Garikoitz Goikoetxea / 2012-03-16 / 1.587 hitz
Etengabe jaisten ari da erlijioan izena ematen duten ikasleen kopurua. «Presioaz» kexatu da Eliza. Erlijioak eskolan izan beharreko lekuaz eztabaida nahi du Zelaak. Eragileak pozik dira.
Eztabaida itzuli da, eta horri eusteko asmoa agertu du Eusko Jaurlaritzak. «Eztabaida luze eta sakon bat hasi behar dugu erlijioak ikasgeletan izan behar duen lekuari buruz». Isabel Zelaak esan du hori, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Espainiako Gobernuak ezarritakoak baino erlijio ordu gehiago ematen dituzte Hegoaldean aukera hori egiten duten ikasleek. Gero eta gutxiago dira, ordea: eskola publikoetan, hirutik bat eskas. Egoera auzitan jarri du Zelaak, eta iritzia eman du: «Egokia litzateke erlijioa eskolako ordutegitik kanpo uztea». Hala dago Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: debekatuta dago erlijioa ematea eskolan.
«Bazen ordua», esan du EHIGE gurasoen elkarteko ordezkari Lurdes Imazek. Kanpaina egin dute aurten ere, Erlijioa ikasgaia eskolatik ateratzearen alde. Ez da eragile bakarra. EILAS sindikatuak ere egin izan ditu era horretako ekimenak. «Ondo hartu dugu Jaurlaritzaren iragarpena, noski, erlijioak ikastetxe publikotik kanpo egon behar duela uste dugu eta». Afrika Jimenezek aitortu du, ordea, mugatua dela Zelaaren iragarpenaren ibilbidea: Espainiako legea dago oinarrian.
Vatikanoak eta Espainiako Estatuak sinatutako hitzarmen batean dago jasota erlijioak zein leku izan behar duen ikastetxeetan. Bi alde dira nabarmentzekoak: batetik, eskolek nahitaez eskaini behar dute erlijioa emateko aukera, baina gurasoek nahi badute soilik aukeratzen dute; bestetik, erlijioa ikasten dutenek ezin dute diskriminaziorik jasan, eta, beraz, ezin dute erlijioa aukeratu ez dutenek baino ordu gutxiago eman curriculumeko beste ikasgaietan.
Desberdintasunak agerian
Arazoa da nola bideratu egoera hori. «Lehen Hezkuntzan, eskola bakoitzaren esku geratzen da nola bete ordu horiek. Jolastokian egotea ere legezkoa litzateke, curriculuma ez badute aukeratzen», azaldu du Jimenezek. Jolasak, irakurketa… Horrelakoak egiten dituzte. DBHn badago Alternatiba izeneko ikasgai bat; betiere, ordea, ezin dute curriculumeko gairik eman ezta indartu ere. Gorabeherak ekarri ohi ditu horrek. Nafarroan gertatu zen: ordu horietan ingelesezko solasaldiak egiten hasi ziren, eta Erlijioko irakasleek salatu zuten curriculuma —Ingelesa— indartzen ari zirela.
«Argi dago zein den arazoa: Alternatiba da gaur egun arazoa sortzen duena eskoletan. Erlijioa ikasten ez dutenei ondo erantzun behar zaie», adierazi du Ibon Ibargurenek. Donostiako Elizbarrutiko Irakaskuntza arduraduna da.
Ez datoz bat Jimenez eta Imaz. Oinarrizko arazoa Erlijioak sortzen duela irizten diote. «Oraingo sistemarekin, ikasleak banatzen ari dira sinesmenen arabera eta Erlijioa aukeratzen dutenen eta ez dutenen arabera», nabarmendu du EHIGEko kideak. Antolatzeko gorabeherak izaten dituzte eskoletan; taldeak banatu behar dira Erlijioan aritu nahi dutenen eta ez dutenen artean, eta kasu egin behar zaie ikasgaia hautatu ez dutenei. Soluzio bat proposatu du Ibargurenek: «Guztiek Erlijioa izatea litzateke modu ona. Bi ibilbide jar daitezke: erlijioa alderdi konfesionaletik bat, eta erlijioa kultur ikuspegitik bestea. Ikaragarria da herri honetan dagoen analfabetismo erlijiosoa».
Egia da, nolanahi ere, oraingo egoerak desberdintasunak sortzen dituela berdintasunaren izenean. Eskoletan gertatzen ari da. Imaz: «Talde batean ikasle batek aukeratzen badu Erlijioa, haren gelakideak behartuta daude Alternatiba aukeratzera. Inork ez badu aukeratzen, berriz, curriculumeko gaiak lantzeko aukera daukate». Egoera bidegabea dela ohartarazi du EILASeko ordezkariak: «Berdintasunaren alde jokatzen da Erlijioa aukeratu dutenekiko, baina desberdintasunak sortzen dira aukeratu ez dutenentzat. Gainera, guraso batzuek baldintzatu dezakete beste ikasle batzuen eskolatzea. Argi eta garbi».
