Maite Asensio Lozano / 2012-03-07 / 1.336 hitz
Krisi ekonomikoak, lan erreformek eta murrizketa neurriek eragin handia dute emakumeengan, bai lan munduan, bai etxeko arduretan. Hamarkadetan lortutako eskubideetan atzera egiteko arriskua ikusten dute sindikalistek eta ekonomialariek.
Ez da lanaren aurkako erasoa soilik; bizitzaren aurkakoa da». Amaia Perez Orozko ekonomialari feministaren esaldi horrek ondo laburbiltzen du aurtengo Martxoaren 8an emakumeek kalera aterako duten kezka: finantzen krisia eskubideen krisi bihurtzen ari da. Izan ere, lurrikara ekonomikoa hasi eta lau urtera, eskubideen lorpenean atzera egiteko arriskua inoiz baino handiagoa da, eta horrek, andreen kasuan, bizimodua bera auzitan jartzea dakar.
Kapitalismoak oinarrian duen egiturazko kontraesana jarri du agerian ekonomia feministak: kapitala pilatzearen eta bizitzari iraunaraztearen arteko gatazka. Bi prozesuok bateraezinak direla ikusarazi du finantza sistemaren eztandak, Perez Orozkoren ustez: «Kapitala pilatzeko prozesuak pertsonen beharrak asetzeko prozesua erabiltzen du, etekin ekonomikoak lortzeko: bizitzak inporta du, etekin horiek eratzeko modua ematen duen neurrian, baina bizitza bera ez da helburu bat, bitarteko bat baizik, eta batzuetan, oztopo bat ere bai».
Gatazka hori ez ezik, bi prozesuotatik bat lehenesteko beharra ere azaleratu du krisiak. Gobernuen hautua izan da aurrerantzean ere kapitala pilatzea. «Merkatuaren tresnek gaizki funtzionatzen dute, bizitzari eusteari dagokionez. Logikoena litzateke tresna horiek aldatzea, baina badirudi ezin direla egitura horiek auzitan jarri». Ekonomialari feministaren esanetan, gizartea ez dago kezkatuta finantza merkatuetako desorekekin, baizik eta politikak eman duen erantzunarekin, «desoreka hori orekatzeko, bizi-baldintzak eta bizitzaren iraunkortasuna arriskuan jarri delako».
«Hain da agerikoa, ezen esateak demagogikoa ematen baitu», erantsi du. Baina argazki horretan emakumeek duten lekua oso argigarria da: «Kapitalaren pilaketa bermatzeko erantzukizun soziala badago, baina ez bizitzaren iraunkortasuna bermatzeko. Hori konpontzeak ez gaitu kezkatzen». Baina doitze hori etxeetan gauzatzen da; emakumeek egiten dute, haien gain erortzen delako bizitzari iraunarazteko ardura. «Erantzukizuna feminizatzen da, eta ikusezin bihurtzen: hitz egin nahi ez dugun eta gatazkarik sortzen ez duen esparruan uzten da».
Bada, sistema hori haustea izan da feminismoaren aldarrietako bat, baina emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak betikotzeko arriskua ekar dezakete, besteak beste, Espainiako Gobernuak bultzatutako azken lan erreformak eta murrizketa sozialek. «Emakumeoi ondorio bikoitzak ekarriko dizkigute, berez egoera kaltetuago batetik abiatzen garelako», adierazi du Zaloa Ibeas LABeko Emakumeen saileko arduradunak.
Izan ere, sindikatuek antzeko diagnostikoak egiten dituzte urtero. Andreen langabezia tasa gizonena baino handiagoa da, baina langabezia sari txikiagoa jasotzen dute, eta soldatak ere %27 apalagoak dituzte. Aldi baterako kontratu gehiago eta mugagabe gutxiago egiten zaizkie, eta andreek betetzen dituzte ia lanaldi partzial guztiak.
«Krisia txarra da enplegua galtzen dutenentzat, baina enpleguari eusten diotenentzat ere bai, prekarizatzen delako», azaldu du Mertxe Larrañaga EHUko Ekonomia irakasleak. Krisiaren bilakaerari erreparatuta, aldiz, ondorio batzuk neurtzea zaila dela onartu du: «Oraingoz ezin da frogatu, baina badirudi emakume batzuk lan merkatuan sartu direla, krisiak behartuta. Horrekin lotuta, emakume gazteak lan merkatura sartzeko erritmoa moteltzen ari da, eta emakume heldu edo zaharragoena, azkartzen».
