Ainhoa Arano / 2012-09-27 / 554 hitz
Jatorriz australiarra da Griffin, baina urte mordoa darama Bilbon. ‘In English, please’ saio berria aurkezteaz arduratzen da orain.
Bizikletaren gainera igo, eta Euskal Herriko hainbat txoko ezagunetan barrena dabil Alan Griffin (Melbourne, Australia, 1947), ikus-entzuleei ingelesa irakasteko asmoz. In English, please bost minutuko saio laburra da, eta goizero ematen dute, astelehenetik ostiralera bitartean, ETB1en eta ETB2n. Asteburuetan, 25 minutuko bilduma egiten dute aste horretako edukiekin.
Ingelesa ikasteko baliagarri izan daiteke horren laburra den saio bat?
Nire ustez, bai. Hiztegi aldetik oinarrizko gauza ugari ikas daitezke. Gainera, atzerriko hizkuntzak ikasteko orduan giza adimenak ez ditu barneratzen egunean hamar kontzeptu berri baino gehiago. Beraz, komenigarria da kolpean informazio gutxi ematea. Bestalde, saioaren helburua zerbait dibertigarria eta arina egitea da; ikasten ari gareneko sentsazioa ezabatzea nolabait. Nik poliki hitz egiten dudala uste dut, ongi ahoskatuz, maila guztietako ikus-entzuleentzat ulergarria izan dadin. Gainera, nire hitzak ikono, idatzizko esaldi eta soinuekin laguntzen dira. Dirudien baino mamitsuagoa da saioa, eduki aldetik gauza asko ditu. Eta zerbait ulertu ez duenak beti du aukera saioa EITB Nahieran atarian berriro ikusteko; baita asteburuetako bilduma bereziarekin edukiak berriro lantzeko ere.
Zure hitzak azpidatziekin laguntzen dira batzuetan, baina horiek ingelesez idazten dira. Zergatik ez itzuli esaldiak euskarara?
Saioa osorik ingelesez dago egituratuta arrazoi batengatik: ikus-entzuleek ingelesez pentsatzeko. Nahiz eta ingeles maila txikia izan, gehiena uler daiteke logika erabiliz, hitzak ikono eta marrazkiekin laguntzen direlako.
Batzuetan, kalean herritarrei galderak egiten dizkiezu ingelesez. Nolako maila dago Euskal Herrian?
Erantzuten zaila da hori. Denetarik dago, baina, oro har, maila ona da, batez ere, gazteen artean; horietako askok eskolan euskara, gaztelera eta ingelesa ikasten dutelako. Gainera, Euskal Herriko gizartea elebiduna izateak asko laguntzen du horretan. Zenbat eta hizkuntza gehiago jakitea are lagungarriagoa da hizkuntza berriak ikasteko orduan. Katalunian ere maila hobea dute Espainiarekin alderatuz, elebidunak direlako, besteak beste.
Euskal Herriko txoko ezagunek ere badute tartea saioan. Zergatik?
Ideia nagusia saioa bisualki erakargarriagoa eta interesgarriagoa egitea da. Baita turismo elementu bat sartzea ere, hots, euskal herritarrak txoko horietara hurbiltzea.
Zer dela-eta ibiltzen zara bizikletaz?
Elementu horrek erritmo interesgarri bat ematen dio saioari. Bularrean kamera bat ematen dut, aurrealdea grabatzen duena. Bizikletarekin azkar edo mantsoago joanez gero, saioaren erritmoari bizitasuna ematen zaio, estatikoegia izatea ekidin. Oinez ezinezkoa da hori lortzea. Bestalde, bizikletak saskian kamera bat sartzea ahalbidetzen du, eta hori bi funtziotarako da baliagarria: alde batetik, uneoro nire burua grabatzeko, eta, bestetik, gonbidatuekin hitz egiten dudanean, eurak grabatzeko. Bizikletarik gabe ezingo nuke halakorik egin; tripode bat eta abar beharko nituzke. Begi bistan denez, kamera gisa ere lan egiten dut saioan. Zinema zuzendari eta gidoilari ikasketak egin nituen, eta lan hori beti izan dut oso gogoko. Ezagutza tekniko ugari barneratzeko aukera aparta da saioa.
Zerk animatu zaitu baietz esatera?
Hasieratik oso interesgarri egin zitzaidan. Halako saiorik ez da egin eduki aldetik. Gainera, teknikoki ere berritzailea da saioa. Esan bezala, kamera gisa aritzeak ezagutzak zabaltzeko eta praktikara eramateko aukera ematen dit. Bestalde, lantaldea ezin hobea da, adeitsua eta profesionala, eta giro on horrek konfiantza ematen dizu.
Telebistan halako saio hezigarriek tarte handiagoa behar lukete?
Bai, bai, dudarik gabe; egun, ergelkeria gehiegi dago telebistan. Eskulanetan, hizkuntzetan, arotz lanetan, musika tresnetan eta abarretan trebatzeko balio duten saio gehiago behar dira; zer edo zer irakasten dutenak. Pertsonalki asko gustatuko litzaidake euskara hasieratik ikasteko saio bat emango balute, In English, please saioaren antzekoa. Beti ikasi nahi izan dut euskaraz, baina ez dut horretarako behar adina denborarik izan.