Sagarraren harra

Jakes Goikoetxea / 2012-03-14 / 1.685 hitz

Applek 10.000 milioi euro irabazi ditu aurtengo lehen hiruhilekoan, inoiz baino gehiago. iPad berria ere aurkeztu du. Sagarrak distira egiten du. Baina sagarrak harra dauka barruan: haren gailuak egiten dituzten langile txinatarren lan baldintzak.

Erreportaje hau Mac mini batean eta iMac batean idatzi da. Artikuluari buruzko zenbait mezu elektroniko iPhone baten bidez bidali dira. Eta artikulua idaztean iPod bateko kantak entzun dira. Guztia, beraz, Designed by Apple in California. Assembled in China. Kalifornian diseinatua, Txinan muntatua. Nork? Lan baldintza oso kaskarrak dituzten langileek. Appleren terminologiari jarraituz, iEsklabuak deitu diete langileen eskubideen aldeko zenbait taldek. Haiek egiten ari dira iragan astean aurkeztutako iPad berria.

Applek bere produktuen atzean aipatzen du Txina, letra txikitan. Langile txinatarrak daude, hain zuzen, Appleren distiraren, miresmenaren eta zenbaki potoloen atzean. Langile txinatarrek lan baldintza negargarrietan egiten eta leuntzen dituzte Appleren produktuak eta Appleren sagarra bera. Baina Appleren sagarrak harra dauka barruan. «Bezero gehienak minduta sentituko lirateke beren iPhonea nondik datorren jakingo balute», esan zion Appleko goi kargudun izandako batek The New York Times-i, otsailean argitaratutako erreportaje batean. Gaur egungo goi kargudun baten esanetan, ordea, «gaur egun bezeroei gehiago axola zaie iPhone berria edukitzea, Txinako lan baldintzak baino».

Taiwango Foxconn enpresak muntatzen ditu Appleren gailu gehienak, Txinan, Chengdungo (Sichuan probintzia), Shenzhengo eta Zhengzhouko (Henan probintzia) lantegietan. Lantegiak baino gehiago, ekoizteko makinak, ekoizteko hiriak dira. Lanerako pentsatuak. Langileek lan, jan eta lo egiten dute. Kasu askotan, guztia enpresan bertan. Logela batzuetan 6-22 langilek lo egiten dute, baina ez dute ia elkar ezagutzen. Ez daukate bizitzarik lantegitik kanpo. Foxconnek milioi bat langiletik gora ditu. Munduko gailu elektronikoen %40 inguru muntatzen ditu.

Lan korapilatsua da: langileek 141 urrats egin behar dituzte iPhone bat muntatzeko, gehienak eskuz; iPada, berriz, 325 eskutatik pasatzen da, eta bost egun behar dira bat muntatzeko.

Applek ia edozer eska diezaike Foxconni, eta Foxconnek eman egiten dio. Nola eutsi, bestela, Appleren eskariari eta berrikuntza erritmoari? Iaz, 70 milioi iPhone, 30 milioi iPad eta bestelako 59 milioi produktu saldu zituen. Hala ere, egun osoan lan eginda ere, ezin eutsi Appleren produktuen eskaerari. Herenegun, Applek jakinarazi zuen amaitu egin direla iPad berrien stockak.

Kristalezko pantaila

2007an, lehen iPhonea kaleratu baino hilabete lehenago, Steve Jobs konpainiako kontseilari ordezkariak enpresako hainbat arduradun bildu zituen bulego batean. Erakutsi egin zien zenbait astetan poltsikoan ibili zuen iPhonearen prototipoa. Plastikozko pantaila zeukan, eta poltsikoan eramaten zituen giltzek pantaila erabat urratu zuten. «Kristalezko pantaila perfektua nahi dute sei astean», exijitu zien. Ameriketako Estatu Batuetan ia ezinezkoa eta oso garestia zen. Txinan, ez. Foxconnek egin zuen. Sei asteren buruan iPhoneek kristalezko pantailak zeuzkaten.