Eta jokaleku horretan, nola eragingo du Hegoaldean berriki onartutako lan erreformak? Ondorio nabarmenena lanaldi partzialaren alorrean antzemango dela iragarri dute sindikatuek. Orain, kontratu partzialak bultzatzeaz gain, lan baldintzak ere ezarri ahalko dituzte enpresaburuek; besteak beste, beharginak aparteko lanorduak egitera behartu ahal izango dituzte. «Ez du zentzurik. Lanaldi partzialari ordu gehiago jarriz gero, ez da lanaldi partziala», ondorioztatu du Jone Bengoetxea ELAko Emakumeen arloko arduradunak.
Bateragarritasunaren aurka
Andrazkoak dira halako kontratuak dauzkaten langileen %70 Euskal Autonomia Erkidegoan, eta %85 Nafarroan. Izan ere, lan mundua eta bizitza pertsonala bateratzeko onartu ohi dute emakumeek lanaldi mota hori, Ibeasen hitzetan, «zerbitzu publiko eta bateratze neurririk ez dagoelako». «Ez da boluntarioa, batzuetan ez dutelako beste aukerarik izaten», berretsi du Bengoetxeak. Nafarroan, esaterako, zaintzarako lanaldi murrizketen %98 emakumeentzat dira.
Bateragarritasunean zuzenean eragiten duten beste hainbat puntu eraldatzeko ahalmena ere enpresarien esku egongo da, hala nola zaintzarako zenbat lan ordu murriztea. Baina, horrez gainera, sindikatuek ohartarazi dute andreak kaleratzeko arrazoi bihur daitekeela bateragarritasuna, adibidez, absentismoz mozorrotuz.
Kaleratzeak «arbitrarioki» egin ahal izaterekin batera, negoziazio kolektiboa mugatu izana atzerapausoa dela esan du Bengoetxeak: «Soldatak parekatzeko, bateratzea errazteko, sexu jazarpenari aurre egiteko… Berdintasun planetan edo lan itunetan lortu diren neurriak galtzeko arrisku itzela dago». Oso kezkatuta agertu da, galera horiek «ia ikusezinak» izango direlakoan, «kostu politikorik gabeak». Izan ere, oso zaila izango da horiek zenbakitan jartzea, estatistiketan agertzea: «Hitzarmen bat negoziatzerakoan, nola ukitzen duzu berdintasuna klausula zehatzetan? Nola neurtzen duzu diskriminazioa? Egiturazko arazoak ez dira ia ikusten».
Baina, lan erreformak ez ezik, krisia hasi zenetik planteatu diren murrizketa gehienek ere eragin handiagoa izan dute andrazkoengan: Espainiako Mendekotasun Legearen aplikazioa atzeratzea, gutxieneko soldata izoztea, funtzio publikoko lantaldeak ez handitzea… Neurrion atzean, emakumeak lan merkatutik ateratzeko arriskua ikusten dute sindikatuek. «Erantzukidetasunik ez dagoen neurrian, emakumeek bateratzen dute, eta hautatzera behartuko dituzte: enplegua ala zaintza», iragarri du Feli Piedra Euskadiko CCOOko Emakumeen idazkariak. Hain justu ere, CCOOk eta UGTk PSOEri eskatu diote genero diskriminazioa argudio gisa sartzea, lan erreformaren aurka prestatzen ari den Konstituzioaren aurkako helegitearen barruan.
Sindikatuen iragarpen horren lehen urratsak agertu dira jadanik. Mertxe Larrañagak azaldu duenez, ohikoak dira merkatuaren eta etxearen arteko lan trukeak: «Egoera ekonomikoa ona denean, jendearen bizi-kalitaterako beharrezkoak diren lanak merkatura ateratzen dira: etxetik kanpo bazkaltzen dugu, norbait kontratatzen dugu garbiketarako…». Eta egoera ekonomikoa okertzen denean, alderantziz, «produkzioa merkatutik eta estatutik etxera mugitzen da».
Beraz, etxeko eta zaintza lanen zamak lan merkatutik aterako ditu andreak? Asmoa, behintzat, badago, Ibeasen iritziz: «Ez dugu inoiz enplegua edukitzeko eskubidea bermatuta izan, merkatuaren interesen arabera egon gara bertan; beraz, enplegua falta denean, gu gara lan merkatutik kaleratzen lehenak». Larrañagak, ordea, ez du uste irteera masiboa izango denik: «Aurreko krisietan ere espero zen, baina ez zen gertatu. Lan merkatuan andreen presentzia sendotuta dago». Erdian geratu da Bengoetxea: «Kaleratzea neurtua izango dela uste dut; halako neurrietan programatuta egoten da txirotzea».
