Idurre Eskisabel / 2012-10-15 / 160 hitz
Emarock, Zuloak… Auskalo zein izar lerrokatu diren kosmosean, baina andrazkoen eta rockaren arteko harremanak indartsu egin du jauzi oholtzara, eta, hara, hizketagai dugu kultur plazetan: gutxitxo ote diren emakume rockeroak, oso mundu maskulinoa (izan) ote den, jendarteko beste hainbat arlotan bezala honetan ere estalita daudela andrazkoak, ikusgarritasuna lortzea dela gakoa, ahanzturak, bazterrekotzeak, beldurrak, gutxiespenak, eredurik eza… Korapilo askoko mataza luzea.
Eta korapilo guztien ama: amatasuna. Oso zaila dela amatasuna eta musikaren mundua uztartzea, badakizue, desorduak, etxetik kanporako ibilera sarriak… Gau osoko txandetan lan egiten duen erizain, mediku edo kateko langile emakumezkorik ez balego bezala, edo supermerkatuetako eguneroko lanaldi amaiezinak lantzean-lantzeango kontzertu sortak baino eraman errazagoak balira lez. Ezkutatu egiten baitugu benetan pentsatzen duguna, desorduak baino gehiago beste kontu batzuk direla amatasunarekin uztartu ezin direnak: desordena, gaua, grinak; rockak (printzipioz) berarekin dituenak. Asko aldatu baikara arlo askotan, baina amak, ama egoki izatekotan, gure ama, amona eta birramonak bezala, ordenatua eta besteari emana izan behar baitu oraindik, grina propiorik gabea. Ama birjina.