«Informazioa» eta «presioa»
Horren berri ematen ari dira aita-amei. Hori esan du EHIGEko kideak: «Familiei jakinarazten zaie Erlijioa ez bada aukeratzen curriculuma aukera daitekeela. Gurasoek aztertzen dute hori, eta onena zer den erabakitzen dute». Hala ere, guraso batek aukeratuz gero, besteek ezin dute ezer ere egin.
Gurasoen elkarte batzuk «presio» egiten ari direla salatu dute azken asteetan Hegoaldeko gotzainek. Kezkatuta daude, gero eta ikasle gutxiago ari baitira Erlijioan. Urtez urtekoa da joera. Hara: 2001-02ko ikasturtean, Hegoaldeko eskola publikoetan ari zirenen %43k hautatu zuten ikasgaia; 2009-10ekoan, %32k. Datu berriago zehatzik ez dago, baina beheranzkoa da joera. Jaurlaritzak eman du datua: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ikastetxe publikoen %23an ez dute Erlijioa ematen, inork ez baitu aukeratu.
Zenbaki horien atzean dagoen egoera salatu du Ibargurenek. Haren arabera, ikasle kopurua jaitsi izana ez da sekularizazioaren ondorioa soilik. «Urteetan aritu gara eskatzen aurrematrikulazioko datuak. Iaz lortu genituen, eta uste baino eskari gehiago daude». Jakinarazi du Gipuzkoan 14 eskolatan hasi direla Erlijioa ematen elizbarrutiak kontu hartu ostean. Kasu gehiago badirela uste du.
Gipuzkoan, ikastetxe publikoen %40an ez dute Erlijioa ematen. «Argi dago eskola horietan hobeto aprobetxatzen dituztela orduak», nabarmendu du EILASeko kideak. Gainera, salatu du Eliza «presio» egiten ari dela, eskola horietara agiriak igorriz. Erlijioa inork ez badu hartu, curriculumeko edukiak eman ditzakete 500 ordu gehiagoz, Jimenezen esanetan. Ez dago ados elizbarrutiko ordezkaria: «Itunpeko ikastetxe erlijiosoetan ematen dute Erlijioa, eta horien maila akademikoa besteen parekoa edo hobea da».
Arazo ez, mesede da Erlijioa, Ibargurenen ustez: «Eskolak heziketa osoa eman behar du, eta hor egon behar du dimentsio moral-erlijiosoak». Balioak beste ikasgaietan lantzen direla irizten diote Imazek eta Jimenezek. Hala uste du EILASekoak: «Balio unibertsalak transmititu behar ditu eskolak, ez erlijio batenak; gainera, horiek maiz kontraesanean daude gizarteko errealitatearekin».
Balioak baino gehiago ematen dira Erlijioko eskolan, eta beste alor batzuk ulertzeko ere behar da erlijioaz jakin, elizbarrutiko ordezkariaren hitzetan. «Nola uler daitezke historia, musika edo arkitektura, kristautasunak egindako ekarpena jakin gabe?». Ados dator horrekin Jimenez, baina beste alde batetik ikusita: «Erlijioen historia eta kultura ematearen aldeko gara, eta lehen ere ematen dira, Historia ikasgaiaren barruan, adibidez. Erlijioak parte handia izan du historian, eta kultur ikuspegitik azaldu behar da. Besterik da dotrina». Eskoletan ez dago dotrinarik, Ibargurenen arabera: «Modu akademikoan irakasten da, alde konfesionaletik».
Batxilergoan, ordezkorik gabe
Erlijioaren gaia eskolan nola kudeatu, adibide bat badagoela azaldu du Imazek: Batxilergoan gaur egun egiten dena. Eskolako ordutegitik kanpo dago, neurri batean: «Erlijioa ematen dutenek ordubete gehiago geratu behar dute ikastetxean. Ez dago Alternatiba. Bide egokia izan daiteke». Hori diskriminazioa bultzatzea dela uste du Elizak, eta auzitara eramana du hori arautzen duen dekretua, Jaurlaritzarena. Ibargurenek jakinarazi du Batxilergoan Erlijioa ikasten dutenen kopurua %30etik %2ra jaitsi dela.
Jaurlaritzak «irizpide politikoengatik» hasi nahi du eztabaida, Donostiako Elizbarrutiko ordezkariaren ustez. «Hiru urtean ez dute hasi, eta orain, hauteskundeetarako urtebete falta denean, bai». Parte hartzeko prest azaldu da, hala ere. EILAS ere bai, nahiz ohartarazi duen Madrilen aldatu beharko dela legea erlijio eskolei dagokienez. EHIGEk, berriz, eztabaida «politikoa» dela uste du, alderdiei dagokiela erabakitzea.
————————————–
Aralarren eskaria ez du onartu legebiltzarrak, eta erlijioko ikasleen «diskriminazioaren» kontra agertu da
Garikoitz Goikoetxea
Talde berean inork Erlijioa aukeratzen ez duenean ikasle horiek curriculumeko gaiak lantzea ez du onartu Eusko Legebiltzarrak. Aralarrek eraman zuen mozioa atzo parlamentura, osoko bilkurara, baina ez zuen aurrera egin. Haren ordez, PPk aurkeztutakoa onartu zuten, alderdi horretako legebiltzarkideen eta EAJkoen babesarekin. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote Erlijioari dagokionez berma dezala ikastetxeetan legea betetzen dutela eta ez dezala onartu «diskriminaziorik» egitea.