Eskubide ekonomikoak galtzeko aukera, hala, argiago ikusten dute denek. Larrañaga: «Lanaldi partzialaren aldeko apustua egingo da, eta arriskua da lanaldi hori emakumeentzat bakarrik geratzea». Hortik prekarietaterako eta desberdintasunerako bidea zuzena da, «enplegu partzialek soldata partzialak dituztelako, eta mailaz igotzeko oztopoak». Ibeasek gogorara ekarri du andreen jarduna «osagarritzat» jo izan dela etxeko ekonomietan, «eta horrek autonomia ekonomikoa eskuratzea eragotzi digu, mendekotasun egoeran kokatu gaitu».
Abagune horretan betikotzea erraz ikusten du Bengoetxeak, gizartean beldur handia dagoelakoan eta izuak jarrera kontserbadoreenak azaleratzen dituelakoan: «Krisi garaietan ateratzen dira fundamentalismo guztiak, eta hor, emakumeak galtzaile gara». Eta politika atzerakoiak nagusi diren garaietan, berdintasun politikak ere arriskuan daudela sinetsita dago: «Orain Espainian agintean daudenek esaten dute berdintasun politikak luxu bat direla, ez beharrizan bat. Horrekin batera etorriko da, adibidez, abortatzeko eskubidea murriztea».
Erantzuna feminismotik
Borroka feminista indartzea eta emakumeen aldarrikapenak sindikatuetan uztartzea ezinbesteko dute Ibeasek eta Bengoetxeak irtenbideari begira. Baina errealitateak dio feminismoek aurkeztutako alternatibetatik oso urrun daudela gobernuen erantzunak. «Politikek egungo norabidean jarraitzen badute, krisia larriagotuko da, dimentsio guztietan: prekarietatea, zaintzaren krisia, krisi ekologikoa…», ohartarazi du Amaia Perez Orozkok.
Baina krisi ekonomikoa eraldatzeko aukera gisa ikusten du oraindik ekonomialariak. «Gatazka azaleratu da, eta sistema auzitan jartzeko aukera eman digu». Zirt egin ordez zart eginez gero, konponbiderik txarrenetan onenarekin geratzearen beldur ere bada: «Kapitalismo ona eta txarra daudela sinestarazi nahi digute, produktibitatearen diskurtsora itzuliz. Guretzat hori ez da nahikoa».
2011 amaierako datuak eman dituzte sindikatuek:
• Langabezia. Krisia hasi zenean gizonen langabeziak emakumeena gainditu bazuen ere, egoera berriro irauli da: Hegoaldean, %15,4 da andreen artean, eta %13, gizonen artean. EAEn, 25 urtetik beherakoen artean aldea nabarmenagoa da: emakumeen %43 daude lanik gabe, eta gizonen %29,5.
• Kontratu mota. Iaz emakume gutxiago kontratatu ziren EAEn, baina andreen %30ek hiru kontratu baino gehiago eduki zituzten (gizonen %21ek). Kontratu mugagabeak %13 jaitsi ziren andreen artean (%8,9, gizonetan); aldi baterako kontratuak, berriz, %4,7 igo (%1,2, gizonetan). Emakumeek iaz sinatutako kontratuen %47,6 lanaldi partzialekoak izan ziren.
• Soldata. Batez beste, EAEko andreek gizonek baino 6.391 euro gutxiago kobratzen dute urtero; Nafarroakoek, 7.268.
MURRIZKETEN ERAGINA
• Mendekotasun Legearen aplikazioa atzeratzea. Feministen ustez, emakumeen bizkar eroriko dira administrazioek ematen ez dituzten zaintza zerbitzuak.
• Lanbidearteko gutxieneko soldata izoztea. Lansaria zenbateko horren arabera erabakitzen duten sektoreei kalte handia egingo die. Sektoreotako gehienak feminizatuta daude; esaterako, etxeko langileak.
• Sektore publikoko lantaldeak izoztea. Eragina handiagoa da andreengan, administrazioko langileen ia %60 direlako; EAEn, aldi baterako dauden andreak lan taldearen %34 dira, eta gizonak, %16.
• Pentsioen murrizketa. Emakumeen pentsioak, berez, apalagoak dira, eta, gainera, pentsioen zenbatekoa kalkulatzeko kotizazio epea luzatzen den heinean jaisten dira, lan merkatutik ateratako aldiak hartzen dituelako zaintzan jarduteko.