Amaia Portugal / 2012-09-27 / 872 hitz
Giza garunaren atlasa osatu du Allen Institutuak, eta horri buruzko lehen analisi zehatza argitaratu du, ‘Nature’ aldizkarian. Egitura molekularra antzekoa da burmuin guztietan, eta hemisferioen artean ere ez da alderik nabari.
Allen Institutuaren (Seattle, AEB) giza garunaren atlasak 5.000 bisitari baino gehiago ditu hilero. Burmuinari buruz inoiz osatu den mapa genetiko zehatzena da, eta sarean dago, edonorentzat eskuragarri. Neurozientzialariek erabiltzen dute nagusiki; oso baliagarria zaie, adibidez, parkinsona, eskizofrenia eta gisa horretako gaitzak ikertzeko.
Iturri emankor horretan oinarritutako lehen analisi zehatza egin du orain erakunde horrek berak, eta hari eskaini diote joan den asteko Nature aldizkariaren azala. Besteak beste, Edinburgoko Unibertsitatearekin elkarlanean prestatu dute artikulua.
Datu horien arabera, gene guztien artean %84 daude aktiboki ordezkatuta giza garunean, eta proportzio zein ordena bertsuan ageri dira burmuin guztietan. Javier Ruiz Donostiako Unibertsitate Ospitaleko neurologo eta Biodonostia Institutuko ikertzaileak azaldu duenez, aurrez zituzten susmoak egiaztatu dituzte horrela: «Ez da harritzekoa. Garunaren fisiologiaz gero eta gehiago dakigun heinean, oso konplexua dela berresten ari gara».
Hiru giza garunetatik ateratako informazioan oinarritzen da atlasaren datu basea. 900 unitate neuroanatomiko bereizi dituzte organo horietatik abiatuta, eta unitate bakoitzaren erresonantzia magnetikoa, histologia, gene espresioen azterketa eta beste egin dute. Horrenbestez, hemisferio bakoitzeko 400-500 eremuren profilak eta ehun milioi gene espresiotatik baino gehiagotatik ateratako neurketak izan dituzte eskura artikulua osatu ahal izateko.
Hala, egitura molekularra oso sendoa dela ondorioztatu dute, eredu berari eusten diola garun guztietan. Batean gene bat non, han egon ohi da bestean ere. Gaitz genetikoek, adibidez, geneekin baino gehiago, horien artean gertatzen diren harremanekin eta beste zenbait kanpo faktorerekin dute zerikusia. Atlasak berretsitako egitura eredu sendo hori da horren lekuko.
Kortex ingurua
Gaitz genetikoei lotuta, hain zuzen, gako interesgarriak ematen ditu Allen Institutuaren ikerketak. Jakina da zelulen arteko komunikazio lanetan (sinapsia) inplikatuta dauden geneak garuneko asaldura askorekin daudela erlazionatuta.
Atlasari esker, orain badakite sinapsi mota oso aniztunak baliatzen direla garunean, sareen egitura uste baino are konplexuagoa dela. Aurrerapausoa eman dute horiek ezagutzeko eta, ondorioz, gaitzen jatorrian gehiago sakontzeko ere. «Baliagarria izango da hau pertsonen arteko desberdintasunak ulertzeko eta jakiteko gaitz berak pertsona jakin batzuei zergatik eragiten dien desberdin», dio Javier Ruizek.
Pertsona batetik bestera ez ezik hemisferio batetik bestera ere egiturak oso antzekoak direla erakusten du atlasak. Eta jakina da garunaren funtzio batzuk (hizkuntza, kasu) alde bakar batean kontrolatzen direla; horrenbestez, ezin esan burmuinaren egitekoen banaketa ere geneei edo horien antolamenduari lotuta dagoenik. Gakoa hemisferioen arteko azaleko beste bereizgarriren bat izan daitekeela uste dute ikertzaileek, edo litekeena dela tamainari edo zirkuitu sistemaren arteko desberdintasunei erreparatu behar izatea.
