Juan Luis Zabala / 2012-03-22 / 483 hitz
Gerardo Markuletak ‘Tximistak’ nobela itzuli du, «bizitza alegiazkoen trilogia» deitutakoaren barruko hirugarrena
Izenburu ofizialik ez badu ere, «bizitza alegiazkoen trilogia» deitu ohi zaio Ravel, Courir eta Des Éclairs nobelek osatutakoari, hots, Jean Echenozek hurrenez hurren Maurice Ravel musikariaren, Emil Zatopek korrikalariaren eta Nikola Tesla ingeniariaren biografietan oinarrituta idatzitako eleberrien sailari. Des Éclairs-en euskarazko bertsioa argitaratu du orain Meettok argitaletxeak, Gerardo Markuletak egindako itzulpenean, aurreko biak bezala.
Pertsonaia historiko errealen biografietan oinarritutako eleberriak dira Jean Echenozen (Orange, Frantzia, 1947) trilogiako hirurak. Baina Echenoz ez da ez historialaria eta ez biografoa, eta Ravel, Zatopek eta Teslaren bizitzak «eleberriak idazteko motor moduan» erabili ditu, hark adierazi duenez. Echenozen helburu nagusia ez da izan, haren itzultzaile Gerardo Markuletaren ustez, «pertsonaia horien bizitza zehatz eta zabal kontatzea». Biografia bat eraiki baino gehiago, «pertsonaia bat eraiki» nahi izan du hiru kasuetan. «Pertsonaia errealak baliatzen ditu, baina fikziozko pertsonaiak balira bezala».
Ravel eta Zatopek bezain ezaguna ez izanagatik, pertsonaia aberats eta alderdi askotatik txundigarria izan zen Nikola Tesla (Smiljan, Austria-Hungaria, egun Kroazia, 1856-New York, 1943). Teslaren omenez, eremu magnetikoaren neurri unitateari tesla deitzen zaio, eta argindarraren haririk gabeko transmisioari, tesla efektua. Haririk gabeko energia transmisioaren, X izpien, fluoreszentearen eta korronte alternoaren asmatzailea izan zen, besteak beste, eta irratiaren benetako asmatzailetzat ere jotzen dute, patentatu zuena Guglielmo Marconi izan bazen ere. «Benetan berezia zen Tesla. Bi metro luze zen, eta bizitza osoan ez zion hazteari utzi. Bakarzalea, txorizalea, perfekzionista, higienearekin obsesiboa eta, jenio askori gertatzen zaion legez, harremanetarako izua eta erabat ezgauza».
«Ekologistak Teslaren figura berpizten ari dira», Markuletak azaldu duenez, «asmatu zuelako elektrizitatea doan sortu eta mundu guztira doan banatzeko». Teslak John Pierpont Morgan bankari aberats eta ospetsuari sistema hori aurkeztu zionean, Morganek esan zion ez zitzaiola interesatzen doan banatzen denak ez duelako mozkinik sortzen.
Eleberrian, izena aldatuta
Ravel eta Lasterka nobeletan, fikzioko pertsonaiak oinarrizko pertsonaia errealaren izen bera du: Maurice Ravel eta Emil Zatopek hurrenez hurren. Tximistak-en kasuan, aldiz, pertsonaia nagusia Gregor deitzen da, eta Nikola Tesla izena ez da ageri nobela osoan. Horrek idazterakoan askatasun handiagoa ematen ziola azaldu zuen Echenozek, baina, Markuletaren ustez, baliteke abokatuen aholkuak ere zerikusirik izatea erabaki horretan, Tximistak-en zientziaren historiako pertsonaia ezagun asko aipatzen baitira, eta ez beti haien oinordekoak gustura uzteko moduan.
«Idazle garrantzitsua» iruditzen zaio Markuletari Echenoz. «Askatasun handiak hartzen ditu idazteko orduan, bai hizkuntzari dagokionez —frantsesa oso era berezian manipulatzen baitu—, eta bai arau literarioei dagokienez ere. Estiloa txundigarri samarra du, eta bateragarri egiten ditu trinkotasuna eta arintasuna».
Horrenbestez, «erraz irakurtzen diren testuak» idazten ditu Echenozek, baina «barnetik esanguratsuak» direnak. «Informazio guztia hortxe dago, baina ez dago bere lekuan edo behintzat normalean egoten den lekuan. Sareak ehuntzen ditu, errepikapen sotilekin, behin eta berriz errepikatzen diren oihartzun txikiekin, eta, azkenerako, nobela osoa bihurtzen da poema, zentzurik onenean; egitura poematikoa daukala esan daiteke. Nahiz eta iraganaz hitz egin, ez dago nostalgiarik, eta psikologia ere gutxi, behintzat agerikoa. Batzuetan ematen du Echenozek gehiago erreparatzen diola irakurlearen psikologiari ezen ez pertsonaiaren barne munduari».