Erlijioa aukeratzen ez dutenen eskubideak zituen aintzat Aralarren proposamenak. «Gela berean egon ez arren, maila edo ziklo berean norbaitek Erlijioa ikastea nahikoa da gainerako guztiek Alternatiba ikasi behar izan dezaten», ohartarazi zuen Mikel Basabe legebiltzarkideak. Ekimen horri zuzenketa bat aurkeztu zion PSE-EEk, zabalagoa. Horretan, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio berriro aztertzeko Vatikanoarekin dituen harremanak. Aralarrek parlamentura eramandako egoeren gisakoak zuzentzeko, «oinarrira» jo behar dela defendatu zuen Vicente Reyes eledunak.
Hartara, Alternatiba ikasgaiari buruzkoa ez, Erlijioak eskoletan izan behar duen lekuari buruzko eztabaida bihurtu zen legebiltzarrekoa. Iñaki Oiarzabalek (PP) gogor jo zuen ikastetxeen aurka, Erlijioan izena ematearen aurka ari direlakoan; salatu zuen Jaurlaritza ere, «beste aldera begira» dagoelakoan; eta EHIGE gurasoen elkartearen kontra ere egin zuen, Erlijioan izena ematearen aurkako kanpaina bat egin duelako, «diru publikoa» erabiliz. EAJk babestu egin zuen PPren mozioa, argudiatuz erlijioak izan behar duela tokia ikastetxeetan.
Aralarren jatorrizko testua eta PSEren zuzenketa bidean geratu ziren. Hala ere, haiekin ados agertu ziren beste taldeak: Ezker Anitza, Eusko Alkartasuna eta UPD. Adierazi zuten erlijioak ez duela ikasgai bat izan behar ikastetxe publikoetan, eta ezinbestekotzat jo zuten egungo legea aldatzea.
———————————————-
Erlijio islamiarra gero eta gehiagok eskatzen dute. Ordea, irakasle bat bakarrik dago Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako. 300 ume daude eskola hartu ezinik. Egoera hori konpontzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Erlijio guztien eskaria ez da ari behera egiten. Eskolan erlijio islamiarra eskatzen dutenen kopurua urtez urte ari da hazten. Hara: aurten, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamazazpi eskola publikotan osatu dira taldeak erlijio hori emateko. Eta hori, hamar ikasle gutxienez batu behar direlarik —erlijio katolikoan bakarra aski da—. Taldeak osatu dituzte, baina gehienek, 300 bat umek, ez dute eskolarik: irakasle bakarra dago hiru herrialdeetarako, eta, noski, ezinezko zaio ikastetxe guztietara heltzea.
Erakundeekin harremanak etengabe ari da izaten EAEko Komunitate Islamikoen Batasuna, Ahmed el Hanafy ordezkariak azaldu duenez. Lehen, Espainiako Hezkuntza Ministerioarekin; orain, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, iaztik harena baita erlijio irakasleen eskumena. «Eskuduntza hona pasatu zutenean, aukera ikusi genuen egoera hobetzeko. Gero eta ikasle gehiago daude, eta ezinbestekoa da irakasle gehiago jartzea». Bildu dira Jaurlaritzarekin, baina ez dute aurrerabiderik ikusi; areago, Madrilek bere garaian baino baldintza zorrotzagoak jarri dizkie.
«Arazoa da irakasle ikasketak dauzkan musulmanik ez dagoela hemen. Hala, Hezkuntza Ministerioarekin akordio bat egin genuen, unibertsitateko ikasketak dauzkatenek eman ditzaten eskolak». Horrela hasi zen lanean gaur egun hiru herrialdeetan irakasle ari den bakarra; ez da irakaslea ikasketaz. Orain, ordea, irizpide hori ez du onartu Jaurlaritzak: «Irakasle ikasketak ez dituztenak ez ditu hartu nahi». Eta eskaria etengabe handitzen ari da: iaz hamar ikastetxetan osatu zituzten taldeak; aurten, hamazazpitan. Araban daude gehienak, zortzi; Bizkaian zazpi eta Gipuzkoan bi.
Jaurlaritzaren trabei batu zaizkie ikastetxeetakoak, Hanafyren esanetan. «Gurasoek maiz ez dakite erlijio islamiarra ikasteko eskubidea dutela umeek, eta, gainera, zuzendari batzuek ez dute hori onartzen». Elkarteetatik ari dira gurasoei informazioa helarazten.
Egoera aldatzeko modu bat badago, eta ari dira: «Musulmanak hasi dira irakasle ikasketak egiten, baina denbora igaroko da karrera amaitzerako». Bitartean, soluzio eske segituko dute, nahiz eta Hanafyk onartu duen «nekatuta» daudela; uste dute ez dituztela aintzat hartzen. EAEko Arartekoarenera jotzeko asmoa dute.