikoa zu bati zuzentzen zaio bikote harreman baten hasieran, eta amodioaren ospakizunaren kutsu hori dute lehen atala osatzen duten poemek («eta orain badakit denboratik kanpo gaudela / eta mundua salbatzen dugula / elkar maitatzean»). Maitasuna goren mailan dagoen unea, heriotzari ere aurre egin diezaiokeen maitasuna ageri zaigu lehen atalean, bizirik egotea handi egiten duen maitasuna («bizirik gaude orain / eta une oro da mirari»). Bikotea eta bizi duten maitasuna mito bihurtzeko saioa ere suma daiteke; zentauroaren beraren irudiak laguntzen du, eta lerro batean ere esaten zaigu: «zure handitasunari gorazarre egiteko / mito sortzaile bat behar zenuen beharbada». Lehen ataleko poemetan bada iluntasunik; esaterako, Errefuxiatua eta Barkamena I poemetan. Baina iluntasun hori maitasunaren argitasunerako pausoa da.
Bigarren atalean lasaiagoa iruditu zait tonua, egitura aldetik zenbait poemak lehenengo atalarekin lotura handia duten arren. Hemen ere, maitasuna da «arriskua saihesteko bide»; bikoteak ematen duen maitasuna, hain zuzen: «hartu zure eskuan gutxienez beste esku bat», baina harreman luzeago bat bizi du niak. Astiro (Heriotza alaiak. Tangoa sei urratsetan) da liburuko poemarik luzeena, eta sei ataletan banatuta dago. Niak eta zuak egiten duten bidaia txikia kontatzen digu, eta konpartitzen den bizitzaren metafora gisa funtziona dezake. Hemen ez da nabari lehenagoko poemen sukarra. Bestelako maitasuna nabari da orain, denborak ematen duena, lurtarragoa, eta ez dakit horregatik den ala ez, baina ni poetikoak argiago adierazten du heriotzari dion beldurra, eta badirudi une batean maitasunaren gainetik egiteko ere gai dela heriotza. Baina bikotearen maitasunak eta naturak buelta ematen laguntzen diote. Hala ere, heriotzak lehen atalean baino indar handiagoa duela iruditu zait, egonkortasunak heriotza presenteago egiten duela —Hilkor poemak zerbait aurreratzen duela esango nuke—.
Gerediagak ondo adierazi du maitasunaren eta heriotzaren arteko tentsioa liburuan. Ez da erraza maitasunezko poema liburu on bat egitea, gehiegi irakurri ditugu, errazegia da auzo-lotsaren esparrura hurbiltzea. Baina Gerediagaren liburuak maila ona ematen duela uste dut, intentsitatea transmititzen duela, erritmoak ondo lantzen dituela.