Zer preziotan? Langileek egunean hamabi ordu lan eginda, horietako asko zutik; egunero, orduro, minuturo mugimendu bera eginda; elkarrekin hitz egin gabe; astean edo bi astean egun bakarrean jai eginda; kudeaketa eta prestakuntza militarra jasota; akatsen bat eginez gero, umilazioak jasanda; ia hilero behar dutena baino gutxiago kobratuta; gai kimiko arriskutsuekin lan eginda, beharrezko babesik gabe; milaka bekadun baliatuta; eta benetako sindikaturik gabe.

Halako ondorioak atera zituen iaz Sacom elkarteak, Foxconnen Chengdungo (iPadak muntatzen dituzte) eta Shenzhengo (iPadak, iPhoneak) 120 langile elkarrizketatu eta gero. Foxconnen adar bat ere ikertu zuen, Futaihua Precision Electronics, Zhengzhoun (iPhoneak muntatzen dituzte). Ikasleek bultzatutako Hong Kongeko gobernuz kanpoko erakunde bat da Sacom, Txinan lan egiten duten multinazionalen lan baldintzak kontrolatzeko eta hobetzeko. Sacomek hainbat azterketa argitaratu ditu Foxconneko lan baldintzei buruz.

Hala ere, Apple ez da salbuespena. Munduko elektronika enpresa nagusiek Txinan egiten dituzte produktuak. Foxconnek berak Amazonentzat, Ciscorentzat, Dellentzat, Hewlett-Packardentzat, Intelentzat, Microsoftentzat, Nintendorentzat, Nokiarentzat eta Samsungentzat ere lan egiten du. IBMk, Lenovok, Motorolak, Sonyk, Toshibak… Txinan egiten dituzte beren produktuak. Lantegi gehienetan baldintzak antzekoak dira. Hornitzaileentzako lan egiten duten lantegi gehienetan, okerragoak.

Aparteko 60-100 ordu hilean

Langileei 2.000 yuaneko soldata (240 euro inguru) eta zortzi orduko lanaldia agintzen diete. Amu erakargarria da landa inguruetako milaka gazte erakartzeko. Lantegietara iristen direnean, ordea, jakiten dute hilaren amaieran 2.000 yuanera iristeko 60-100 aparteko ordu egin behar dituztela hilean, oinarrizko soldata 1.500 yuan ingurukoa baita (180 euro). Oinarrizko soldata ez da iristen gutxieneko bizi-baldintzak izateko, eta langile gehienek aparteko orduak egiten dituzte.

Orain, Foxconnek esan du oinarrizko soldata igo egingo duela, %16-25 artean. Berez, Shenzhengo gobernuak igo du oinarrizko soldata. Foxconnen arabera, langile apalenek hilean 1.800 yuan (215 euro) kobratuko dituzte eta 2.200 yuanera iritsiko dira (265 euro) azterketa bat gainditzen badute.

Txinan, Lanaren Legearen 41. artikuluak dio hilean gehienez aparteko 36 ordu egin daitezkeela. Hala ere, lan eskaria handia bada, aparteko ordu gehiago egitea onartzen du, langilearen baimenarekin. Sacomen arabera, langile gehienak baimen hori sinatzera behartzen ditu Foxconnek. Enpresak eta oinarrizko soldata kaskarrak.

Langileetako asko ikasleak dira, 16-18 urte artekoak. Foxconnen lantegietako lanak ez dauka zerikusirik ikasi dutenarekin, baina ikasgeletatik sailean lan egitera pasatzen dira. Langile arrunten lan bera egiten dute, aparteko orduak egiten dituzte, baina soldataren %40 bakarrik kobratuta.

Applek badauzka hornitzaileentzako arauak, zer egin dezaketen edo zer ez. Teorian, hornitzaileen lan baldintzek seguruak izan behar dute eta langileak duintasunez tratatu behar dituzte. Baina Applek berak onartzen du kasu askotan urtero urratzen dituztela arauak, eta zenbait kasutan arau-hausteak larriak direla. Hala ere, kasu gutxitan eten ditu kontratuak.

«Zenbait langileren arabera, Applek ordezkariak dauzka Foxconnen lantegietan, baina kalitatea eta produktibitatea kontrolatzeaz arduratzen dira, ez langileen eskubideez», esan dio Debby Chan-ek, Sacom elkarteko ordezkariak BERRIAri.

