Juan Luis Zabala / 2012-03-24 / 726 hitz
Egungo gizartearekin eta politikarekin zerikusia duten kontuez mintzo da Urtzi Urkizu ‘Kezka bat gutxiago’ liburuko poema batzuetan, amodioaz eta alaba txikiaz beste batzuetan.
Duela bost urte kaleratu zuen Urtzi Urkizu idazle eta BERRIAko erredaktoreak (Lezo, Gipuzkoa, 1975) Beta, bakarkako bere aurreneko liburua, poemaz eta ipuinez osatua eta egileak berak autoeditatua. Bigarren liburua, berriz, autoedizioaren bakardadetik ihes egin nahirik, Maiatz argitaletxearen laguntzaz eta babesez kaleratu du. Duela urtebete inguru idatzitako poemak bildu ditu Kezka bat gutxiago liburuan, bost ataletan banatuta: Hostoei ostikoka, Gizakia gaurko gizartean, Gertuko hartu-emanean, Indartsu heldu den horri eta Ene baitan. Oraingoa bigarren liburua baino ez badu ere, errezitaldietan zaildutako poeta da Urkizu. Ez du bere burua poesiaren joera edo korronte jakin batean kokatzen. Handik eta hemendik, nonahitik edaten du, nonahikoak ditu eraginak, poema liburuetatik bezala edozein bizipenetatik jasoak. «Adibidez, oso aberasgarriak iruditzen zaizkit egunkari eta aldizkarietako zutabe asko, eta Interneteko hainbat gunetan irakurritakoak».
Noiz eta zer aldarterekin idatzitako poemak dira Kezka bat gutxiago liburukoak?
Poema gehienak 2010eko udazkenetik 2011ko apirila bitartean idatzitakoak dira. Egun bakoitzean barruan sentitzen nuena idazten aritu nintzen, eta ikusi nuen bazeudela olerki haietan gai nagusi batzuk: batetik, alabarekiko harremana, hark urte eta erdi eta bi urte artean zituen garaian; bestetik, maitasunezko poemak ere bazeuden; beste batzuk gizarte eta politika gaiekin lotuta zeuden; eta baziren neure barrukoak-edo ziren gai batzuen inguruko poemak ere, sailkaezinagoak, gai jakin bati lotu gabekoak. Gero, poemak libururako biltzen ari nintzela, lehenagoko poema batzuk berreskuratu nituen. Liburuko poema guztien artean idatzi dudan azken poema 2011ko urrikoa da, ETAk ekintza armatuak alde batera uzten zituela adierazi eta bizpahiru egunera idatzitakoa.
Poemetan gizarte eta politika kontuak aipatzen dituzunean, ikuspuntu kritiko eta inkonformista nagusitzen da.
Gaur egungo gizarteko kontu batzuek kezkatu egiten naute. Batetik, patxada eta pazientzia falta nabari da, bizkorregi bizi gara, beti presaka eta askotan txorakeriekin kezkatuta, eta sistema bera, gaur egungo sistema politiko-ekonomikoa, ez da oso jasangarria. Iruditzen zait ez garela bizi beharko genukeen bezala bizi, eta kezkatu egiten nau gure ondorengoei zer utziko diegun pentsatzeak.
Familia poztasunarekin eta babesarekin lotuta ageri da liburuko poemetan, eta liburuaren izenburu bera duen poeman poetak dio besteek esandakoez arduratzeari utzi eta etxe barrukoari ematen diola benetako garrantzia.
Gaur egungo gizartean maite dituzunak gertu izateak eta haiekin gauzak konpartitzeak lagundu egiten du. Kezketan murgilduta zaudela, haur baten inozentziak gauzen beste ikuspegi bat ematen dizu, eta askotan erakusten dizu zein txolinak garen helduok. Dena den, liburuko bi ataletan aipatzen da batik bat familia, eta beste hiru atal daude bestelako kontuekin, gizarte eta politika gaiak eta bestelakoak jorratuz. Beraz, badira bestelako kezkak ere nire baitan, balioen ingurukoak, teknoestresaren ingurukoak eta abar…
Liburua aurkeztean, Luzien Etxezaharreta editoreak zure poemen estiloa «sinplea, naturala, hurbilekoa» dela adierazi du; oro har, samurtasunerako joera nagusitzen da. Baina, horretaz gain, hitz jokoetarako, errimarako eta musikaltasunerako joera ere antzematen da, umorera bideratua kasu gehienetan.
Samurtasunarena bai Luzienek eta bai beste irakurle batzuek ere aipatu didate, eta nik esango nuke baietz, badagoela samurtasunerako joera. Eta hitz jokoak eta errimak ere beti gustatu izan zaizkit. Poema guztietan ez bada ere, batzuetan behintzat ahozkotasunarekin eta horrelako elementuekin jokatzea gustatzen zait. Errezitaldietan jokoa ematen dute horrelako poemek, umore puntu bat jarrita. Garai batean asko gustatzen zitzaidan bertsoak idaztea. Orain utzia diot bertsoak idazteari, baina olerki batzuetan bertsoaren elementu batzuk sartzea maite dut.
Zure lehen liburua, Beta, zeuk argitaratu zenuen, zeure kabuz. Orain Maiatz argitaletxera jo duzu. Zergatik? Nolakoa izan da esperientzia?
Beta-ren kasuan, autoedizioaren aldeko aukera kontzientea izan zen, baina nekagarri samarra egin zitzaidan psikologikoki. Liburua autoeditatuz gero, zenbait unetan bakarrik sentitzen zara. Zeuk hartu behar dituzu erabaki guztiak, zeuk eraman behar duzu liburua dendara… Horregatik erabaki dut oraingoan aldatzea. Eta, argitaletxea aukeratzekotan, garbi neukan gertuko tratua izango nuen argitaletxe bat aukeratu behar nuela. Luzien Etxezaharreta ezagutzen nuen lehendik eta, aurretik espero nuen bezala, mimatua sentitu naiz Maiatzen aldetik. Auxtin Zamorak idatzi du hitzaurrea, eta hori ere ohorea da niretzat. Niri, gainera, ilusioa egiten dit liburua Ipar Euskal Herrian argitaratzeak.
————————————–