Paradigma aldaketa

Mikel H. Abaitua / 2012-03-04 / 599 hitz

Goi eta behe mailako literaturen arteko muga biziki lausotzen joan da postmodernitatean. Hori dela-eta, egoera paradoxikoetan aurkitzen gara batzuetan belaunaldi ezberdinetako idazle, kritikari eta irakurleak.  Har dezagun, adibidez, aurreko artikulu batean Idurre Alonsok gogoratu zigun Ur Apalategiren aipua, non esaten baitzen «kanon komertzialaren eraginaren aurka borrokatzea» zegokiola. Hura irakurrita, urte gutxitan garaiak zenbat aldatu diren pentsatu nuen, nola aldatu den Zeitgeist delakoa. Gu idazten hasi ginenean, abangoardia artistikoek nolabaiteko indarra oraino zutenean, Tropel Belaunaldiko idazle anitzentzat, aurreko bi belaunaldietako askorentzat bezala, narraziogintzaren alorreko ereduak literatura unibertsalean James Joyce, William Faulkner, Virginia Woolf, John Dos Passos, Marcel Proust, Alain Robbe-Grillet, Natalie Sarraute, Michel Butor, Max Frisch, Samuel Beckett eta horrelako idazle modernoak ziren, eta horregatik, euskal literaturan lan interesgarrienak haien poetikaren inguruan zebiltzan Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia, Joxe Austin Arrieta eta Anjel Lertxundi gisakoen hasierako obrak iruditzen zitzaizkigun, hala nola gazteagoak ziren Bernardo Atxaga, Pello Lizarralde eta Koldo Izagirreren estreinako liburuak. Literatura komertziala ia ikusezina zen guretzat.

Urte gutxiren buruan, ordea, paradigma aldaketa bat sortu zen postmodernitatearen etorrerarekin, eta Txuma Lasagabaster kritikariak gutako askok baino lehenago aldarrikatu zuen garai berria, hitzaldi batean esan zuenean (laburbilduz eta asko sinplifikatuz) ahaztu behar genuela literatura moderno abangoardista hori, eta Saizarbitoriaren Ene Jesus nobela, adibidez, oso ondo zegoela, beharrezkoa izan zela hura egitea, baina beste fase batera pasatu behar genuela, oso ondo genekiela nola narratu, asko genekiela formaz, baina euskal gizartearentzat identifikagarriak eta gustagarriak izango ziren obrak idatzi behar genituela. Edo agian gure arazoa zela ez genuela zer kontatu handirik. Eta Pio Baroja jarri zuen adibide. Alabaina, Lasagabasterren abisua oso kontuan hartu ez genuelako, geroago etorri ziren Ur Apalategi eta bere belaunaldiko gehienak, hala nola hurrengo gazteagoak, guztiz komertzialak eta irakurterrazegiak iruditu zitzaizkigun gutako aunitzi. Ez nuke inor haserretzea nahi hau esateagatik, eta badakit zaila dela orokorki hitz egitea, baina gure paradigmaren arabera ez zitzaigun iruditzen oso goi mailako literatura egiten zutenik (ez dut uste gaur berdin pentsatzen dugunik). Hain zuzen ere, (eta Apalategiren hitzekin esateko) geuk egiten genuen huraxe iruditzen zitzaigun «zirkulu kualifikatuaren kanona», eta gu baino gazteagoak zirenek ekarri zutena, ordea, kanon komertziala. Ez da batere harritzekoa, beraz, Ur Apalategik kanon komertzialaren eraginaren aurka borrokatzea dagokiola dioen arren, euskal irakurleek ebatzitako 111 Akademiaren saria bi aldiz irabazi duten bi idazleetako bat izatea.

Hala ere, hasieran oso ados ez egon arren, idazle zaharragoek ere amaitu zuten literatura komertzialagoa egiten. Bitxia bada ere, Bernardo Atxaga izan zen guztien aitzindaria, zaharragoek eta gazteagoek baino lehenago ekin baitzion bide komertzialago horri, literaturatik bizi nahi zuelako ziur aski, eta bere praxian ikusten hasi ginena teorikoki formulatzera ere iritsiko zen Iruñean egindako Galeusca batean. Berak ez zuen goi eta behe mailako literaturez hitz egin, Charles Baudelaireren eta Patricia Hihgsmithen familiez baizik, eta garbi zegoen, lotsatiki izanik ere, bigarrenaren alde egiten zuela. Begien bistakoa denez, Obabakoak (1988) askoz liburu komertzialagoa da Ziutateaz (1976) baino, salmentek ere laster konfirmatuko zuten legez. Esan bezala, idazle zaharrago askok ere ondo ulertu zuten egoera berria, aldaketa pausoa ematerakoan Atxaga baino berankorragoak izan ziren arren. Ikus esaterako Ene Jesus-etik (1976) Gorde nazazu lurpean-era (2000) doan saltoa Saizarbitoriaren obran, edo Karla-tik (1989) Ihes betea-ra (2006) Lertxundirenean. Berau da, preseski, bere fase komertzialenarekin, 111 Akademiaren saria bi aldiz irabazi duten bi idazleetako bestea.

Hortaz, ados nago Idurre Alonsorekin «literatura autonomoaren erdiguneko mailek» izan behar dutela «literaturaren historia idazteko oinarri» dioenean, baina, aldi berean, zoritxarrez edo zorionez, irudipena dut hemendik aurrera ez dela agian hori maiz gertatuko, erdigune heteronomoa erdigune autonomoa hasi delako nabarmenki kutsatzen, eta ez dakit ez ote duen datozen urteetan are gehiago kutsatuko. Hain zuzen ere, erdigune autonomoa ez da lehen bezain autonomoa, eta aurrerantzean ere gero eta autonomia gehiago galduko du ia ziur.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.