Haruki Murakamiren japoniartasun ukatua

Estibalitz Ezkerra / 2012-03-04 / 676 hitz

Aspaldikoa da japoniar literatura jatorraren eta ez-jatorraren inguruko auzia, baina indar handiz berritu da hainbat idazlek azken urteetan izandako arrakastaren ondorioz. 

Mendebaldean gehien saltzen duten egileetako bat da Haruki Murakami (Kioto, Japonia, 1949). Bere liburuak japoniar literaturaren oraina eta geroa direla adierazi dute hainbatek. Are gehiago, berea Mendebaldeko idazle batek sor ezin zezakeen obra dela esatera iritsi dira, lanaren kalitatea bakarrik gure kanonean sartzeko nahikoa arrazoi ez balitz bezala. Haren libururik irakurri ez duzula, egilearen izena bera arrotza zaizula esan eta sinesgogorkeriaz begiratuko dizu jendeak, hori bai, gizalegez jokatu ohi duen jendea baldin bada. Izan ere, litekeena da halako ezjakintasunaren aurrean ingurukoek beren mespretxua garbi azaltzea. Gauzak horrela, komunitatetik kanpo sentitzearen zama ezin eramanda, gertuen dagoen liburutegira joko duzu ditxosozko Murakamiren azkena erostera, letren paradisuko ateak irekiko dizkizun itxaropenez.

Alabaina, askok uste dutenaren kontra, japoniar gizartea erdibituta dauka Murakamiren obrak. Batzuek, gazteek batez ere, pentsatzen dute beren herrialdeko letrei azken hamarkadan gertatu zaien onena dela, aire berriak, garaikideak zabaldu dituela. Beste batzuen ustez, aldiz, Murakamiren literaturak japoniarretik ez du ezer, estilo zein eduki aldetik erabat mendebaldarra irizten diotelako. Masao Miyoshi literatur adituaren iritziz, Murakamik ez du Japoniari buruz idazten, «liburu erosle atzerritarrek [Japonian] ikusi nahi duten horri buruz» baizik. Bien bitartean, Kenzaburo Oe Nobel saridunak esaten du Murakamik japonieraz idazten duela baina haren idazkera ez dela «erabat japoniarra… New Yorken naturaltasun osoz irakur dezakete hura».

Murakami, baina, ez da hain harrera kontrajarriak eragin dituen egile japoniar bakarra. Banana Yoshimoto dugu beste adibideetako bat. Japoniar akademiaren arabera, Yoshimotoren probokazio maila are okerragoa da. Murakamik japoniar izendapen jatorrari eusten dio, behintzat; hots, abizena lehenik eta izena ondoren idazten du. Yoshimotok, ordea, Banana abizena hartzearekin nahikoa izan ez eta Mendebaldeko estiloari jarraituz sinatzen du, izena lehenik eta abizena ondoren. Txikikeria bat eman dezake horrek, baina Japonian gizabanakoak gizartean betetzen duen tokiaren adierazgarritzat jotzen da izen eta abizenaren ordena. Alegia, norberak bere familiari eta arbasoei zor die izena eta izana, hortik abizenari izenari baino garrantzi handiagoa ematea. Aurrekari horiekin ez gintuzke harritu behar egileak bere lehen lanari Kitchin (1993) izenburua jarri izanak, ingelesezko kitchen (sukaldea) hitza japoniarrek ahoskatu bezala idatzita. Lana nobela labur batek eta ipuin batek osaturik dago, eta Mendebaldeko hizkuntza sozioekonomikoan erabat trebaturik dauden japoniar gazte batzuk ditu protagonista. Mendebaldeko idatzizko bitartekoetan «ohitura komedia» moduan deskribatu zuten lana, «ukitu lirikoa» ere baduena, hain «japoniarrak» diren motiboekin (galera, samina, familia maitasuna) batera agertzen dena. Bestelakoa da, baina, Miyoshiren balorazioa. Haren ustez, Kitchin Japonia amerikanizatu baten aldeko aldarria da, argi eta garbi.

Iraganaren irudi nostalgikoa

Japoniar literatur jatorraren eta ez-jatorraren inguruko auzia aspaldikoa da, baina indar handia hartu du azkenaldian Murakami, Yoshimoto eta gisako idazleek lortu duten arrakastaren harira. Sinpleegia litzateke esatea Japonia ez dela bere idazleen arrakastarekin gehiegi pozten; aitzitik, arazoaren gakoa arrakasta hori ahalbidetu duten balio kulturaletan dago. Mendebaldeak japoniar literaturaz duen irudia Bigarren Mundu Gerra osteko asmakizun bat da. 1950 eta 1960ko hamarkadetan, Japoniaz zuen ezagutza eza gainditze aldera hango literatura itzultzeari ekin zion Mendebaldeak. Itzulpenari propio heldu baino lehen, baina, japoniar literaturaren kanona osatu behar zuen lehenik, herrialdearen arima ondoen islatzen zuten egileen lanetan oinarrituz. Irizpide horren arabera, idazle zerrenda ondoko izenetara mugatu zen: Jun’ichiro Tanizaki, Yasunari Kawabata eta Yukio Mishima. Jakina, hiru egileen lana mespretxatu gabe, esan beharra dago kanon horrek Japoniarekin (herrialdea bere konplexutasun eta aniztasun osoan kontuan hartuta) baino gehiago Mendebaldeko gustu literarioekin harreman estua zuela. Are gehiago, Mendebaldeak Japoniaz zuen ustean oinarritua zegoen, Japonia izanik iragan galduaren irudi nostalgikoa, samuraien ohore kodea: exotikoa eta arrotza aldi berean.

Estereotipoek bizitza laburra dute baldin eta kanpotik ezarriak badira, baina haren oinarrian dagoen kulturak edozein delarik kausa bere egiten dituenean zaila da estereotipoa egiatik bereiztea. Horixe da, funtsean, Japoniak japoniar literaturari buruz duen iritziarekin gertatu dena. Mendebaldearen diskurtsoa bere egin du bere literatura definitzeko orduan, asmakizuna zena totalizatuz eta naturalizatuz. Horrek ez du esan nahi Jun’ichiro Tanizaki, Yasunari Kawabata eta Yukio Mishima japoniar literaturaren adierazgarri ez direnik, baina haiekin ez da japoniar gizartearen iruditeria amaitzen. Murakami eta Yoshimotoren lana haiena bezain japoniarra da. Kontua zera da, Japonia bat eta bakarra dela sinetsi nahi dutela batzuek, baina horrelakorik ez da inoiz existitu Mendebaldearen ametsetan ez bada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.