Appleren azterketa

Applek otsailean kaleratu zuen hornitzaileen erantzukizunari buruzko 2012ko txostena. 229 lantegi aztertu zituen iaz, 2010ean baino 102 gehiago, eta ehun lantegi baino gehiago lehen aldiz.

Applek onartu du aztertutako lantegien %40tan langile gehienek baimendutakoak baino ordu eta egun gehiago egin zituztela (hilean aparteko 60 ordu baino gehiago); 24 lantegitan emakumeei haurdunaldi testak egin zizkietela; hiru lantegitik batek behar baino gutxiago ordaindu diela langileei; bitik batek akatsak egin zituela aparteko orduak ordaintzean; bost lantegitik batek ordainketak atzeratu zituela; bost lantegitan adingabeak kontratatu zituztela; eta bi lantegitik batean produktu kimikoak ez direla behar bezala gordetzen, mugitzen edo erabiltzen.

Sacom elkarteak dio lehen erantzukizuna Foxconnena berarena dela, baina Applek eta gainerako multinazionalek erantzukizun zuzena dutela beren hornitzaileetako langileen lan baldintzetan. «Txinako lan araudia ahula da, bai, baina hori ez da aitzakia Applek ez hartzeko lan baldintzen erantzukizuna», dio Debby Chanek. Produktuen akatsak egun batetik bestera konpontzera behartzen ditu hornitzaileak; lan baldintzetan zenbait urratze, berriz, urtero errepikatzen dira.

Horregatik, kontsumorako elektronikan munduko liderra izateaz gain, langileen lan baldintzak hobetzen ere hala izan dadila eskatu dio Sacomek Appleri.

Apple arau-hausteetan konplizea dela uste dute langileen eskubideen aldeko taldeek, Applek hornitzaileak gero eta merkeago ekoiztera behartzen dituelako. Eta hornitzaileek, merkeago ekoizteko, dirua lan baldintzetan eta produktuetan aurrezten dute.

Produktu arriskutsuak

2009an 137 langile larri zauritu ziren Wintek Appleren hornitzailearen lantegian, n-hexano produktu kimikoa erabiltzeagatik iPhoneen pantailak garbitzeko. Beste hainbat gaixotu egin ziren. Wintekek alkoholaren ordez n-hexanoa erabiltzea erabaki zuen, alkohola baino azkarrago lurruntzen delako eta, ondorioz, langileek iPhone gehiago garbituko zituztelako.

Iaz aluminio hautsak bi leherketa eragin zituen Foxconnen bi lantegitan. Lau langile hil eta 77 zauritu ziren. Lantegietan aluminio hauts ugari sortzen zen, milaka iPaden karkasak leuntzen zituztelako, eta aireztatze sistema ez zelako gai hauts guztia xurgatzeko. Aluminio hautsa oso sukoia da. Applek dio arazoa konpondu duela.

Txinako Gobernuak eta eskualdeetako agintariek ere badute erantzukizuna. Sichuango gobernuak langileak lortzen dizkio Foxconni Chengdungo lantegirako. Gobernuaren zenbait bulego, praktikan, Foxconnentzako enplegu bulegoak dira.

Bidezko lan baldintzen aldeko presioa gero eta handiagoa da. Applek nabaritu du, duela zenbait urte Nikek nabaritu zuen moduan. Presioak Apple zenbait mugimendu egitera behartu du: urtarrilean bere hornitzaileen zerrenda argitaratu zuen, lehen aldiz; gero eta lantegi gehiago aztertzen ditu; eta bere hornitzaileen lantegiak ikuskatzen ari da Labour Association (FLA), bidezko lan baldintzen aldeko elkartea.

Hala ere, hutsune ugari ditu: ez du zehaztu hornitzaileen lantegiak non dauden, eta langileen eskubideen aldeko taldeentzat zaila da horiek ikuskatzea; hornitzaileak zerrendatu ditu, baina ez hornitzaileen hornitzaileak; eta FLAren sinesgarritasuna zalantzan dago, aztertzen dituen enpresek diruz laguntzen baitute. Applek 250.000 dolar ordaindu ditu elkartearekin bat egiteko, eta kontu ikuskatzea ere ordaindu behar du.