Antzekotasun gehiago ere badaude. Kortexaren inguruko eremuek ezaugarri biokimiko berdintsuagoak dituzte elkarren artean; urrutiago dauden garuneko beste batzuk baino. Ruizen ustez, ikerketa honen aurkikuntza interesgarrienetakoa da hau, eremuak multzokatzen eta garunaren eboluzioaren historia ulertzen lagundu baitezake: «Gertutasunak antzekotasun handiagoak dakartza, eremuak multzokatzeko aukera ematen du, eta hori lagungarria da giza eboluzioari eta eskala filogenetikoari buruz —beste espezieekiko gertutasuna eta bereizketa— hipotesiak zehazteko».
Agertoki berria
Ruizek azaldu bezala, ikerketa lan honek ekarpen handia egin dio neurozientzien alorrari. «Agertoki berri bat eskaintzen digu neuroendekapenezko gaitzen fisiopatologia sakonago aztertzeko eta, hartara, estrategia terapeutiko berriei buruz hausnartzeko».
Parkinsona, alzheimerra eta esklerosi anizkoitza dira gaitz horietako batzuk. Horien kausak ezagutzeko, ikertzaile asko ari dira faktore genetikoak, espresio mekanismoak eta beste zenbait alor fisiopatologiko aztertzen; Biodonostia Institutuko bertako zientzialariak, tartean. Horrelakoetarako, adibidez, datu horiek oso erabilgarriak izan daitezke.
Gainera, giza garunaren atlasa ez ezik, saguarena ere osatu dute aurrez Allen Institutuan, eta bi espezieen arteko erkaketa genetikoa egiteko balio izan die horrek. Esaterako, botika batzuen esperimentazio fasean, efektua aldatu egiten da espezie batetik bestera, eta hori zergatik gertatzen den ulertzeko abiapuntua ere izan daiteke Nature aldizkariak argitaratu berri duen lana.
————————-
Garuna, organo nekaezina
Pentsatu behar ez duenean garunak zer egiten duen ere jakin nahi dute ikertzaileek
Zientzialariek beti jomugan izanagatik, misterio asko daude argitzeko garunaren inguruan. Esaterako, zertan aritzen da aparteko ahaleginik eskatzen ez zaionean? Egonean egoten al da, pentsatzea egokitzen zaion arte, zain? Gai horri buruz erreportaje bat argitaratu zuten joan den asteko Nature aldizkarian bertan.
Orain arteko esperimentuek gauza bat erakutsi dute garbi: garunari ahalegin zehatzen bat egiteko eskatu edo patxadan utzi, haren odol fluxua % 5-10 besterik ez da txikitzen. Badirudi pasibo dagoen garunari erreparatuta ere ikas daitekeela aktibo dagoenean nola funtzionatzen duen, berdintsu jokatzen baitu. Ikerketa batzuetan halaxe egiten dute: ahalegin berezirik egiteko eskatu gabe, organoaren zati batzuen eta besteen arteko interakzioari buruz ondorioak ateratzen, esaterako. Beste kontu bat da, ordea, hori zer dela-eta egin daitekeen.
Litekeena da besterik gabe korrontea dagoelako, bizirik dagoelako eustea garunak odol fluxuari, baina ikertzaileek badute bestelako arrazoien bila aritzeko motiborik. Alzheimerra duten gaixoen garunak pasibo daudela aztertzen direnean, adibidez, odol fluxuan desberdintasunak ageri dira fase goiztiarretatik bertatik, eta fluxu horrek gorabeherak ditu, gainera, gaitzak aurrera egin ahala. Bestalde, autismoa duten haurren garunak hiperkonektatuta daude egonean daudenean ere; hau da, gainontzeko haurren garunek baino lotura gehiago dituzte aktibatuta.
Bide luzea dago urratzeko gai horren inguruan. Emaitzen faltan, ikertzaileek askotariko hipotesiak dituzte esku artean. Litekeena da garuna etengabe aurre-lanak egiten aritzea; denbora aurrezten, benetan pentsatzea egokitzen zaionean hutsetik abiatu behar ez izateko. Ez baita gauza bera itzalita dagoen ordenagailu bat piztea edo saioa berrabiaraztea. Beste batzuek uste dute informazioa antolatzen aritzen dela atseden tarte horietan. Azterketa garaian ikasle batek ohera joan aurretik gai bat hala moduz ikasi eta biharamunean dezente argiago oroitzen duenean bezala. Arrazoiak arrazoi, garuna beti dago martxan.