FLAk laster kaleratuko ditu emaitzak. 35.000 langileren iritzia bildu du, elkarrizketen eta galdetegien bidez. Sacomek salatu du Foxconnek langile adingabeak lekuz aldatu dituela eta aparteko orduak gutxitu dituela ikuskatzeak irauten duen bitartean. Auret van Heerden FLAko presidenteak lantegiak ikusi eta gero esan zuen «lehen mailakoak» direla baina «arazo asko» daudela konpontzeko.

Diru gehiago, ordu gutxiago

Presioak Foxconn ere behartu du aldaketak egitera. Iaz oinarrizko soldata igo zuen, beren buruaz beste egin zuten langileen albisteen oihartzuna ikusi eta gero. Hala ere, Sacomek salatu du langileek jasotzen duten kopurua lehengoaren parekoa dela, lehen langileei otorduetarako eta ostatu hartzeko laguntza aparte ematen zietelako, eta orain oinarrizko soldatan sartu dutelako. Dena den, Hong Kongeko elkarteak onartu du Foxconn langileen oinarrizko soldata igotzen eta aparteko orduak gutxitzen ari dela.

2010eko suizidioek egin zuten ezagun Foxconn. Hemezortzi langile beren buruaz beste egiten saiatu ziren urte horretan, eta hamalau hil ziren. Foxconnen langile kopurua aintzat hartuta —milioi bat baino gehiago— kopurua ez da handia, baina Appleren hornitzaile izateak albiste bihurtu zuen munduan. Foxconnek telefono zerbitzuak jarri zituen, langileek arazoak kontatzeko, eta sareak, langileek solairuetatik jauzi ez egiteko.

Liu Zhiyi Southern Weekend Txinako egunkariko kazetariak 28 egunez lan egin zuen Foxconnen 2010ean, beren burua hil zuten langileen kasuak aztertzeko. Heriotzen arrazoiek baino gehiago, langileen bizimoduak hunkitu zuen, Txinako langileen belaunaldi baten patuak.

Tim Cook Appleko buruak ondo ezagutzen ditu enpresaren produkzio sistema eta sarea. Operazio burua izan zen iazko abuztuan Steve Jobsek dimisioa eman eta berak ordezkatu aurretik. Appleren webguneak dio Cooken lana «funtsezkoa» izan zela hornitzaileekiko harremanetan, «gero eta merkatu zorrotzago batean malgutasuna bermatzeko».

Mike Daisey Ameriketako Estatu Batuetako bakarrizketalari eta zirikatzaileak Steve Jobsi eta Appleri buruzko bakarrizketa kritiko bat sortu zuen iaz. Bakarrizketaren oinarrietako bat Daiseyk Foxconnen Shenzhengo lantegietara egindako bidaia da. Daiseyk AEBetako enpresaburu aberats baten plantak egin zituen, lantegietara sartu ahal izateko. Lantegietan baldintza «ankerrak» eta hamabi urteko zenbait langile topatu zituen.

Hori guztia ikusita ere, Daiseyk ez du aldatu Shenzhenera joan aurretik zeukan iPhonea: «Appleren produktuak botako banitu, haien moduan ekoitzitako beste batzuk aurkituko nituzke».

————————————————-

WebguneakInformazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hauek:

images.apple.com/supplierresponsibility/pdf/Apple_SR_2012_Progress_Report.pdf: Appleren txostena, hornitzaileen lan baldintzei buruz.

sacom.hk: Ikasle mugimendutik sortutako elkartea, multinazionalen jokabide okerren kontra. Txostenak ditu.

www.clb.org.hk/en/: Txinako langileen eskubideen aldeko taldea.

makeitfair.org/en: Gailu elektronikoen ekoizleen gehiegikeriak salatzen dituen elkartea.

http://topics.nytimes.com/top/news/business/companies/foxconn_technology/index.html: The New York Times-en artikuluak, Foxconni buruz.

http://www.appleinsider.com/search/foxconn/: Foxconni buruzko albisteen bilduma zabala.

http://mikedaisey.blogspot.com/: Bakarrizketalaria. Foxconnen lantegiak bisitatu zituen.

www.youtube.com/watch?v=hLuPtMvvwA0&feature=player_embedded: ABC News AEBetako telebista katearen erreportajea, Foxconnen lantegiei buruz.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.